“Garapenari eta berrikuntzari ematen diogu garrantzia guk”

Leartiker zentro teknologikoak urteak daramatza elikagaiekin lan egiten duten enpresei aholkularitza eskaintzen. Azkenaldian, gaztagileekin ari dira lanean, haien jarduna hobetzeko asmotan.

Mikel Santiso

Markina-Xemeingo Leartiker teknologia zentroak enpresei laguntza ematen die produktu berriak ekoizten, negozio aukera berriak bilatzeko aholkuak ematen, eta baita produktuak hobetzen eta dibertsifikatzen ere. Elikagaien teknologia da haren ardatzetako bat, eta horretan dihardute azken urteetan. Innolact proiektuan murgilduta daude, eta duela bi aste Brako Nazioarteko Gazta Azokan egon ziren.

Zer da Innolact proiektua?

Europako proiektu bat da, eta bere helburua artisau gaztandegien lehiakortasuna hobetzea da. Europako proiektua den heinean, kide desberdinek hartzen dugu parte, Europako leku askotakoak. Euskal Herrian, Leartiker da burua, baina Hazi fundazioak eta Idiazabalgo Udalak ere parte hartzen dute.

Hau guztia sortzearen xedea artisau gaztandegiek egunerokoan egin behar dituzten ekintzetan eragitea da. Azken batean, produktu on bat sortzen dute gaztagileek, baina, gero, merkatura jauzia egiterako orduan, zailtasunak edukitzen dituzte.

Bestalde, prozesuan sortutako azpiproduktu edo hondakinei irteera bat ematea ere bada gure helburua. Produktu horietako bat da Gaxure, gaztandegietako azpiproduktu nagusia den gazuretik sortutako produktua.

Zer lortu nahi izan duzue Bra herrian (Italia) Nazioarteko Gazta Azokan egonda? Zein zen helburua?

Nazioarteko Gazta Azoka mundu mailako erreferentea da gaztagile artisauen sektorean. Slowfood mugimenduaren barruan dago, bertan sortu baitzen mugimendu hau.

Han egotearen helburuak edozein lekutako gaztandegiekin harremanetan jartzeko aukera edukitzea eta produktu berritzaileei buruzko ideiak hartzea dira; azken batean, teknologia alorrean zer dagoen ezagutzea, gero gurera ekartzeko.

Nondik dator Leartikerrek esnekien alorrean halako ikerketak egiteko erabakia? Eta zergatik ez beste jaki batzuekin?

Orain dela zazpi bat urte ikusi genuen bazeudela hainbat gaztagile artisau ez zeudenak ez elkarte batean sartuta eta ez zutela egiten Euskal Herrian ezagunena den gazta mota, ardi gazta. Esaterako, asko ziren behi edo ahuntz esnearekin gazta egiten zuten ekoizleak, eta horietako batzuk umezurtz sentitzen ziren, egunerokoan premia asko zituztelako. Gutxinaka, beraiengana hurbiltzen hasi ginen, premia horiek identifikatzen eta horiei nola erantzun ikertzen.

Horrela hasi ginen, eta, gaur egun, gaztandegi bakoitzak ikuspuntu teknologikotik edo ikuspuntu higieniko-sanitariotik dituen beharrak asetzen eta produktu berriak garatzen laguntzen diegu: dibertsifikazioa, esneki gama zabalagoa eta merkatura hurbiltzen laguntzea. Ohiko gazta formatutik apur bat atera, eta hori mantenduz baina ikuspegia zabalduz lan egiten dugu.

Zuen lana I + G + B ereduan oinarritzen da. Zertan datza hori?

Ikerketa, garapena eta berrikuntza. Edozein zentro teknologiko edo unibertsitatetan lantzen den metodoa da. Leartikerren, gure bezero motak eta baliabideak kontuan hartuta, ikerketari ez diogu hainbeste garrantzia ematen. Eskuartean dauzkagun proiektuak ikusita, garapenari eta berrikuntzari ematen diogu garrantzia guk: nahi duguna produktu berrien garapena da epe motz-ertainean, merkatuan isla eduki dezaten.

Azken batean, gure bezeroak txikiak dira, eta konponbideak nahi dituzte lehenbailehen, gauza sinpleak eta eraginkorrak, eta euren egoerara moldatuak. Gure lana, azken batean, bitartekaritza eta aholkularitza zerbitzua da; gure bezeroak enpresak dira.

Aurrerantzean, esnekiak ez diren beste produkturik lantzeko asmorik baduzue?

Gaztandegiekin egiten dugu lan, eta hondakin nagusia gazura da. Horren inguruan proiektu asko prestatu izan dira, urte luzez eta diru asko inbertituz. Gaxure produktuarekin jarraitu nahi dugu. Bakarrik hiru gaztandegik ekoizten dute Euskal Herrian, eta horrek produktua merkatuan ikusgarri bihurtzea asko zailtzen du.

Beraz, zein garapen ari da izaten Gaxure?

Ekoizle bakoitza leku baten dago, eta, esan bezala, horrek asko zailtzen du merkatuan kokatzea. Gure asmoa geroz eta ekoizle gehiagok Gaxure egitea da, horrela, alde batetik gazurak sortzen duen ingurumen arazoa konpontzen hasiko ginateke, irteera duin bat emanez arazoari, eta, bestetik, gazuretik sortutako produktuei balio erantsi bat emango genieke. Kontua da zenbat eta gaztandegi gehiagok ideia hau aprobetxatu, orduan eta hobeto joango dela bai ingurumen arazoa eta baita Gaxureren posizionamendua eta komertzializazioa merkatuan ere.

Zuen lana eta enpresekin daukazuen lotura ikusita, babestuta sentitzen al zarete erakunde publikoen aldetik?

Bai, eta erabat gainera. Guk Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailarekin harreman zuzena eta estua daukagu, eta hainbat proiektu aurrera eraman ahal izan ditugu horri esker. Hitzarmen bat ere badaukagu, Leartikerrek elikagaiekin egindako lanari eta epe motzera ematea lortu dugun emaitzei esker. Esfortzua egiten dugula ikusten dute, eta, gainera, esfortzu horrek emaitzak ere ematen dituela.

Gazteei euren ibilbide profesionala zuekin batera hasteko aukera ematen diezue, doako formakuntza plan berezi baten bitartez.

Bai, horrela da. Hainbat ikasketa mota egin dituzten ikasleak hartzen ditugu. Praktikak egitera, adibidez, Lea-Artibai ikastetxeak eskaintzen duen Elikagaien Industria ikasketak egin dituztenak edo Gasteizko Farmazia Fakultatean Elikagaien Zientzia eta Teknologia ikasi dutenak etortzen dira. Baita Eusko Jaurlaritzak jaulkitako beka teknologikoen bidez datozenak ere.

Lea-Artibai ikastetxearekin elkarlanean, ikasketa programak ere eskaintzen dituzue.

Bai, baina argi utzi behar da talde bereko bi erakunde desberdin garela. Leartiker Lea-Artibai ikastetxetik sortu zen, bere helburuetako bat enpresengandik hurbil egotea zelako eta hori ezin zuelako nahi bezala asebete ikastetxe izaerarekin. Elkarlanean dihardugu beti, baina bakoitzak bere dinamikarekin. Guk lantzen duguna zentro teknologiko baten zeregina da, askotan elkarlanean oinarritutako eskaintza eginez.