Natalia Salazar Orbe
Demokraziaren oinarria. Oinarrizko eskubidea. Herritarren erabakitzeko eskubidea. Horixe gauzatuko dute igandean Bizkaiko hainbat herrik. Busturialdeko 17 herritan eta Arrigorriagan dena dute prest Gure Esku Dago dinamikak sustatutako galdeketak egiteko. 49.346 herritarrek azaldu ahalko dute zer-nolako estatus politikoa duen Euskal Herria nahi duten etorkizunerako.
Mugarri bat izango da Bizkaian, bertan eskualde moduan egiten duten lehenengo galdeketa izango baita. Busturialdeko herri hauetako bizilagunak daude deituta bozkatzera: Ajangiz, Arratzu, Bedaroa, Bermeo, Busturia, Ea, Ereño, Errigoiti, Forua, Gautegiz Arteaga, Gorozika, Gernika-Lumo, Ibarruri, Kanala, Kortezubi, Mendata, Morga, Murueta, Muxika, Nabarniz eta Natxitua. 39.146 herritar, denera. Eta, Arrigorriagan, beste 10.200. 48 mahai baliatuko dituzte horretarako. Den-denak boluntarioz osatuta. Orain arte bezala. Herritarrak baitira erabakitzeko eskubidearen sustatzaile eta gidariak.
Orain artean herri txikietan egin diren galdeketek parte hartze handia izan dute: %60tik gorakoa. Oraingoan, proba zailago bati egin beharko diote aurre sustatzaileek, hiru herri handitan deitu dituzte-eta bozketak. Gernika-Lumok eta Bermeok 17.000 biztanle inguru dituzte. Eta Arrigorriagak, 12.000tik gora.
Bidea egin dutenak
Arrankudiaga Zollok, Dimak, Ispasterrek eta Larrabetzuk sortutako olatuari helduko diote herriok oraingoan. 2014ko azaroan egin zuten galdeketa Arrankudiaga Zollokoek, Etxarri Aranatzen (Nafarroa) lekukoa hartuta. Botoa eman zezaketen herritarren %61,5ek jo zuten Gure Esku Dago dinamikak jarritako hautetsontzietara. Horietatik, %89,6 agertu ziren euskal estatu bat sortzearen alde.
Haren atzetik iritsi zen Ispasterreko galdeketa. Maiatzaren 7an Lea Artibai eskualdera iritsiko den olatuaren eragileetako bat izan zen. Iazko ekainean egin zuten. 377 herritarrek eman zuten botoa: horretarako eskubidea zutenen %63,79k. Eta 351k euskal estatu burujabe baten herritar izan nahi zutela bozkatu zuten: parte hartu zutenen %93,1ek.
Dima izan zen hurrengoa. Azaroan egindako galdeketan, boza eman zezaketenen %63,4k hartu zuten parte. %95,2 azaldu ziren euskal estatu burujabe baten alde.
Martxoaren 19ko olatuari heldu zion Larrabetzuk. 1.585 lagunek zuten aukera estatus politikoari buruzko iritzia emateko. 919k eman zuten botoa: hautesleen %57,98k.
Emaitzak gorabehera, parte hartzea da Gure Esku Dago dinamikak sustatzen duena. Izan ere, ariketa demokratikotzat ditu galdeketak, abertzaleekin edo lurraldetasunarekin soilik lotutako kontuez harago.
Asteburu honen ostean, hurrengo galdeketa garrantzitsua maiatzaren 7a izango da. Durangaldeko, Lea Artibaiko, Uribe Butroeko eta Uribe Kostako 30 herritan egingo dituzte galdeketak. Baita Orozkon eta Zeanurin ere.
09:00etatik 20:00etara
Etzi, 09:00etan zabalduko dituzte botoa emateko mahaiak, Busturialdean eta Arrigorriagan. Eta 20:00etan itxi. Bermeon izango da mahai gehien: hamabost. Hamar jarriko dituzte Gernika-Lumon. Herritarrek nahi duten mahaian bozkatu ahalko dute.
Galderei dagokienez, herri guztietakoek ildo berari jarraituko badiote ere, desberdintasunik bada batetik bestera. Arratzun oinarriak finkatzeko bideari ekin diote: Euskal herritarra izanik, geure etorkizuna erabakitzeko eskubidearen alde zagoz?, galderari erantzun beharko diote bertako bizilagunek. Gainerakoetan, euskal estatu independente edo burujabe bateko herritar izan nahi duten erantzun behar dute.
Bitxikeriak ere izango dira
Etorkizunari buruz erabakitzeko nahia handia dela nabari da leku askotan. Herri batzuek ez dute galdeketarik antolatu; bai, ordea, horietako auzo batzuek. Eta herriak berak deialdia egin arren, zenbait auzok beren aldetik ere egin dute deia.
Kanala auzoa da horietako adibide bat. Bertako bizilagun batzuk —itsasadarraren eskuinaldean bizi direnak— Gautegiz Arteagakoak dira. Ezkerraldekoak, berriz, Sukarrietakoak. Sukarrietak ez du egingo galdeketarik; Gautegiz Arteagak, bai. Eta Kanalekoek euren aldetik egingo dute.
Bestalde, Muxikan hiru galdeketa egingo dituzte: Muxikak berak deitu duena, batetik, eta Gorozika eta Ibarruri auzoek beren aldetik antolatutakoak, bestetik. Etorkizunari buruz erabakitzeko gogoak mugarik ez duen seinale. Urtegietako ateak zabalduta askatzen direnean bezala, igandean libre beheratuko dira hainbat herritako urak. Indar handiz beheratu ere, horiei mugarik jartzerik ez dago eta.