Zimendu ezberdinak dituzte

Zimendu ezberdinak dituzte

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Nola dago Bilbo? irmotasunez diot: Bilbo ondo dago, eta hobeto egongo da”. Hitz horiek erabilita abiatu zuen Juan Mari Aburto Bilboko alkateak beren-beregi hiriburuaren egoera aztertzeko joan den ostiralean egin zuten osoko bilkura. Bilbotarra izateaz harro dagoela azaldu zuen Bizkaiko hiriburuko alkateak. “Bilbo hiri irekia, erakargarria, garbia eta segurua da; garraio publiko bikaina du, baita gizarte zerbitzuak eta hiriguneko mugikortasuna ere. Kulturaren, kirol ekintzen eta hiriguneko ibilbide berdeen alde egiten diren apustuak ia bikainak dira”. Munduko kapitala da Bilbo, Aburtoren hitzetan. Baina nazioartekoa baino gehiago, auzotarrena izatea nahi dute oposizioko taldeek. Erakundeak bultzatzen duen hirigintza ereduari kritiko begiratzen diote EH Bildu koalizioak, Ganemos Goazen Bilbok eta Udalberrik, eta hiria “ez aurrera ez atzera” dagoela uste du PPk: “Hiri garrantzitsuen erakusleihotik erori da. Irrika falta zaio”.

Jakina da Bilboko Udaleko alderdi politikoek ez dutela bat egiten nahi duten hiri ereduan. Hain zuzen, edozein kritikari bide eman aurretik, elkarlanerako deia egin zuen Aburtok osoko bilkuran. “Ez du balio esateak: ‘zuek auzoak ahaztuta dauzkazue’. Denok ados baldin bagaude Bilbo zortzi barrutiek eta auzoek osatzen dutela esatean, pentsa dezagun zer egin dezakegun auzoak hobetzeko eta herritarren bizi maila bultzatzeko”. Baina elkarlanean aritzea zaila da zimendu ezberdinak dituzten egitasmo eta proposamenak biltzeko.

Izaerarik gabeko Bilbo eraikitzen ari dela uste du EH Bilduk. “Bilboko Kale Nagusia munduko beste edozein hiribururen kopia da. Hori nahi dugu? Izaerarik eta auzoetan bizitzarik ez duen Bilbo bat?”. Ganemos Goazen Bilboren iritziz, Iñaki Azkuna alkate zenaren errentetatik ari da gobernatzen Aburto gaur egun. Hala azaldu zuen joan den asteko osoko bilkuran ere. “Gehiago arduratzen da iragana kudeatzeaz, etorkizuna eraikitzeaz baino. Alfonbraren azpian ezkutatu dituzue hiriburuaren periferian bizi diren auzokideen kezkak, eta, bien bitartean, hiriaren itxura aldatzeari ekin diozue, urbanistikoki hiri eredugarri gisa salduz”.

EH Bildu, Ganemos Bilbo eta Udalberri bat datoz: erdigunearen eta auzoen arteko arrakala areagotu besterik ez da egin azken urteetako hirigintza politikarekin. Etxebizitza politika da egoeraren adibide nagusia Udalberriren iritziz. “Otxarkoagan 1.250 udal etxebizitza daude, eta Abando eta Indautxuren moduko auzoetan, berriz, ez dago bat ere ez, eta Bilboren moduko hiri batean halakoak gertatzea ez da normala”.

Alderdi adina Bilbo

Agerikoa da: oinarri ezberdineko Bilbo dute gogoan udalean dauden alderdi politikoek, eta, gaur-gaurkoz, ez dira hirigune eredu zein hirigintza egitasmoetan ados jartzen. Aburto bera jakitun zen osoko bilkuran jasoko zituen iritziak udal gobernuaren politiken aurkakoak izango zirela, eta aurreratu ere egin zen horregatik. “Kritika eraikitzaile guztiak onartzen ditut, errespetuz eta kirol legez egindakoak. Baina ez dut onartuko kritikatze hutsagatik kritikatzea, errespetua galtzea eta gezurren bidez iritzi publikoari egiten zaizkion tranpak estrategia politiko gisa erabiltzea”. PSE-EEk kritikak egin beharrean proposamenak egitera gonbidatu zuen oposizioa.

