“Nik argi dut: langile klasea zatitzeko erabiltzen da arrazakeria”

“Nik argi dut: langile klasea zatitzeko erabiltzen da arrazakeria”

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Matxinadak gorrotoaren aurka izeneko jardunaldiak antolatu ditu egunotarako Bizkaiko SOS Arrazakeria elkarteak. Ijitoen eta musulmanen komunitateek egunero jasaten dituzten diskriminazio egoerak salatzea da topaketen helburua. Arrazakeria areagotzen ari dela uste du Omar Boudaaoui Bizkaiko SOS Arrazakeria elkarteko kideak (Tetuan, Maroko, 1962), eta argi dio botere politikoek herritarrak kontrolatzeko eta menpean hartzeko erabiltzen dutela arrazismoa. “Esnatu egin behar dugu”.

Ijitoen eta musulmanen komunitateak ardatz hartuko dituzue jardunaldietan. Zergatik?

Arrazakeriaren bi aurpegi landu nahi izan ditugu, iruditzen zaigulako bi-biak arrazismo tradizionalak direla, aspaldikoak, baina, era berean, gaurkotasuna dutela. Are gehiago esango nuke: azkenaldian goraldi nabarmena izan dute. Islamofobiarena da, akaso, kasurik argiena, nazioartean bala-bala hedatu baita.

Herritarrak hausnarketara gonbidatu nahi dituzuela diozue.

Jardunaldien helburua herritarrak sentsibilizatzea da. Herritarrek hausnar dezaten besterik ez dugu nahi: informatzea eta arrazakeriaren nondik norakoak ulertzea. Izan ere, arrazismoaren oinarrian ezjakintasuna besterik ez dago. Jendeak ez daki ezer islamari buruz. Ez du erlijioa ezagutzen, ezta historia ere. Ezjakintasun horretatik abiatuta, adar zehatz batekin eta talde konkretu batekin lotzen da islama: wahabismoarekin, kasurako.

Erabilpen politikoa izan duela uste duzu?

Argi eduki behar da islamaren adar hori tresna politiko gisa erabili dela. Zertarako? Mundu arabiarra gobernatzeko. Bide hori AEBek eta Mendebaldeko herrialdeek ere bultzatu dute, arabiar lurraldeetako ezkerra kontrolatzeko helburu argiarekin.

Hedabideek indar handia dute islamari buruzko iritzi publiko zehatz hori sortzeko prozesuan…

Bai, hala da. Mitoak, topikoak, sentsazionalismoa… izugarria da hedabideetatik zabaltzen dena. Argi izan behar dugu, kasu gehienetan, komunikabideak ez direla independenteak eta estrategia politiko konkretu baten parte direla. Norabide horretan, Mendebaldeak zabaltzen duen arabiar lurraldeen irudi bortitz hori elikatu egiten dute, eta sarri askotan baita piztu ere.

Zein eragin izan du epe laburrean?

Islamismoa eta, oro har, arrazakeria bestea mendean hartzeko era bat da: alegia, etengabe susmopean eta kontrolpean izateko modua. Hari horri tiraka, islama edo terrorismoa aitzakia perfektua izan dira Mendebaldean herritarren askatasunak zein eskubideak errotik mozteko eta, era berean, musulmanei erasotzeko. Labur esanda: islamofobiaren izenean, interes ekonomiko, politiko edo estrategikoei erantzuten zaie. Lurrei eraso egin eta okupatzen dituzte islamaren izenean, islamak horrekin zerikusirik eduki ez arren.

Prozesu bera izan da ijitoen komunitateekin ere?

Ijitoekin ere gauza bera gertatzen da. Mendeak daramate Europan bizitzen: 800 urte baino gehiago. Nolanahi ere, gizartea ez da gai izan era osasuntsu eta baikorrean elkarrekin bizitzeko, beraien kultura errespetatzeko edo bizitza ikusteko duten era ulertzeko. Oro har, gizartea ez da gai izan beraiekin egoteko. Kontrolerako erabili da diskriminaziozko diskurtsoa, topikoz beteta dagoena eta etengabe kriminalizazioarekin eta delinkuentziarekin lotzen dena. Hori guztia aztertzea oso garrantzitsua da: beharrezkoa da jendea esnatzea. Herritarrek telebistan ikusten dituztenekin izaten dute gertaeren edo errealitatearen berri; eta, asko jota, irratian entzuten dutenarekin. Esan gabe doa mezua oso eraginkorra dela. Nik argi dut: langile klasea zatitzeko erabiltzen da arrazakeria. Klaseen arteko gatazka gisa agertu ordez, errealitatea distortsionatu eta langile klasearen arteko gatazka gisa irudikatzen dute: “ni baino gutxiago zara” edo “zuk baino eskubide gehiago ditut” gisako esaldiak dira egoeraren erakusle.

Ez dago arrazista dela aitortzen duen herritarrik, ordea.

