Erantzun gabeko alarma hotsak

Erantzun gabeko alarma hotsak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Erantzunik ez duten galderak eta erantzunik ez duten sos deiak. Geldirik dago gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen afera; euren sorterrietako herritar eta instituzioen babesa jasotzen, baina kartzeletako giltza dutenen gortasunarekin topo egiten. Eta aurrera egiten ez duenak atzera egiten du. Are argiago osasunean, are gehiago osasunari kalte egiten dion eremu batean harrapatuta dagoen gaixoen kasuan.

“Kezkatuta nago, mediku guztiek dioten bezala minbizia erregeneratzeko boleto gehiegi dauzkadalako eta espetxean bizi dugun egunerokotasuna, tentsioa, urduritasuna, elikadura kaskarra eta abar nire gaitzerako okerrena direlako”. 2015ean mingaineko minbizia atzeman zioten Gorka Fraile Durangoko presoari, eta haren hitzak dira. Herkideei gutun bidez ekainean heldutakoak. “Ebakuntza egunetik hona ez didate inongo probarik egin”. Urte hasieran idatzitako hitzak dira.

Eta krudela da bere askatasunaren alde sortutako plataformari igorritako eskutitzean azaldutako egoera: “Administrazioak eta epaileek, espetxeetan behar bezalako zaintza eta jarraipena daukagula argudiatuz, atzera botatzen dituzte gaixo gauden presoen eskaerak. Zoritxarrez, gezur zikin horien ondorioak nire azalean bizitzen ari naiz. Jada, zazpi hilabete pasatu dira ebakuntza egin zidatenetik eta ez didate TAC miserable bat ere egin, horrek eragiten didan ezinegonarekin: minbizia zelan dago? Erregeneratu ote zait? Metastasia?… galdera asko”.

Larritasun bera agertzen dute, besteak beste, Ibon Iparragirre hiesdunaren arreba Nahiaren adierazpenek: “Ez diote probarik egin nahi zer daukan ez jakiteko, baina egunero ari da okerrera egiten. Nire anaia kartzelan hiltzen ari da”.

Gaixo dauden euskal presoei laguntza profesionala emateko ahaleginean ari da Jaiki Hadi medikuen elkartea, eta, haren arabera, lau dira oso gaixotasun larriak dituzten preso bizkaitarrak, larritasun hori dela-eta kalean behar luketenak:

GORKA FRAILE

Duela bi urte, mingaineko kartzinoma epidermoideoa atzeman zioten Gorka Fraileri (Durango, 1970). 2015eko martxoaren 25ean egindako frogek baieztatu zuten minbizia. Urte bereko ekainaren 9an ebakuntza egin, eta gaitza erauzi zioten. Beste kasu batzuetan ez bezala, azkar eraman zuten ebakuntza egitera Fraile. Baina ospitalerako bidaiarekin batera hasi ziren arazoak.

Ospitalera eraman zutenetik, lau poliziek inguratuta izan zuten Fraile. Baita ebakuntza gelan ere. Ez hori bakarrik: ospitalean une oro eskuburdinez lotuta izan zutela salatu zuen. Badajozen (Espania) dute preso durangarra, eta hiri horretako ospitalera eraman zuten premiazko ebakuntza egitera. Tratu “erabat ankerra” jasan zuela salatu zuten senideek: “Lasaitasuna lortzen zuela ikusten zuten unean asaldatzeari ekiten zioten poliziek”. Eri dagoenak behar duen egonkortasun hori hausteko, musika ipini eta zaratak egiten aritu zirela salatu zuten. Ez ziotela lo egiten uzten. Altzari bat apurtu ere egin zutela gaixoa asaldatzeko ahaleginean.

Egoera horretan, Badajozeko ospitalera joan ziren senideek urduri aurkitu zuten presoa, ebakuntza bertan behera uzteko zorian egoteraino.

