“Europako ezkerrari mezu argia bidaltzeko erabili gaituzte”

“Europako ezkerrari mezu argia bidaltzeko erabili gaituzte”

Aitziber Laskibar Lizarribar

G20koen goi bileraren aurka uztailean Hanburgon (Alemania) izan ziren protestetan, Europa osoko 200 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten. Tartean, David Rincon bizkaitarra (Bilbo, 1985). Aurreko asteko astelehenean askatu zuten, epaitu ondoren.

Hanburgon espetxeratua izan zaituzte bi hilabetez. Zergatik?

G20koen aurkako lehen protestaren harira atxilotu ninduten Hanburgon. Manifestazioa legeztatuta zegoen, baina, hastear zenean, Poliziak etetea erabaki zuen. Istiluak egoteko arriskua zegoela diote. Istiluak beraiek eragin zituzten, une horretan bertan. Ni gaueko hamaiketan atxilotu ninduten, pizzeria batean afaltzen ari nintzela, eta ordutik preso egon naiz, bi hilabete eta erdi. Polizia bati botila bat bota izana leporatzen didate.

Atxilotu zintuzten, kartzelan sartu zintuzten, aurreko astean epaitu zintuzten, eta, askatu zaituzte, baina zigorrarekin.

Atxilotu ondoren, abokatuekin hitz egin ahal izan genuenean, esan ziguten hamabost egun igarotzerako kalean egongo ginela. Baina kolpea etorri zen jarraian: ihes egiteko arrisku handia zegoela esan zuten, eta espetxean geratu behar genuela epaiketa izan arte. Gainera, prozesua luzea izan zitekeela esan ziguten paperean. Hori izan zen lehenengo kolpea, abokatuek ez zutelako espero.

Zure aurkako akusazioen berri ere ez zenuela salatu zenuen hasieran.

Atxilotu ninduten. Ni eta beste batzuk. Eta portura eraman gintuzten. Obretako kontenedoreekin komisaria berezi bat egin zuten portuan, protestetan atxilotutakoak han sartzeko. Mila bat atxilotu espero zituzten, eta berrehundik gora atxilotu gintuzten azkenean. Han pasatu ninduten epaitegi modura prestatutako modulu probisionaletik.

Barrakoi moduko horretan?

Bai. Han epaile boluntario batzuk zeuden. Epaile boluntarioak, oso kondena gogorrak jartzearen aldekoak direnak. Eraman ninduten hara, abokatu barik. Nik, logikoki, adierazi nuen abokatu barik ez nuela ezer esango eta hori legez kanpokoa zela, baina epaileak erantzun zuen ez zela legez kanpokoa eta hortik zuzenean kartzelara nindoala. Beste leku berezi batera eraman gintuzten: adin txikikoentzako kartzela izandako leku batera, itxita dagoena. Gu sartzeko zabaldu zuten, kartzeletan ez zegoelako lekurik. Bost egunez egon ginen han. Eguneko 23 ordu ziega barruan ematen genituen, ezin genuen telefono deirik egin… Bost egunetan izan gintuzten han, abokatuarekin hitz egin barik, familiak ezer ez zekiela… Bazekiten atxilotu nindutela, lagun batekin nengoelako atxilotu nindutenean. Baina besterik ez. Ez genekien oso ondo zein zen nire legezko egoera. Bost egunetara bidali ninduten gerora egon naizen kartzelara. Abokatuarekin egon nintzen; esan zidan hamabost egun barru bista bat izango nuela eta etxera joan ahalko nintzela. Baina ez zen hala izan.

Epaiketa izan duzu, eta askatu zaituzte, baina zigorrarekin. Nola joan da epaiketa?

Eskaera fiskala egunean bertan jakin genuen. Urte eta erdiko zigorra eskatu zuen fiskalak, eta hori jarri didate: urte eta erdiko espetxea, baina hiru urteko baldintzapeko askatasuna bihurtzeko aukerarekin.

Nola deskribatuko zenuke espetxeko egonaldia?

Izan du bere alde polita ere. Kartzelan inor ez dago ondo, baina datozen egoeretara moldatu egin behar da. Europako herri askotako hamar gazte egon gara modulu berean, eta hori aberasgarria izan da. Polita da hitz egitea jende oso desberdinarekin, haien ikuspegiak entzutea, Errusiako anarkista batekin iritziak trukatzea… Hori polita izan da, militantzia politikorako aberasgarria.

