Oroimena irabazteko oroitarriak

Oroimena irabazteko oroitarriak

A.L.A.

Iraganeko kontua da askorentzat 1936ko gerra. Baina gatazka militarraren ala frankismoaren erreferentziak gaurkotasuna dute oraindik ere. Nahi gabe ala ezagutu gabe, gerran garaile izan zirenen goraipamena egiten dute hainbat txokotako kale izendegiek, monolitoek, sinbolo eta armarriek. Azken hamarkadan aurrerapauso nabariak egin dira sinbologia ala izendegi frankista Bizkaiko kaleetatik ezabatzeko, eta Larrabetzu eta Bermeoko Udalek eman dute azken pausoa. Gaztelumendi eta Sollubeko mendiguneetan dauden monolitoak eraisteko prozesua hasi dute bi herrietan.

1936ko gerra bukatuta, faxistek ehunka oroitarri altxatu zituzten “Jainkoaren eta Espainiaren alde eroritakoen” memoria goratu eta Espainia Berria eraikitzeko. Ideologia berreraiki behar zuen Frankismoak, eta propaganda funtsezkoa izan zen bide horretan. Denboraren eta historiako gertakarien jabe egin, eta memoria kolektiboaz baliatu zen estatu berriaren oinarriak sendotzeko: garailea eta garaitua nor zen argi uzteko.

Sinbologiak garrantzi handia izan zuen frankismoaren eraikuntzan, eta martirien eta erorien kultua etengabekoa izan zen diktadura justifikatzeko. Horregatik, monumentu ugari eraiki zituzten garaileen bandoko hildakoen omenez. Bizkaiko tontorrak kokagune ezin hobea ziren horiek jartzeko: monumentuak urrunetik ikusteaz gain, 1936ko gerran lurraldeko mendiguneetako borroken historiak berreraikitzeko baliatu zituzten. Saibi, Sollube, Gaztelumendi eta Lemoatxako Gantzabal mendietakoak dira esanguratsuenak. Gurutze erraldoiak eraiki zituzten lau tontorretan, eta plaka ere bazuten ikurrek.

Gerora, Saibiko gurutzeari kendu egin zioten xafla idatzia, eta bestelakoa jarri zioten haren ordez: “Euzkadiko askatasunaren alde Saibi mendian borroka egin zuten gudariei. Betiko argia. 1937”. Gurutzea bere horretan uztea erabaki zuten, ordea. Mendi odoltsua deiturarekin bataiatu zuten Saibi mendia, 1937ko apirileko borrokaldietan bizia galdu zuten gudarien kopuru handiagatik.

“Gurutzada nazionala”

Lemoako Gantzabal mendian gurutzea eta ermita eraiki zituzten faxistek gerra ondoren, eta 2014an erabaki zuen Lemoako Udalak gurutzea bota eta, ermitaren ikur eta sinbolo erlijiosoak kendu ondoren, eraikina berreraiki eta aterpetxe bihurtzea. EAJ eta EH Bilduren babesa izan zuen orduko erabakiak, baina oraindik ere bere horretan jarraitzen dute frankistek egindako bi oroitarriek. Plaka ere bazuen Gantzabalgo gurutzeak. “A los que en defensa de una civilización dieron su vida por Dios y por España en esta peña. 5 junio de 1937” (Zibilizazio bat defendatzeko, harkaitz honetan Jainkoaren eta Espainiaren alde bizia eman zutenei. 1937ko ekainaren 5a). Idazkirik ez du oroigarriak gaur egun.

Solluben ere oroitarria jarri zuten faxistek 1937ko maiatzeko borroketan “eroritakoen” omenez. Monumentua eraisteko eskaera egin berri du Bermeoko Udalak, Benito Ibarrolaza alkateordeak azaldu duenez: “Legez oroitarria botatzeko aukera badugu, baina lur eremua Bizkaiko Foru Aldundiarena da, eta hari eskatu diogu baimena”. Erantzuna baiezkoa izatea espero dutela azaldu du Ibarrolazak, eta behin erantzuna jasota berehala kenduko dutela mendigunean dagoen oroitarria. Sollube 1937 elkartearen lana aipatu du udal ordezkariak: “Bermeoko memoria historikoa berreskuratzeko lana egiten ari da elkartea”. Hilabete honetan bertan ekitaldia egingo dute, Sollubeko borroken 80ko hamarkaden harira.

Larrabetzu eta Fika arteko Gaztelumendiko gainaldetik hautsi zuten faxistek Jaurlaritzak eraikitako Burdin Hesia, eta errepublikanoek eraikitako metrailadora habien ondoan dago gerraostean eraiki zuten gurtze erraldoia ere. Gaur egun, nekez irakur daiteke monumentuan dagoen idazkia, baina mendi horietako borrokei eta Burdin Hesiaren aurkako operazioari esker Bizkaiaren “askapena” ahalbidetu zela nabarmentzen da bertan.

1937ko ekainaren 12ko borroken lehen urteurrenaren bezperan egin zuten monumentuaren inaugurazioa frankistek, eta 80 urteren ondoren eraitsiko dute.

Horrez gain, hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte Larrabetzun datozen asteetarako.

Faxistek etengabe goraipatu zuten Burdin Hesiaren apurketa, eta tamainako omenaldia egin nahi izan zioten Gaztelumendin eraikitako oroigarriarekin. 1937ko ekainaren 12ko gertakarietatik 80 urte beteko direnean erabaki du Larrabetzuko Udalak gurutzea botatzea. Monumentua dagoen toki berean bestelako oroigarria eraiki nahi dutela azaldu dute udal ordezkariek, “askatasunaren alde eta faxismoaren kontra borrokatu eta hildako borrokalariak omendu eta gogoratzeko”.

Berreraikuntza ideologikoa

Bizkargiko baseliza guztiz suntsitu zen 1937ko maiatzean mendian izan ziren borroken ondorioz, eta, gerra bukatu ondoren, eraikina berreraikitzeko agindua eman zuen Bizkaiko Foru Aldundiak; betiere, gerra irabazi zutenak goratzeko. Plaka ere jarri zuten frankistek ermitan: “La espada al servicio de la cruz, permitió a Bilbao reincorporarse a su tradición católica y española, rompiendo el propio del cinturón que le circundaba. La Excma. Diputación reconstruyó este Santuario en acción de gracias al Altísimo y para memoria imborrable de su reconocimiento al Ejército y a su caudillo el Generalísimo Francisco Franco“. (Ezpata gurutzearen aginduetara, horri esker Bilbo tradizio katoliko eta espainiarrera batu zen berriz, inguratzen zuen gerrikoa hautsiz. Diputazioak santutegia berreraiki zuen Jainkoari esker eta armadaren eta Fracisco Franco Jeneralisimoaren oroimen eta aitortzarako).

Kendu egin zuten ermitako idazkia, baina gerta liteke herritarrek ez jakitea santutegia bera ere frankismoak eraikitakoa dela. Asteburu honetan bertan Santa Kurtze eguna ospatuko dute Bizkargin, eta, urtero bezala, 1937ko maiatzeko borroketan mendian hil ziren gudariei omen egingo diete tontorrean.

Testuinguru eta esangura zehatza dute herritarrentzat ohiko bihurtu diren sinboloek. Baina Sollube, Gaztelumendi, Gantzabal eta Saibiko gurutzeak ez dira beti hor egon: hein handi batean, frankismoaren ideologiaren eraikuntza dira. Ondarea, bere horretan, zutik mantendu ala bota. Horra gaur egungo eztabaida.