Isilarazitakoen bozgorailu

Isilarazitakoen bozgorailu

Natalia Salazar Orbe

Musika eta denetariko arte diziplinak herri baten tradizioaren parte dira. Zeregin garrantzitsua dute, eta ohitura eta emozioetan eragina ere izan dezakete. Denetariko mezuak zabal ditzakete: maitasuna, gorrotoa, beldurra, iraultza zein mezu sozial eta politikoak. Botereak badaki ahalmen hori badela, eta kontrolpean nahi du arte adierazpen oro, zentsuraren aurkako lanean dabiltzanen hitzetan. Haien ustez, estatuek eta presio taldeek zentsura erabiltzen dute eskubide gisa aitortuta dagoen adierazpen askatasuna geldiarazteko. Asko dira lanak eta adierazpen moduak zentsuratu dizkieten artistak. Hain zuzen, ideia horretatik abiatuta sortu zuen Producciones Serranok Zentsura At jaialdia. Astelehenetik larunbatera zentsura pairatu duten artisten edo zentsuraren aurka borrokatzen diren erakunde zein norbanakoei hitza eta agertokia emango die.

Helburu argia du aurten XII. aldia beteko duen jaialdiak. Hala azaldu du bertako behargin Josune Albonigak: “Artistei babesa ematea. Edonon edo edozergatik zentsuratuak izan diren artistei laguntzea. Ikusten ez diren artistak ikusaraztea da xedea”.

Erakusketak, antzezlanak, kontzertuak eta mahai inguruak eskainiko dituzte Bilboko hainbat areto eta gunetan. Santi Otxoaren erakusketarekin abiatuko dute jaialdia: Kamiseten gerra. Jantzietan jar daitezkeen leloen zentsuraren aurkako ekinbidea da. “Harrigarria da nola gaur egun isun bat jaso dezakezun kamisetan daramazun leloaren arabera. Mozal legearen ondorioz, ezin dezakegu edozer eraman gure jantzietan”.

Zentsura horiek, bereziki, estatuaren segurtasun indarren aurkakotzat jotzen diren kasuetan zigortzen direla azaldu du Albonigak. Titeres Desde Abajo konpainiari egindako gonbita ere bide horretatik doa. “Non geratzen da adierazpen askatasuna era horretako kasuetan? Bi artista kartzelatu zituzten antzezlan bat egiteagatik soilik”. La bruja y Don Cristobal zentsuratu zieten, eta lan horixe ikusteko aukera emango du jaialdiak.

Kontzertuei dagokienez, zentsuraren eta boterearen indarkeriaren aurkako aldarriak zentzu desberdina hartuko du agertokira igoko den musika taldearen arabera. Mendebaldean blues gisa ezagutzen den musika mota mendeetan esklabo ontzien sotoetan garraiatu zen Amerikako lurretaraino. Maliko (Afrika) Vieux Farka Toure gitarrista eta kantariak gerra oihu hura taularatuko du BBK aretoan.

Bestalde, gai korapilatsuei modu eder eta ausartean heltzen dieten abestiak aurkeztuko ditu Moddi Norvegiako artistak. Unsongs bilduman dozena bat lan jaso ditu. Hamabi abesti horiek isilarazteko asmoz debekatu dituzten edo bertan behera utzi behar izan dituzten artistenak dira. Pussy Rioten Punk prayer eta Kate Bushen Army Dreamers abestien bertsioak eskainiko ditu, besteak beste.

Bertako artista batek emango die bukaera kontzertu saioei. Enrique Villarreal El Drogas nafarrak Barricada taldearen La Tierra está sorda diskoarekin osatutako proiektuari helduko dio. 1936ko gerrako zenbait gertakariri buruzko informazioa aztertu eta bilduta, hamazazpi abesti sortu zituen. Disko hura liburu batekin batera argitaratu zuten, memoria historikoa lantzeko. Orain, abesti haiek berreskuratu ditu El Drogas-ek, moldatu egin ditu, eta, bere taldearekin batera, formatu berritzailean eskainiko ditu: gaiarekin lotutako irudiek lagunduko dituzte abestiak. Alzheimer diskoko abesti batzuk ere sartu ditu, memoria eta memoriarik eza uztartuz. Gaixotasun mental hori abiapuntu duten abestiek gaixoen eta haien zaintzaileen ikuspegia azaleratzen dute. Musika eta arte eszenikoa uztartuko ditu bere ikuskizunean.

Musika arloko zentsura zuzen-zuzenean jasan izan dute Producciones Serranokoek ere. “Euskal taldeekin egiten dugu lan. Euskal Herritik kanpo joan garen bakoitzean, edo ahalegindu garenean joaten, mota guztietako zentsurak pairatu ditugu: politikoa, artistikoa… Kasu batzuk auzitegietara ere iritsi dira, eta gure musikarien hainbat eta hainbat kontzertu bertan behera geratu dira. Arrazoia oso sinplea da: euskaldunak izatea eta euskaraz abestea”.

Musikak eta arte adierazpen orok duen garrantzia azpimarratu du Producciones Serranoko langileak. “Konturatu gara zer-nolako indarra duen musikak jendearengan. Herrialde bateko edo besteko izateak eta norbere kulturak eragina dute. Musikari batzuek eta besteek har dezaketen ospearen beldur da boterea”.

Musikaz harago, edozein arlotan gero eta muga gehiago eta zentsura handiagoa ezartzen ari direla sinetsita, eskubide murrizketa horien aurka jardun beharraz konbentzituta daude jaialdiaren antolatzaileak. Jaialdira joateko orduan, ordea, zentsura hitzak berak ikus-entzule askori ekitaldietara ez gerturatzeko traba sorrarazten diela nabari dute. Irudimenak sorrarazten dien oztopo horri aurre egin beharraz mintzatu da, eta errealitate gordina marraztu du: “Eskubideen murrizketa gero eta handiagoa da. Estatuko gobernuaren lege berriak ikustea besterik ez dago. Sinestezina da gaur egun era horretako gauzak ikustea. Fikzioak errealitatea gainditu du”.

Zentsura ardatz duten hainbat jarduera izango dira datozen egunetan.

Erakusketa

Azaroak 6. Kamiseten gerra. Santi Otxoaren eskutik. Poliziaren kontrako kamiseten 90 argazki. Azaroaren 17ra arte. 42 Cortes lokalean. 16:00etatik 20:00etara bisita daiteke.

Eztabaida mahaia

Azaroak 6. Adierazpen askatasuna vs zentsura, prentsan. Roberta Baskin ikerketa kazetaria, Catalina Botero abokatu kolonbiarra eta Hamza Yalcin kazetari eta idazle kurdu-suediarra. Felix Linaresek moderatuko du. 20:00etan, BBK aretoan.

Azaroak 7. Deep web edo zelan egin aurre zentsurari.

Kontzertuak

Azaroak 8. Maliko Vieux Farka Toureren kontzertua. 20:00etan, BBK aretoan.

Azaroak 9. Moddi (Norvegia) taldearen kontzertua, 20:00etan, BBK aretoan.

Azaroak 10. El Drogas y la (des)memoria Band, 20:00etan, BBK aretoan.

Antzezlana

Azaroak 11. La bruja y Don Cristobal antzezlana, Titeres Desde Abajo konpainiaren eskutik. Garabia aretoan, 20:00etan.