Senideek ere jasan zuten tratu ankerra. Ebakuntzaren aurretik, lau orduko bisita baimendu zieten hasieran senideei, baina ordu erdira murriztu zuten bisita poliziek. Fraileri ebakuntza egiten zioten bitartean itxarongelan egotea ere debekatu zieten. Azkenik, Euskal Herriko mediku batzuek egindako tramite batzuen ondoren, bi senidek bertan egoteko aukera izan zuten.

Ondo gauzatu zen ebakuntza, hala ere. Kartzinoma garbi kendu ziotela adierazi zuten ebakuntza ondorengo probek. Baina arazoak eta tentsioa ez ziren desagertu. Minbizia kentzeko tratamenduek jarraipen estua behar izaten duten arren, urtebete baino gehiago egon da Fraile inolako jarraipen azterketarik gabe.

Bien bitartean, Durangaldean, herritarrak ez dira geldirik egon. Presoa aske uzteko eskatuz protesta eta ekitaldi ugari egin dituzte. Baita instituzioek ere. Espainiako auzitegiek eta Zaintza Zuzendaritzako arduradunek presoa askatzeko zein Euskal Herrira eramateko eskaera guztiak atzera bota dituzten bitartean, Durangoko Udalak herkidea askatzeko eskatuz mozioa onartu zuen aurreko hilean. Udal ordezkariek presoa bisitatzeko baimena ere eskatu dute mozioaren bitartez, eta Espetxe Zaintzarako epaileari bilera eskatu diote. EAJ, EH Bildu eta Herriaren Eskubidea taldeen babesarekin egin zuen aurrera mozioak. PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu zuten.

IBON IPARRAGIRRE

Larri dago oso Ibon Iparragirre (Ondarroa, 1973); muturreko egoeran. Hiesa 3 C estadioan du; oso garatua, atzera bueltarik gabe. Eta horrek beste hainbat gaitz eragin dizkio: orban bat du burmuineko ezker lobuluan, eta, azken urteetan, lesio neurologiko larriak eragin dizkio horrek. Ikusmen arazo handiak ditu, irakurtzeko gai ez izateraino; espazio-denbora nozioaren galera du; epilepsia aldiak izaten ditu, eta memoria galera eta disfasia, besteak beste. Gaixotasunaren eraginez, buruko alterazio handiak izaten ditu, eta laguntza psikologikoaren premia du. Sendaezina da gaitza, eta, azkenekoz espetxeratu zutenetik, nabarmen egin du okerrera.

Sendagileen arabera, kartzelak berak eta bertako baldintzek larritu egin dute Iparragirreren egoera. 17 urte zituenetik du GIB birusa, baina kontrolpean zuen. 2010ean espetxeratu zutenean, okerrera egin zuen gaitzak nabarmen, eta, horren ondorioz, zigorra etxean betetzea baimendu zioten 2011ko urrian. Espetxealdi arindu horretan egon zen bi urte eta erdian hobera egin zuen bere osasun egoerak. Baina, epaitegiek espetxe arindurako ezarri zizkioten baldintza guztiak zorrotz bete bazituen ere, 2014ko martxoan berriro atxilotu eta espetxean sartu zuten. Orduan hasi zen erabateko gainbehera.

Madrilgo Alcala Meco kartzelan dute ondarroarra, tentsio eta bortizkeriaz inguratutako egoeran. Gaitza azkartzea dakarkio horrek, eta, batez ere, buruko arazoak larriagotzea. Datuek erakusten dute jasaten duen presioaren nolakotasuna: azken urtean, 30 alditan baino gehiagotan egin diote lapurreta Alcala Mecon, eta egunero jasaten ditu beste preso batzuen “mehatxuak eta irainak”. Preso ondarroarraren babeserako herkideek sortutako Iparra Galdu Baik plataformaren arabera, sei aldiz jipoitu dute presoa azken urteetan: bi aldiz beste preso batzuek eta lautan funtzionarioek. “Bizitza jasanezin” egiten ari zaizkiola salatu du behin eta berriro plataformak, eta nolabaiteko babesa eman diezaioketen gainontzeko euskal presoengandik banatuta dutela.

