Natalia Salazar Orbe
Eremu ikusgarria da Bilboko Mallonako Galtzadena; Donejakue bidea handik pasatzen da. Paisaia polita da. Zazpikaleetako Unamuno plazatik gora Begoñarantz doan kalea da. Aldapa hori oso maldatsua da, ordea. Eskailera mordoari egin behar diete aurre egunero bertako bizilagunek etxetik auzora jaitsi eta igotzeko. Auzokoek oso gustuko dute eremua, baina konponbideren bat behar dute. Sakon aztertu ondoren, proposamen bat jarri dute mahai gainean: Begoñako metroaren igogailua doan erabiltzeko aukera izan nahi dute. Horrez gain, sinetsita daude Santo Domingo Guzmanera arteko igogailu batek haien egunerokoan lagun lezakeela.
Kexu dira. Adinekoentzat eta mugikortasun arazoak dituztenentzat gero eta zailagoa da auzotik ateratzea. Hala ekarri du gogora Javier Muñozek. Bihotzean auzo elkarteko presidentea da bera: “Osasun arazo bat izanez gero, etxera ezer ordaindu gabe iristeko aukera izan beharko genuke. Gurpil aulkia dutenek handik jaisteko aukera izan beharko lukete”.
Ezinegona adierazteko protestak ere egin dituzte. Irisgarritasuna hobetzeko neurriak gura dituzte. Konponbidea ez da erraza. “Ez dugu nahi ez arrapalarik, ez eskailera mekanikorik. Zaratak sortzen dituzte”. Horrez gain, paisaia aldetik balio handiko kalea izanik, sakon hausnartu behar dituzte aukerak. “Goiko aldean arrapala bat jartzea azter liteke, eragin bisuala handia ez bada”.
Hiru dira iristeko arazoak sortzen dituzten eremuak: Mallonako Galtzadak, Santo Domingo Guzman urbanizazio pribatua eta Gurutzea. Arazoa larria dela diote. “Anbulantziarik ezin da pasatu. Zaborra botatzeko ere, beheko alderaino joan behar dugu”.
Arkeologia museoaren ondoan igogailu bat dago, Prim kalean. Mallona kalean plataforma bat urbanizatu dute oraintsu, eta haraino iristen da igogailua. “Horri esker, Mallonako hirugarren zenbakiraino iristen gara. Hala, 1, 3 eta 5 zenbakietara iristeko modua bermatuta dago. Baita 9.erako tarte handi batera iristeko modua ere”. Santo Domingo Guzmanekoek uste dute posible dela plataforma horretatik euren urbanizazioraino iristea. Eta igogailu berri bat proposatu dute. Bihotzean elkarteak babestu egingo du proposamena, urbanizazioko bizilagunek aurrera egitea erabakitzen badute. Elkarteak batzarra eskatuko du udalarekin, euren eskaerak serio aurkezteko.
Metroaren arazoak
Irisgarritasun arazoak gutxi ez, eta metroaren hirugarren lineak ere buruhausteak sortu dizkie Mallonako Galtzadak kaleko hainbat bizilaguni. Linearen obren ondorioz, arrakalak sortu dira zenbait etxebizitzatan. Horrez gain, zarata handiak pairatu behar dituzte.
Metroa egiteko lanei duela bi urte berriz ekin zietenean sortu ziren arazoak. Kalean, eraikinetan eta etxebizitzetan arrakalak azaldu ziren. Irune Uria izan zen kaltetuetako bat. Fatxadakoak konpondu zituzten, eta etxe barrukoak konpontzeko diru laguntza eman zioten.
Baina arazoak hor dirau. Apirilaren 8an, metroa martxan jarri aurreko asteburuan, zaratak entzuten hasi ziren. “Geroztik, metroaren hirugarren linea egunero, orduero, denbora guztian entzuten dugu. Zarata handia egiten du. Sei minutuan behin trumoiarena bezalako zarata entzuten dugu. Zoramena da”.
Metro zerbitzurik ez dagoenean ere, zaratek ez dute etenik, gainera. “Gauez ere entzun egiten da. Esan ziguten probak egiten aritzen direla trenekin eta gidariekin”.
Eusko Trenbide Sareak da hirugarren linea hori kudeatzearen arduraduna. Asteon jarri da harremanetan enpresa Uriarekin. “Esan didate deituko didatela, eta etorriko direla neurketak egitera. Dardara eta zarata zenbatekoak diren ikusi nahi dute”.
Metroaren lehenengo eta bigarren lineen geltokiaren gainean dago Mallonako Galtzadak. “Horrekin ez dugu izan arazorik. Obren ondorioz izan genituen molestia batzuk. Gainerakoan, metroak primeran funtzionatu du”. Orain, zaratez gain, arrakala gehiago ikusi ditu. “Txikiak dira, baina, honek jarraitzen badu, arazoa larriagoa izan daiteke. Nahiz eta dardara txikia izan, kontua kezkagarria da guretzat”.