Alemanian, Europako hainbat herritako gazteak egon zarete elkarrekin. Nola ulertzen zenuten elkar?

Bazegoen poloniar bat, errusiar bat, holandar bat, suitzar bat, lau italiar… Gure artean ingelesez hitz egiten genuen, beraz oso ondo, zeren alemaniera oso hizkuntza zaila da. Funtzionario batzuek ingelesez hitz egiten ziguten, eta beste batzuek esaten zuten Alemanian geundela eta alemanieraz hitz egin behar genuela. Harritu nau ikusteak zein arrazistak diren horiek. Nazi hutsak dira.

Zertan nabaritu duzu hori?

Hasieratik. Batzuetan barre egiten nuen, zeren… Adibidez, behin oinutsik nengoen, eta alde batetik bestera joateko zapatilak jarri nituen. Funtzionario batek esan zidan ingelesez: “Hau Alemania da, lurra garbi dago; hau ez da Espainia”. Min eman nahi zidan, baina nik barre egin nuen; ni ez naiz espainiarra… Berak ez zuen ulertzen nola egin nezakeen barre hori esan zidanean. Funtzionario askok zeuzkaten nazien ikurrak tatuatuta. Eta ez da zuria eta beltza bereizten dituen arrazakeria. Nik ikusi dudana da uste dutela Europaren zilborra direla eta Alemaniatik hegoaldera dagoen guztia zaborra dela eurentzat.

Pentsatzen zenuen kapitulu hau bizitzea tokatu ahal zitzaizula?

Militantzia politikoagatik kartzelan amaitzea gerta daitekeen zerbait da. Agian ez duzu espero Alemaniara manifestazio batera joan eta han kartzelan amaitzea. Espero dezakezu errepresio fisikoa —hango poliziak basatiak dira, hemen bezala—, baina ez duzu espero kartzelan sartzea epaiketaren zain, urte eta erdiko kondena… Hori ez nuen espero. Baina halako gauzak gerta daitezke.

Zein ondorio atera duzu honetatik?

Alde batetik, esperientzia ona izan dela halako jendearekin egotea, zeren asko ikasi dut. Euskal Herrian, agian, baditugu estruktura batzuk oso asimilatuak independentzia eta sozialismo proiektuaren inguruan… Eta hitz egiten duzu Europako anarkistekin eta gauza batzuetan konbentzitzen zaituzte.

Adibidez?

Gure proiektua oso burgesa dela diote, adibidez. Eta estatua nahi izatea ez dute ulertzen. Zergatik estatu bat Europa honetan? Europako komunitatea, estatuena, suntsitu egin behar dela diote. Eta uste dut Euskal Herriaren proiektuak bide horretatik joan behar lukeela; ez hainbeste estatu izatera. Ez dugu izan nahi Europako beste estatu bat, edo ez genuke nahi izan behar. Alde horretatik, zer pentsatua eman didate.

Bestetik, gu mezu bat bidaltzeko erabili gaituztela ikusi dut, baina mezua ez da izan guretzat bakarrik. Europa osoko ezkerrari mezu argi bat bidaltzeko erabili gaituzte. Lehen, 24 ordura kalean zeunden; jipoituta edo ez, baina kalean. Goi bilera hori baino bi aste lehenago onartu zuten artikulu berri bat, guri ezarri digutena. Berezia da, poliziari aurre egiteari buruzkoa, eta sei hilabetetik hamar urtera arteko kartzela zigorrak aurreikusten dituena. Gure aurka neurri bereziak hartu dituzte, mezua bidali nahi diotelako Europa osoko ezker mugimenduari: hemen, mugitzen denak zigorra izango du. Are gehiago: gu atxilotu eta hurrengo astean Berlinek eskatu zien Europa osoko estatuei ezker erradikalei buruzko informazio guztia. Espainiak txosten lodi bat bidali zuen niri buruz. Dagoeneko hasiak dira yihadistei buruzko fitxategien modukoak egiten Europa mailan, baina ezkerreko jendearekin. Fitxategia osatzen ari dira.