Bai, hala da. Eragiten jarraitu behar da horregatik. Kontzientzia harraraztea beharrezkoa da, eta ez dago beste biderik: sentsibilizatu, sentsibilizatu eta sentsibilizatu. Hedabideen auziari ere heldu behar zaio, nola presio egin pentsatu behar dugu. Oso tresna indartsua dira, eta botere handia dute.

Heziketak zein eragin du?

Ikastetxeak estatuak dominatzen ditu, eta estatuak arrazakeria mota bat zabaltzen baldin badu, intentsitate txikikoa bada ere, ez da inoiz ezer aldatuko. Horregatik da funtsezkoa gazteekin lan egitea eta hezkuntza programak sortzea. Gu arrazismo instituzionalaren aurka ari gara borrokan: gobernuek eta estatuek legeak alda ditzaten presio egiten dugu; beraiek ere erantzukizuna dute.

Aipatu duzu areagotzen ari dela arrazakeria. Bizkaian ere sumatzen da gorakada?

Euskal Herrian, beste lurralde batzuekin konparatuta, fenomenoa ez da horren azkar hazi. Edonola ere, azken urtean asaldagarriak diren hainbat ekintza ikusi ditugu: Bilboko Udalak etxea erre zitzaien Zorrotzako auzokideei berriz ostatu emateko abiatutako prozesua da erakusle garbiena.

SOS Arrazakeriak auzokideen jarrera salatu du.

Zorrotzako etxe batean maiatzean piztutako sutearen ondorioz, bost kide hil ziren: bi haur, bi guraso gazte eta aitona. Tragedia bat izan da. Gertatu zenean haserre eta hunkituta azaldu ziren alderdi politikoak, udal gobernua eta auzo elkarteak… denek salatu zuten familia horien egoera prekarioa. Baina udalak ostatu emateko erabakia hartu duenean, horren aurka egiteko kalera atera dira Zorrotzako bizilagunak. Ez dituzte ijitoak beraien auzoetan nahi gaizkileak eta gatazkatsuak direla pentsatzen dugulako. Joan den igandean izan nintzen Zorrotzan, eta triste itzuli nintzen ikusi nuenean auzokideek manifestazioa egingo dutela elkarbizitza “egoki” baten alde.

Nola dago egoera?

Esaten dute ez dutela jende gatazkatsurik nahi auzoan. Bada, nik galdetuko nieke: ez al dago zuria den pertsona gatazkatsurik? Zer garrantzi du ijitoak ala zuriak diren?, edo, hobe esanda, zergatik ez gara kalera ateratzen protesta egiteko familia zuri bat gatazkatsua denean? Halakorik ez da sekula gertatzen. Harrigarria da. Hori bai, gero denok diogu ez garela arrazistak. Nola defenda daiteke, orduan, herritar horiek guztiak era baikor batean integratu behar direla, beraien aurkako protesta antolatzen baduzu? Nola egin beraien alde eta, era berean, beraien aurka kalera atera? Bikote baten aurka oihuka ere aritu dira, pentsa! Eta gero esaten dute bizikidetza nahi dutela. Baina, oinarrian, ez dugu immigraziorik nahi, aparte nahi ditugu, urrun. Eskulan merke gisa ikusten ditugu, kulturarik eta erlijiorik gabeko jende gisa. Besteak dira, ezezagunak eta arriskutsuak. Eta, jakin izan dugunez, auzokideek ez dakizkite ijito gatazkatsu horien izenak ere.

Delinkuentziarekin lotzen da immigrazioa.

Ijitoei buruzko eta, oro har, immigrazioari buruzko berri faltsu asko dago, eta herritarrek delinkuentziarekin lotzen dituzte gehienetan. Oso sinplea da: imajinatu zerbitzu publikoak erabiltzeko eskubiderik ez duen herritar bat, kalitatezko heziketa jaso ez duena eta, gainera, pobrea dena. Zer espero dugu? Gizalegez aritzea denean? Egoera marjinalean dauden zurien auzoetan ere gertatzen dira halakoak, baina krimenen egileak beti dira besteak. XXI. mendean gaude, eta oraindik ere uste dugu odolean daramaten zerbait dela krimena, eta ez dela gizarte arazoa.

Alemania eta Austriako Kristal Hautsien Gaua gogorarazteko ekitaldia egingo duzue gaur.

Oroimenera ekarri nahi genuen. Faxismoak ere gora egin duela nabari dugu, gainera.

Kataluniako auziaren testuinguruak hauspotu egin du faxismoa?

Aitzakia perfektua izan dute kalera ateratzeko eta ikusgarriago egiteko. Argi dago, Espainiako Gobernuak hala jokatzen du: isiltzen ez bazara, a por ellos-ka dabiltzan horiek bidaliko dizkizut. Sistema krisian dagoenean faxismora jotzen du beti, edo gerturatzeko mehatxua egiten du, gutxienez.