“Langile guztiek lan baldintza berak izatea nahi dugu”

“Langile guztiek lan baldintza berak izatea nahi dugu”

Asier Arrate Iruskieta

Bost urte daramatzate arloko hitzarmenik gabe Bizkaiko bulegoetako langileek. 2010ekoa da sinatu zuten azkena, eta 2012an agortu zen lan erreformak ezartzen duen bi urteko negoziazio epea bukatu ostean. Urtarrilean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lau sindikatu nagusiek eta patronalak sektore arteko akordioa adostu ostean, aukera ikusi zuten arloko hitzarmen berri bat negoziatzen hasteko. Zortzi hilabete pasatu dira ordutik, eta blokeo egoera apurtzeko mobilizazioak iragarri dituzte.

Zein da gatazka honen jatorria?

Bulegoetako langileen hitzarmena 2010ean sinatu zen azken aldiz. Izan ziren beste negoziazio saio batzuk 2012tik 2013ra bitartean hitzarmen berri bat lortzeko, baina porrot egin zuten. Lan erreformaren aurretik hitzarmen bat ez bazen sinatzen aurrekoarekin segitzen zen, baina, orain, akordiorik ez badago, hitzarmena agortutzat eman eta beste mahai batekoa hartzen da; gure kasuan, estatuko bulegoko langileena. Ondorioz, sektorea banatuta geratu da. Enpresen gehiengoak langile zaharrenentzat 2010eko hitzarmena mantentzea erabaki zuen, eta langile berriei estatuko hitzarmena ezartzea.

Legezkoa da enpresa berean bi hitzarmen egotea?

Ez dago argi, baina uste dut legearen barruan dagoela. Lan erreformak gauza berri asko ekarri ditu, eta ez dago argi zer den legezkoa eta zer ez. Ezjakintasuna handia da, bai langileen zein enpresen aldetik.

2012an agortu bazen hitzarmena, zergatik hasi zarete aurten negoziatzen?

Lan munduan egoera argitzen zebilela ikusi genuelako. Aldaketa horren jatorria Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lau sindikatuek eta patronalak sinatutako akordioa izan zen. Hori ikusita, arloko langileak eta sindikatuak batzartzea erabaki genuen.

Zein da bulegoetako langileen egoera egun?

Egonkorra da egoera enpresetan. Horrek dakar lanpostu berriak sortzea eta kontratazio berriak egitea. Arazoa da bi hitzarmen izatearen ondorioz, langile berrien lan baldintzak eta antzinatasun gehiago duten langileenak oso desberdinak direla.

Zer dakar enpresa edo sektore bereko langileek hitzarmen desberdinak izateak?

Klima txarra sortu du enpresen baitan. Langile berriek baldintza txarragoak dituzte, baina baldintza hobeak dituzten langileen lanpostuak kolokan daude, enpresentzat garestiagoak direlako. Bestalde, hitzarmen desberdinak egoteak ekarri du enpresa batzuek aukera gehiago izatea ere. Erakunde publikoen adjudikazioetan ikusi da hori. Adjudikazio eskaintzak egitean, estatuko hitzarmena duten langileez osatutako enpresek aurrekontu txikiagoak eskaintzen dituzte, eta ez diete aukerarik ematen gainontzeko enpresei. Hori dela eta, langile zein patronal, konturatu gara hitzarmen berri bat behar dugula.

Zer eskatzen duzue langileek?

Mahaian gehiengoa dugu ELA eta LAB sindikatuek, eta eskatzen dugu herrialdeko langile guztiok lan baldintza berak izatea. Horretarako, ez dugu ezer berririk eskatzen; soilik, hitzarmen berrian aurrekoan zeuden zutoinak mantentzea. Horien artean, antzinatasuna eta gutxiengo soldatak igotzeko bermea. Zutabe horiei eustearekin batera, urte hauetako KPIaren araberako soldaten igoera ere eskatzen dugu. Maila txikiko hobekuntza gehiago sartu ahal baditugu ondo, baina horrekin konformatzen gara. CCOOk eta UGTk hasieran ez zuten proposamenik ekarri mahaira. Gerora, oso antzekoa zen bat aurkeztu zuten, soilik KPIaren araberako igoerak ziren desberdinak. Mahai osoaren batasuna lortzeko asmoz, ELAk eta LABek proposamen horrekin bat egin dugu. Orain, patronalari aurkeztutako proposamenak mahai guztiaren babesa du.

CEBEK Patronalaren blokeo jarrera salatu duzue.

Maiatzean egin zuen bere proposamena CEBEKek, eta hortik ez da mugitu. Patronalaren proposamenak aurreikusten du eskatzen ditugun zutabeak —hau da, antzinatasuna eta gutxiengo bermea— aldatzea edo kentzea. Antzinatasunaren ordez, esaterako, enpresen etekinak kontuan hartzen dituen kontzeptu bat jarri nahi dute. Gu horrelako kontzeptuez ezin gara fidatu. Ezagunak diren eta kontrolatu ahal ditugun aldagaiak behar ditugu.

Hitzarmenak arlo ezberdinetako langile asko biltzeak zailtzen du negoziazioa?

Langileen aldetik ez, baina patronalak bai erabiltzen du aitzakia gisa. Euren jarrera justifikatzeko nabarmentzen dute sektore ezberdinetako langileak garela, eta sektore bakoitzak bere ezaugarri eta beharrak dituela. Ez dakit zenbat aldiz sinatu den bulegoko langileen hitzarmena, baina, langileen aldetik ez da inoiz arazorik egon.

Mobilizazioak iragarri dituzue. Zer egiteko asmoa duzue?

Aurreko asteko manifestazioa oso positiboa izan zen. Urte asko mobilizatu gabe egon ostean, 1.500 pertsona batu ginen Bilboko kaleetan bulegoetako langileok bizi dugun egoera salatzeko. Manifestazioak indarra eman digu mobilizazioekin jarraitzeko, eta patronalari mezu argia bidali dio: berton hitzartuko den lurraldeko hitzarmen bat nahi dugu. Oraindik zehazteko dago mobilizazioen egutegia, baina jarraituko dugu hitzarmena lortu arte.