Egoera ikusita, orainari eta etorkizunari buruzko hainbat gogoeta eskatu dizkie Bizkaiko hitza-k Bilboko udalean ordezkaritza politikoa duten alderdiei.

POSTAL BIHURTUTAKO BILBO

Sarritan entzuten den baieztapena da: hiri gris eta zikinaren itxura atzean utzi du Bilbok, eta kanpotarrak erakartzeko “postal” bihurtu da urte gutxiren buruan. Zalantzarik ez da azken bi hamarkadatan itxura guztiz aldatu duela Bizkaiko hiriburuak: Abandoibarreko pasealekua eta eraikuntza berriak, Guggenheim, Bilboko metroa, Iberdrolako dorrea… puntako azpiegiturak eraiki dira hirigunean. “Aldaketari buruzko iritzirik onena bilbotarrek ematen digute. Hamarretik zortzik hiriaren egoera ondo baloratzen dute: eraldaketa, bizi baldintzak eta erakargarritasuna ditu”. Hala uste du Nekane Alonso EAJko bozeramaileak, eta bat dator Alfonso Gil PSE-EEko bozeramailea ere. “Nazioartean aztertzen den gakoetako bat da Bilboren eraldaketa, baina, oraindik ere, asko dugu egiteko. 2030eko hirigunea definitzea dagokigu orain: etorkizuneko oinarriak adostu behar ditugu, gaur egun ditugun beharrizanetatik abiatuta”.

Edonola ere, hainbat sektore kritiko azaldu dira azken hamarkadetako aldaketekin. Fokua hiriaren erdigunean jarri dela salatu dute hainbatek: Bilbo berriaren eraikuntzak Bilbo zaharra are gehiago zahartu eta abandonatu duela, alegia. Iritzi hori du Francisco Samir Lahdou Ganemos Goazen Bilboko bozeramaileak. “Estetikoki asko hobetu da Bilbo, batez ere erdigunea. Industriaz inguratutako botxoa eta txokolate kolorea zuen erreka atzean utzi ditugu. Edonola ere, EAJren gobernuek zerbitzuetan oinarritu dute hiriaren eraldaketa: turismoan. Orain, erdigune polit bat dugu, postalekoa, eta kanpoalde marjinatu bat”.

Postalean sartzen den hiria eraikitzeko esamolde horri erantzun dio Alonsok. “Ikusi nahi ez dugun postala auzoei eta errekari bizkarra emanda zegoen Bilbo gris horrena da. Beti diogu postaleko hiri erakargarria nahi dugula, aberastasun artistiko eta kulturala duena. Baina era berean diogu postaleko Bilbo solidarioa eta abegikorra nahi dugula”.

Hiritar guztientzako hiribildua eraikitzeko, oinarria aldatzea beharrezkoa dela iritzi du Aitziber Ibaibarriaga EH Bilduko bozeramaileak. Orain arteko politikaz iritzi argia du: “Zerbitzu sektorearen aldeko apustua egin da, eta ekonomia dibertsifikatzea beharrezkoa da”. Turismotik haragoko jarduera bultzatzea beharrezko dela dio. “Sektore bakar baten aldeko apustua egiteak arrisku handiak ditu”. Azaldu duenez, gaur egungo Bilbok ez ditu herritar guztien eskubideak bermatzen, eta jarri du adibidea ere: “Hiriko 20.000 langabetuk ez dute inolako ordainsaririk jasotzen, eta sinatu diren lan kontratuen %90 aldi batekoak dira. Egin den apustuaren ondorio besterik ez dira datu horiek”. Egoera iraultzeko, oinarrietara jo behar dela uste du horregatik: eraikitzen den hiri eredura, alegia.

