Gakoak

Administrazio publikoen babesik gabe egiten den galdeketa bat izanik, hauteskundeetan izaten ez diren hainbat konturi arreta berezia jarri behar izan diete.

1. Nork bozka dezake?
Galdeketa egiten den herrietan erroldatuta dagoen 16 urtetik gorako orok eman dezake botoa. 2001eko apirilaren 2an edo lehenago jaiotakoak izan behar dute.

2. Bozkatzeko agiriak.
NA zenbakia jaso behar dute antolatzaileek agirietan. Beraz, NA edo pasaportea eraman daitezke, horietan galdeketa egiten den herria ageri bada bizileku moduan. Gainerakoan, errolda agiria behar da. Baita EHNA edo gidabaimena eramanez gero ere. Espainiar herritartasuna ez dutenei dagokienez, AIZ (NIE) eraman behar dute, bertan galdeketa antolatzen den herria agertzen bada bizileku gisa. Beste herri bat ageri bada, errolda agiria ere beharko dute. Beste agiririk ez badute, osasun txartela eta errolda ziurtagiriarekin bozka dezakete.

3. Botoen kontrola.
Udaleko errolda agiririk erabiltzerik ez denez izango, mahai bat baino gehiago jarriko duten herrietan inork botoa behin baino gehiagotan ematen ez duela bermatzeko sistema informatiko bat dute prest antolatzaileek. Beraz, ezinezkoa da iruzurra egitea.