“Ez dira opor bidaiak, bidaia politikoak dira”

“Ez dira opor bidaiak, bidaia politikoak dira”

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Hiru hamarkada bete ditu aurten Askapena elkarteak, eta munduko hamaika herrirekin elkarlanean ari da ordutik bertako errealitateak ezagutu eta Euskal Herrian ezagupenak zabaltzen. Aurtengo brigadak antolatzeko lanetan murgilduta dago Izaskun Goienetxea Askapenako kidea egunotan (Santurtzi, 1990). Bolivia, Argentina, Uruguai, Brasil, Mexiko, Venezuela, Palestina, Italia, Bretainia eta Herrialde Katalanetara egingo dituzte bidaiak aurten, udan, Borrokak uztartzen goiburupean. Bizitza osorako esperientzia da brigadena, Goienetxearen arabera: “Behin baldin bazoaz ere, bizitza osorako egiten zara brigadista. Betirako geratzen den zerbait da”. Apirilaren 16ra bitarte dago irekita brigadetan parte hartzeko izena emateko epea.

Zein da brigaden helburua?

Aurten, 30 urte beteko ditu Askapenak, eta haren ibilbide osoan funtsezko erreminta izan dira brigadak gure lan politikoa egiteko. Joan-etorriko elkartasun sarea lantzen dute brigadek: beste herrialde batzuetako errealitatea ezagutzeko eta guk ere gure herriari buruzko egoeraren berri emateko aukera ematen du. Baina brigadak ez dira itzultzean bukatzen. Bueltan, ikusi eta ikasitako guztia Euskal Herrira ekarri eta esperientzia kolektiboa partekatzea oinarrizkoa da.

Behin brigadetan parte hartuta, internazionalismora lotzen dira joandakoak?

Maila pertsonalean jotzen du jendeak brigadetara, baina talde izaera hori etengabekoa da gerora. Esperientzia pertsonaletik harago doa. Argi dago: ez dira opor bidaiak, lan politikoa egiteko bidaiak dira brigadak. Eta, nahiz eta maila pertsonalean joan, behin hona iritsita ikasitakoa partekatzea funtsezkoa da. 30 urte hauetan ehunka pertsonak parte hartu dugu brigadetan, gerora internazionalismoarekin konpromisoak hartu ditugunak; bai Askapenan militatuz eta baita beste hainbat eragiletan ekarpena eginez ere. Esperientzia bat da, baina horrek dakarrena askoz ere gehiago da.

Zeren arabera aukeratzen dituzue brigadetako herrialdeak?

Euskal Herriko askapen mugimenduari lagundu diezaioketen esperientziak dira gure interesekoak, oro har. Herri boterearen artikulazioa, herri mugimendu eta erakundeen arteko kontraesana… Latinoamerikako herriek hainbat gai lantzeko aukera ematen digute. Baina, horiez gain, badira oraindik erresistentzian dauden herriak ere: Palestina, kasurako. Esperientzia oso interesgarriak bil daitezke horietan guztietan. Gauza bera gertatzen zaigu Herrialde Katalanekin. Aurten ere brigadak antolatu ditugu, eta hara joango gara. Prozesu independentista nola bizitzen ari diren ezagutzera goaz. Hedabideek esaten digutenaz harago, bertatik bertara ezagutzea oinarrizkoa baita.

Europako Batasunera ere egingo dituzue brigadak aurten.

Aurten, Europarako apustua egin dugu. Askapena Nikaraguako iraultza sandinistaren testuinguruan sortu zen, eta, Latinoamerikako iraultzetatik ikasteko asko dugun arren, badakigu zein den gure gudu zelaia. Guk Europan egin behar dugu borroka, eta bertan aurkitu behar ditugu aliatu nagusiak. Norabide horretan interesgarria da horren ezagunak ez diren prozesuak ezagutzea. Italian, adibidez, mugimendu autonomo eta ekologista oso potenteak izan dira tradizioz; eta gauza bera ikasle eta okupazio mugimenduarekin ere. Hortik irakaspen asko jaso ditzakegu. Bretainiara ere lehen aldiz antolatu dugu brigada.

Zergatik aukeratu duzue Bretainia?

Askapena erakunde nazionala baldin bada, hala pentsatu beharko luke, eta logika horretan lan egin. Espainiaren menpe dauden herriei dagokienez, aspaldi egin ditugu Galiziara edo Andaluziara brigadak. Eta gauza bera egin nahi dugu Frantziaren menpe dauden herriekin ere. Pixkanaka, ezagutu eta Euskal Herria ezagutarazteko urratsak egin.

Euskal Herritik zer eramaten dute brigadek?

Gure esperientzia eramaten dugu, eta baita gure borroken irakaspenenak ere: euskara eta kulturgintzako aurrerapenak, erresistentziaren irakaspenak, herri harresien esperientziak, kooperatibismoa eta auzolanaren tradizioa, tokian tokiko egitasmoak… Edonola ere, argi dugu ez goazela ezer irakastera, ikastera goazela.

Zer nolako osasuna du brigadismoak gaur egun?

Mugimendu guztiek bezala gora beherak ditu gureak ere. Baina esango nuke nahiko osasuntsu gaudela orain. Dagoeneko 50 pertsonek eman dute izena aurten brigadista izateko, eta apirilaren 16an bukatzen da epea. Nahi duenak aukera du etortzeko, beraz: brigadak@askapena.org e-postara idatzita eskatu daiteke informazioa.