Hausnarketa beretik jo du Carmen Muñoz Udalberriko bozeramaileak ere. “Udal politiken erdigunean, herritarrak jarri behar dira, eta ez interes jakin batzuk”. Kanpora begira dagoen Bilbo bat eraikitzen ari dela uste du Muñozek, eta hiriguneko auzuneen arteko gizarte ezberdintasunak jarri ditu adibide gisa. Paradigma aldaketa bat aldarrikatu du. “Hiriguneak erlazionatzeko tokia behar du izan. Bizitza ez dago gure hiriaren erdigunean, eta hori da egin behar den lehena. Horra paradigma aldaketa: onartu behar dugu denek dugula hirirako eskubidea, eta genero, etnia eta gizarte klasearen araberako erabilpena emango diogula gero”.

Ez dator bat Luis Egiluz PPko bozeramailea. Hirigunearen eraldaketak bilbotarren bizi baldintzak hobetu dituela dio, eta, oro har, ekonomiari ere mesede egin diola. “Guggenheim efektuak munduko mapan kokatu zuen Bilbo, eta hiribildura bisitari gehiago etorri dira ordutik”.

BITAN ZATITUTAKO BILBO?

EH Bilduko kideak kezkaz begiratzen dio auzoen artean sortu den amildegiari. “Bilbotarren artean oso hedatuta dagoen iritzia da hirigintza aldaketak hirigunean egiten direla”. EAJko kideak, aldiz, argi utzi du auzoak biziberritzeko tresnak garatzen ari dela udala: tartean, Auzokide Plana. “Urtero, urbanizatze egoera hobetzeko baliabide ekonomikoak bideratzen dira auzoetara”.

EAJko kidearen iritziz, auzoen araberako ezberdintasun ekonomikoa aspaldikoa da Bilbon, eta ez du uste eraberritze planen ondoriozkoa denik. “Hiri baten bizitza eta garapenean dagoen errealitatea da hori. Hiriaren eremu batek hobekuntza prozesua duenean, automatikoki, eremu erakargarri bihurtzen da”. PSE-EEko kideak antzera berba egin du, eta etxebizitza arloan udalak bultzatzen dituen egitasmoak jarri ditu adibide gisa. “Gazteak Otxarkoagan eta Bilbo Zaharrean bizi daitezen bultzatzen du, eta sekulako arrakasta izan zuen iaz; bigarren aldiz egingo dugu aurten”.

TURISMOA

Turismoaren eztabaida lau haizetara zabaldu da azkenaldian, eta Bilboko Udaleko batzordeetan ere eztabaidagai bihurtu da. Oinarrian ere ez dute bat egiten, hala ere. EAJ eta PSE-EEren iritziz, Bilbok ez du arazorik turismoarekin. “Barne produktu gordinaren %5 besterik ez du sortzen turismoak, eta hirigunean apenas duen eraginik”, azaldu du Alonso ordezkari jeltzaleak. Bat dator Gil ere: “Ez dugu uste Bilbon arazorik dagoenik turismoarekin. Gainera, alderdi gisa eta gobernuko kide gisa, Bilboko auzoetan ahalik eta oreka handiena lortzea da asmoa eta horretan ari gara lanean”.

Bestalde, turismoaren arazoa begi bistakoa dela azaldu Ibaibarriagak. “Zazpikaleetan, esaterako, pisu turistikoak jartzeko etxeak erosten dituzten inbertsio funtsen iragarkiak ikusi ditugu. Udan, %14 igo da alokairuen prezioa. Jada Abandon baino garestiago daude etxebizitzak Zazpikaleetan”. Donostiako errealitatera iristetik urrun dago Bilbo oraindik, baina ez duela arazotik salbuesten dio. “Garaiz gabiltza neurriak hartzeko, atzera-bueltarik ez duen egoera batera iritsi baino lehen”.

