Nahi ez denaren sinbolo bihurtuta

Nahi ez denaren sinbolo bihurtuta

A. Larrabe Arnaiz

Mila aldiz errepikatutako gezurra egi bihurtu daitekeela. Teoria hori frogatu nahi izan zuten faxistek 1937ko apirilaren 27tik aurrera. Bezperan, 40.000 kilo lehergai jaurti zituzten Gernikan 43 hegazkin alemanek; eta haietatik %75 ziren su emaileak. 2.000 hildako izan zirela diote azken ikerketek, baina ezinezkoa da jakitea eraikin suntsituen azpian zenbat hilotz geratu ziren. Izan ere, herriko erdigunea suntsituta, Astra-Unceta arma lantegia eta Juntetxea bakarrik geratzen ziren osorik. 720 etxetan baino gehiagotan kalteak eragin zituen, eta %71 erabat suntsitu. Galeren artean, Karmelo Etxegarai euskaltzalearen liburutegi pribatua; munduan zegoen garrantzitsuenetakoa euskal gaiei buruz. Gezur baten hasiera izan zen 1937ko apirilaren 27a, bonbardaketaren biharamuna, historia garaileek idazten dutela berresten duten horietakoa.

Hala zioen Azul egunkariak hilaren 29an: “Gernika suntsituta dago, suak hartuta. Su eman diote eta errauts bihurtu dute Agirre kriminalaren horda gorriek, Euskadiko errepublikaren lehendakariaren zerbitzariek. Sutea atzo izan zen, eta Agirrek, delitugile arrunta denez, gezur doilorra bota du, gure gudaroste nazionaleko abiazio heroiko eta nobleari krimen hori leporatzeko. Guztiz froga daiteke abiazio nazionalak ez zuela hegan egin lainoagatik, ez Gernikaren gainean, ez Bizkaiko beste inongo guneren gainean ere. (…) Agirrek deabrua balitz bezala jokatu du, eta ekintza histrioniko eta nazkagarria prestatu du: Gernika suntsitzea, errua arerioari leporatzeko. (…) Euskaldunek eta mundu osoak jakin behar dute Agirrek Gernika erre duela. Horixe da egia, egi bakarra”.

Gezurrak gezurren gainean

Mundu osoan izan zuen oihartzun bonbardaketak, eta albistea munduan zabaltzearekin batera hasi ziren faxistak eginahalak egiten gertatutakoa gezurrez estaltzeko. Francoren aldeko hedabideak Gernika gorri separatistek erre zutela azaldu zuten hasieratik, eta eguraldi txarrak faxisten abioei hegaldatzea galarazi ziela ere hedatu zuten. Bonbardaketa gertatu eta pare bat egunera, “xede militar” izendatu zuten matxinoek hiria, eta nazioarteko kazetari eta begiraleei bertara sartzea galarazi zieten. Handik gutxira, froga guztiak ezabatu ondoren utzi zieten sartzen, eta nazioarteko berriemaileek ikusi zuten kalean gasolina bidoi hutsak jarri zituztela okupatzaileek hainbat tokitan, Gernika errepublikazaleek erre zutela zioen tesia indartuz.

Hilaren 27an idatzi zuen George Steer kazetariak hegazkin alemanen egiletzari buruz. “Bonbardaketa nola egin den, suntsipena nolakoa izan den eta hautaturiko helburua zein izan den kontuan hartuta, Gernikaren aurkako erasoak ez du parekorik historia militarrean. Gernika ez zen helburu militarra. Herritik kanpo, gerra materiala ekoizteko fabrika bat dago, eta oso-osorik geratu da”.

Ezbairik gabe, herritar zibilen kontra egindako erasoen artean mugarria izan da Gernikakoa. Gerora, II. Mundu Gerran Londres, Dresden, Hiroshiman gertatu zenaren, edo gaur egun, Siriako Alepo eta Homsen gertatzen denaren aurrekaria. “Gernikaren suntsiketa ez zen izan lekuko izatea suertatu zaienentzako espektakulu hitsa soilik; Ananias hankaz aurrera labe gorian sartu zutenez geroztik kristauen belarriek entzun duten gezurrik handiena eta absurdoenaren abiapuntua izan zen”, utzi zuen Steerrek idatzita.

Ez zebilen oker kazetari hegoafrikarra. Gernikakoa ez zen eraso hutsala izan. Ez zen ausaz aukeratu. Eta gizarte zibilaren aurka egin eta armategi berria erabiltzea ez ezik, bestelako helburua ere bazuen: euskaltasunaren aurka egitea. Hori baitzen Gernika, nolabait: euskal askatasunen ikurra zen munduan. Horren adibide dira Wilhelm von Humboldtek Euskal Herrira egindako bigarren bisitaldiaren ondoren 1801ean idatzitako testuak, William Wordsworth poeta ingelesak 1810ean publikatutako The Oak of Guernica poema (Gernikako haritza) eta Jose Maria Iparragirrek 1853an idatzitako Gernikako arbola kantua. Herriaren sinbologia horrek lagundu zuen, besteak beste, apirilaren 26ko sarraskia mundura zabaltzen.

Argitzeko ertz ugari

1937ko apirilaren 26aren marka du Gernikak. Gaiari buruz asko ikertu den arren, orduko zauriak ixtea lan nekeza izango dela azaldu zion BERRIA egunkariari Xabier Irujo historialariak, joan den hilean. Gernikako gertakariei buruzko hirugarren liburua idatzi du Irujok, eta, dioenez, Francoren diktadurak iraun zuen 40 urteetan gordetako gezurren ondoren, zaila da egia azaleratzea. “Oraindik asko dago ikertzeko, eta asko idazteko. Urte asko pasatuko dira honi buelta ematea lortzen dugun arte, baina gure herriari zer gertatu zaion jakin behar dugu. Gezurrak ez ditu gauzak estaltzen, normalean egia beti ateratzen da”.

80 urte pasatu dira orduko gertakarietatik. Azken urteetan egiaren aldarrikapena izan da Gernikan urtemuga bakoitzean, eta ildo beretik joko du aurtengoak ere. Datu berriak eta ikerketa berriak agertzen dira oraindik. Horiek ofizial nola egin da gakoa orain.