“Gazte Akelarrearen asmoa da prestakuntza eta aisialdia uztartzea”

“Gazte Akelarrearen asmoa da prestakuntza eta aisialdia uztartzea”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Gaztea den arren, ez antolaketa lanetan ez bozeramaile lanetan lehen aldia ez duenaren arintasunarekin mintzo da Lur Arbizu (Artazu, Nafarroa, 1993). Milaka gazte biltzea espero duen Gazte Akelarrea hasteko egun gutxi falta direla, lanpetuta bezain gogotsu antzematen zaio.

Zornotzan hasi eta Igorrera, Bizkaian egingo duzue osorik gazte mugimenduaren aurtengo topagunea, orain arte egin gabeko ereduan. Nolakoa izango da?

Berezia izango da aurtengoa, gazte martxa eta topagunea edo Danbadaren formatua uztartuko direlako, lehen aldiz. Apirilaren 13an hasiko da Gazte Akelarrea Zornotzan. Ostegunean bertan, arratsaldean, abiatuko gara oinez Zornotzatik Igorrera. Gauean Igorrera heldu, kanpatu eta musika eta aisialdi pixka bat izango da.

Gauean helduko zarete Igorrera eta orduan jarriko dituzue kanpin dendak?

Hori da, bai. Bere xarma izango du. Akelarrea egingo da gauez heltzean; irudi polita utziko du.

Igorren geratuko zarete gainontzeko egunetan.

Bai. Eta oso egitarau indartsua izango dugu. Aisialdia eta prestakuntza uztartuko ditugu: egongo dira hitzaldi, mahai inguru, tailer, lehiaketa pila bat, eta arratsalde-gauetan 28 musika taldek joko dute hainbat gunetan. Sound sistem gunea izango dugu, eta Akeita gunea, hura baino lasaiagoa, baita kontzertu handiak egongo diren karpa handia. Ekitaldi bat eta manifestazio bat ere egingo ditugu larunbatean…

Prestakuntzari dagokionez, zein gai landuko dituzue?

Akelarreak izan nahi du tresna bat gazte mugimenduentzat, gure prestakuntzarako. Alde horretatik, hitzaldi pila bat dago, eta oso baliagarri izan daiteke gazteen ikuspegitik. Gai asko landuko ditugu; elikadura burujabetzatik independentziaraino, tartean Madrilgo Kongresuari buruzko hitzaldia, feminismoaren ingurukoak, Gernikari buruzkoa eta beste hainbeste ditugu. Asmoa da prestakuntza eta aisialdia uztartzea, eta, batez ere, akelarrea izatea tresna bat gazteon interesei erantzungo diena. Musikari dagokionez, Soziedad Alkoholika, Gatibu eta Gatillazo egongo dira, besteak beste.

Zenbat jende espero duzue?

Aurreko urteetan izan den jendetza ikusita, aurten ere milaka gazte espero ditugu. Gazte antolakundeak udaberrian egiten duen ekinaldia oso indartsua izaten da, eta milaka pertsona joatea espero dugu.

‘Sugarren dantzan independentziara’ leloa aukeratu duzue aurtengorako. Zer adierazi nahi duzue?

Adierazten dena da borroka txikiek edo su txikiek pizten dituztela gauza handiak. Independentzia da gure helburu estrategikoetako bat, betiere beste eduki politiko batzuekin jantzita, gure proiektu politikoan sartzen baitira sozialismoa, feminismoa, ekologismoa… Adierazi nahi duguna da sugar edo txinparta txikiek piztu ahal dituztela borroka handiak, eta gazteok borroka txikiak egiten ditugula pixkanaka, herriz herri eta auzoz auzo, Euskal Herri osoan. Sugarren dantzan, akelarre txikietatik akelarre handiak sortzen direla, eta independentziarako bidea marrazten dugula horrela gazteok.

Laugarren urtea da Ernaik eta Aitzinak elkarrekin antolatzen dituzuela halako topaketak. Zein ekarpen egiten du horrek?

Laugarren aldia da udaberriko ekinaldia Aitzinarekin batera egiten duguna Ernaiko kideok, eta elkarlan hori azpimarratu nahi dugu. Iruditzen zaigu inposatu dizkiguten mugen gainetik gazteok badugula zeresana eta Euskal Herri guztiko gazteentzat topagunea egitea oso garrantzitsua dela, elkarlanaren ideiarekin lotuta. Hau da, bi gazte antolakundeek konpartitzen ditugun proiektuen inguruan badugula zer antolatua elkarrekin. Juxtu kongresua bukatu berri dugu guk, eta erabaki inportanteetako bat hori da: sakonduko dugula Aitzinarekin dugun harremanean, jarraituko dugula elkarlanean, auzolanean, eta saiatuko garela inposatu diguten mugaren bi aldeetako gazteok gure arteko harremanak eta, batez ere, borrokak eta lan ildoak indartzen. Beraz, bi erakundeen arteko elkarlana indartzeko modu bat da hau.

Igandean Aberri Egunera joateko asmoa duzue.

Bai; Aitzinakoak Uztaritzera eta gu Gernikara joango gara, bi Aberri Egun antolatu direlako. Goizean kanpalekua desmuntatuko dugu, eta Aberri Egunera joango gara. Iruditzen zaigu oso data seinalatua dela, eta aurten are gehiago, 80 urte betetzen direlako Gernika bonbardatu zutenetik eta altxamendu frankista izan zenetik, eta horrek guztiak sinbologia handia du. Uste dugu gazteok ere badugula zer egina, eta, alde horretatik, dei egiten dugu Aberri Egunera guztiok joatera.

Nola parte har dezake Gazte Akelarrera joan nahi duenak?

Hainbat salmenta leku daude Euskal Herrian zehar, eta apirilaren 9ra arte dago horietan abonoamenduak erosteko aukera. Bestela, han bertan erosi ahalko dira abonamenduak. Hiru mota daude: Akelarre osorakoak, ostiralerakoak eta larunbaterakoak.