Antzeko iritzia du Goazen taldeko kideak ere. “Zazpikaleak frankizien eta pintxo-potearen parke tematikoa bihurtu dira, betiko merkataritza jardueraren kalterako”. Kexu da Bilbo Zaharrak eta Zazpikaleek duten berezko izaera galtzen ari ote den. “Badira, erakundeen inolako aurkakotzarik gabe, turismoarekin negozioa egiten ari diren espekulatzaileak, tokian tokiko auzokideak botatzen dituztenak”. Egoerari aurre hartu eta hiriburuko turismo ereduaz eztabaidatzeko foro bat sortzea proposatu du Goazenek udalean.

GENTRIFIKAZIOAZ BI HITZ

Esaldi bakarrarekin azaldu du Alonsok gentrifikazioari buruzko iritzia. “Bilbok ez du gentrifikazioaren arazoa. Baieztapena egiten duenak ez du hiriaren errealitatea ezagutzen”. Gentrifikazio prozesua turismoarekin lotzen bada ere, harago egin behar dela uste du Udalberriko kideak. Aldagai guztiak aintzat hartu eta azterketa zehatzak egitea beharrezkoa da Udalberrirentzat. “Gentrifikazio prozesuen ondorioz, hiriko hainbat eremu burgesiarentzat bihurtzen dira, eta ukaezina da egoera horrek herritarren artean lerro bat marrazten duela. Turismoak egoera hori aregotu lezake, eta horregatik Etxebizitza Legeak dituen gabeziak aztertu beharko lirateke, eraikinen gaineko kontrola izan eta prezioak garestitzea saihesteko”.

Neurriak hartzea beharrezkoa dela uste du Muñozek. “Guk jarraituko dugu hiriarekiko eskubidearen eduki guztien alde: auzo guztiak biltzen dituen Bilbo hobe baten alde”.

PPk ez du uste Bilbok gentrifikazio arazoak dituenik, eta Zazpikaleetako alokairu igoeraz galdetuta, eskaintza eta eskariaren legera jo du Egiluzek. “Zenbat eta eskaera handiagoa izan, orduan eta gorago egingo dute prezioek ere. Alokairu kopuruak gora egiteak erakusten du etxebizitza modalitate horrekiko zaletasuna handitu dela”. Edonola ere, auzokideak beren etxeetatik alde ez egiteko neurriak hartzearen aldekoak direla azaldu du PPko ordezkariak.

Gentrifikazio prozesuak egon badaudela uste du Lahdouk. “Badakigu zer gertatu den beste hirigune batzuetan. Beste esku hartzeak aztertu beharko genituzke Bilbon egon daitezkeen ondorioak saihesteari begira. Legediak sortzeko ahalmena eduki beharko luke udalak; besteak beste, alokairuak igotzen direla saihestu eta betiko auzokideak lekualdatzen ez direla ziurtatzeko”.

Iritzi bera du Ibaibarriagak ere. Auzokideek eta bertan dauden dendek eta negozioek ematen diote bizia auzo bati EH Bilduko zinegotziaren arabera, eta horiek babestea beharrezkoa da. “Kanporatuz gero, bizitzarik gabeko hiria izango dugu, eta, horren aurrean, neurriak hartzea ezinbestekoa da”. Norabide horretan, auzokideei baliabideak ematea beharrezkoa da Ibaibarriagarentzat. “Etxeak berritzeko laguntzak eman, eta bertan dauden denda eta negozioak bertan jarraitzen dutela bermatzeko”. Dioenez, alokairuen gorakadak eragin zuzena du herritarrengan. “Zazpikaleetan auzo bizitza mantentzea funtsezkoa da. Hori galtzen baldin badu, erakargarritasun elementu nagusia desagertuko da. Gogoratu behar da turisten ehuneko ehuna handik pasatzen dela; beraz, gure auzoak zaintzea beharrezkoa da”.