Aurten, gainera, aita hil zaio Iparragirreri. Eta ez nolanahiko egoeran. Oso gaixo zegoela eta, aita ikustera eraman zuten presoa Ondarroara. Semea alboan zuela hil zen Eusebio Iparragirre.

Zenbait instituzioetan hartu dute hizpide Iparragirreren egoera larria azkenaldian. Bai Ondarroako Udalak eta bai Lea-Artibaiko udal gehienek presoa berehala askatzeko eskatu dute, mozioen bidez. Presoaren konfiantzazko mediku batek gaixoaren egoera bertatik bertara ikusteko eskubidea gauzatu dadila aldarrikatu dute, eta Ondarroako Udaleko ordezkariek bere herkidea bisitatzeko aukera izan dezatela. Eskaera horiekin guztiekin, gutuna igorri diote Espainiako Espetxe Zuzendaritzako arduradunari.

Eusko Legebiltzarreko gehiengo zabalak ere eskatu du Iparragirre askatzeko. Ekain hasieran, presoa ospitalean zela, “estatuko eta nazioarteko araudia bete” eta preso gaixoa askatzeko eskatu zuen. Hala ere, 75 legebiltzarkideetatik 66k proposamena babestu arren, PPk ez zuen eskaera sinatu, eta, beraz, ez zuen aurrera egin adierazpen instituzional gisa. Bestalde, legebiltzarkideek Iparragirre bisitatzeko egina duten eskaera oztopatzea eta legebiltzarrari “iseka” egitea egotzi diote Espetxe Zaintzarako Zuzendaritzari zenbait legebiltzarkidek.

TXUS MARTIN

Buruko gaitz larria du Txus Martinek (Basauri, 1962): nahasmen eskizo-afektiboa, delirioak eta paranoia bortitzak. Giltzurrun arazoak ere baditu, besteak beste. 2002an atxilotu zutenetik, erabat bakartuta izan zuten zortzi urtez, eta, sendagileen arabera, horrek eragindako fobiak, paranoiak eta antsietatea dira sendaezin bilakatu den gaitzaren oinarria. Zainak moztuta bere buruaz beste egiten saiatua da, eta urteak darama botikak hartzen.

Arabako Zaballa kartzelan dute azken urteetan Martin, eta medikuek behin eta berriz ohartarazi dute espetxean igarotzen duen une bakoitzak atzeraezinak diren gero eta ondorio gehiago eta larriagoak eragiten dizkiola.

Basauriko Udalak eta Galdakaokoak presoa askatzeko eskatu dute nork bere herrietan onartutako mozioetan. Galdakaoko alkateari eta herriko ordezkaritza bati presoa bisitatzeko baimen ofiziala emateko ere eskatu du Galdakaoko Udalak, eta bilera Espetxe Zaintzarako arduradunekin.

JOSEBA BORDE

Koloneko minbizia atzeman zioten Joseba Borderi (Ugao, 1959) iazko apirilean. Uzkitik odol galtze etengabea zuela eta, kolonoskopia egin zioten, eta tumore neoformazio bat diagnostikatu zioten. Presaz ebakuntza behar zuela eta, hilabetera erauzi zioten tumorea.

Garbi lokalizatutako tumorea zen, eta garbi kendu zioten, kimio tratamendurik behar izan gabe. Galiziako Curtiseko kartzelara eraman zuten berriz, eta han jarraitzen du. Jaiki Hadik jakinarazi duenez, egonkor dago, baina jarraipen zehatza behar du, espetxean nekez emango diotena. Ugaoko herritarrek hainbat mobilizazio egin dituzte Borde aske utz dezatela eskatzeko.