Hirigunearen eraldaketak bilbotarrak are gehiago bereizi dituela uste du Lahdouk. “Erdigunean kanpoaldean baino zazpi aldiz errenta handiagoak dituzte, eta kanpoaldean arazo handiak daude oraindik: irisgarritasunean eta bizi baldintzen egokitasunean adibidez, eta baita eraginkortasun energetikoan ere. Osasun egoera eta bizitza esperantzari eragiten diona”.

Gizarte ezberdintasunik ez du ikusten Gilek. Dioenez, belaunaldien arteko ohiko mugimenduak dira azken urteetan ikusitakoak. “Gazteak joan dira lehen jende heldua bizi zen tokietara. Prozesu naturala da, Bilboko hainbat eremutan gertatzen ari dena. Prozesu hori lagundu eta babestea dagokigu, udaletik etxebizitza politika eta gizarte eta ekonomia laguntzekin”.

ETORKIZUNEKO PROIEKTUAK

Bizkaiko hiriburua are gehiago aldatuko da datozen urteetan. AHT Bilbora lur azpitik iristeko Abandon egin asmo duten tren geltoki berria, Zorrotzaurren eraikitzen ari diren irla… “Etorkizuneko Bilbo marrazten hasita dago jada, eta herritarren parte hartzearekin egin da prozesua, Bilboko auzokideen beharrak aintzat hartuta”. Hala uste du Gilek. Ez datoz bat gainontzeko alderdi politikoak, ordea.

Errezeloz begiratzen ditu egitasmoak Udalberrik, eta Muñozek dio gertutik erreparatu behar zaiela azpiegiturei, “ez daitezen batzuei mesede egiten dien pelotazo urbanistiko bilakatu”. Udalberriko bozeramailearen arabera, onartezina da obra erraldoietan inbertsio handiak egin eta auzoen oinarrizko beharrak baztertzea. “Auzoetako sarbideak, garraio publikoaren loturak, emakumeentzako izan daitezkeen gune ilunak… gizarte kohesioa arrakalatu eta zentroaren eta kanpoaldearen arteko ezberdintasunak handitzen ari gara”.

Bat dator Goazen taldeko kidea ere. “Hiria eta hiritarrak hipotekatzen dituzten egitasmo faraonikoak dira. Gizartearen zati bat irabazten ateratzen bada ere, ziur gaude baliabide gutxien duten herritarren eta zentrotik urrunen dauden horien kalterako izango dela”. AHTa lur azpiratzeko lanak jarri ditu Lahdouk adibide gisa: berdeguneak dituen egitasmoa bultzatu beharrean, porlanezko proiektuaren alde egin du udalak.

Kezkatuta dago Goazeneko kidea, lan horiei bideratutako aurrekontua uste baino handiagoa izango delako. “318 milioi euroko inbertsioa iragarri zuten, eta handitzen ari da. Horrek larriagoak diren beste plan batzuk baztertu ditzake”. EH Bilduren arabera, espekulazioa dago orain arte egindako egitasmoen oinarrian. “Zalantzaz jositako proiektuak ditugu orain aurrez aurre”. Zorrotzaurreko kanala jarri du Ibaibarriagak adibide gisa: “Orain arte ez dira zabaltzeko gai izan. Proiektuaren inguruko zalantzak gero eta ugariagoak dira, eta jatorrizko hainbat bazkidek uko egin diote egoitza han eraikitzeari; Kutxabankek, kasurako”. Proiektua berrikusteko eskaera egin zuen EH Bilduk joan den urtean. “Agortuta dagoen proiektua da. Abandoko AHTaren egitasmoa ere zalantzan dago, AHTa noiz helduko zain baitago gobernua gaur egungo eraikinean esku hartzeak egiteko. Geltokiak gaur egun sortzen dituen arazoei heldu behar zaiela uste du Ibaibarriagak. “Auzoa bitan zatitzen duen lubakia kendu behar da”.

Bestelako iritzia du PPk. Egitear dauden egitasmoak hiriburuko herritarren garapen ekonomiko eta sozialarentzat giltzarri izango direla uste du. “Pertsona eta salgaiek Espainia eta Europarekin duten komunikazioa hobetuko du egitasmoak, eta hori ezinbestekoa da ekonomiak eta gizarteak aurrera egiteko”. Kutsatzen ez duten enpresa eta zerbitzuak hartuko ditu Zorrotzaurrek, eta ekarpen baikorra da hori Egiluzen iritziz.

Zorrotzaurre eta Abandoko egitasmoak “hiri proiektu” gisa definitu ditu ordezkari jeltzaleak. “Zorrotzaurrekoak hiria eraldatuko du. Talentuaren irla izango da, enpresa sortzaileen egoitza, eta baita garatze bidean daudenen aukera ere”. Abandon egingo den lurpeko azpiegiturak hiriguneko espazioak berreskuratuko dituela dio Alonsok, eta Hurtado Amezaga eta San Frantzisko auzoak elkartuko dituela. “Bi horiez gain, Termibuseko autobus geltokia gakoa izango da etorkizuneko bidaiarientzako”.

AURRERA BEGIRA

Datozen urteetan Bizkaiko hiriburuak hartu beharko lukeen norabideaz ere iritzi ezberdina dute ordezkari politikoek. Etorkizunera begira, hirigintza estrategiari buruzko ikusmira kritikoa aldarrikatu du Muñozek: “Orain arte egin diren mugikortasun eta etxebizitza hausnarketan ez dira aintzat hartu hirigintzaren hainbat faktore, eta hori oker bat da”. Ongizate orokorrari begiratzea ezinbesteko jo du Udalberriko kideak. Lahdouk uste du beharrezkoa dela lehentasunak jartzea. “Zorrotzaurre eta Abandoko makro azpiegituretan baino aurrekontu gehiago bideratu beharko luke Peñascal, Masustegi eta Lezamako Bide Zaharra bezalako zonetako irisgarritasuna eta garraio publikoa hobetzera”.

Azpiegitura handietan zentratu baino gehiago, hiriaren zaharberritzean neurriak hartu behar direla uste du EH Bilduko ordezkariak. “Etxebizitza gehienek 60 urte baino gehiago dituzte, eta zaharberritzearen alde egiten dugu guk, erakunde publikoek prozesu horretan laguntzeko aukera baitute”. Herritarren bizi kalitatea bermatzen duen ereduaren aldeko apustua egin du. “Makro operazioen aroa bukatu da”.

Auzoetan jarri du Egiluzek fokua. “Lurzoru erabilgarria amaitu egin da, eta gaur egungo hirigintza eraberritu eta hobetzeak izan behar luke gure helburua”. Hartu beharreko neurrien artean aipatu ditu kutsatzen ez duten enpresen haztegia sortzea eta unibertsitateko campusa zabaltzea. PSE-EEko bozeramailearen iritziz, bizitzeko, lan egiteko eta dibertitzeko aukera ematen duen hiria eraikitzeko urratsak egitea beharrezkoa da, “askatasunetik, aniztasunetik eta tolerantziatik”.

Elkarlana eta parte hartzea da gakoa EAJko ordezkariaren arabera. Alonso: “Alderdi politikoen artean, gizarte eragileekin eta Udal Plangintzarako Aholku Batzordean parte hartzen duten herritarrekin urratsak egiten jarraitu behar dugu, orain arte bezala. Hiriaren etorkizuna denon artean planifikatzea dugu helburu, ahal den adostasun eta akordiorik handienarekin, jakina. HAPO berria da izan den gardentasun eta parte hartzearen adibiderik onena. Bilbo hobea eta iraunkorragoa eraiki nahi dugu guztion artean”.