Alaitz Armendariz
Bilboko Udalak hiriko mugikortasunaren egoera aztertzeko ikerketa baten emaitzen berri eman du. Oro har, hiriko mugikortasun jasangarria “positiboa” dela adierazi dute ikerketaren arduradunek, baina hobetu daitekeela ere ohartarazi dute, eta neurriak etorriko direla iragarri dute. Ikerketa urri eta azaro bitartean egin zuten, eta, Bilboko Udalaren arabera, hiri eredu berri bat lortzeko balioko du, bertan bizi direnen bizi kalitatea hobetzeko.
Ikerketak agerian utzi duenez, egunero 850.000 lekualdaketa egiten dira Bilbo barnean, eta horietatik %12 bakarrik egiten dira autoz. Gehienak, %65, oinez egiten dira, eta gainerako %23a, garraio publikoan. Hobetu beharreko alderdien artean, bizikletaz ibiltzeko aukerak aipatu dituzte ikerketaren egileek; izan ere, Bilbok “loturarik gabeko” gune asko ditu, auzo altuetan ibiltzeko zailtasunak daude, eta aparkatzeko “leku gutxiegi”. Arrazoi horiek ikerketan aztertutako pertzepzio sozialaren ondorio direla azaldu dute.
Bilbotik ibiltzeko autoa garraio publikoa baino askoz gutxiago erabiltzen den arren, hiritik sartu eta irteteko orduan egoera asko aldatzen da. Egunero hirira sartu edo irteteko autoa erabiltzen dute bidaiarien %60k, nahiz eta Bilboko garraio publikoaren sarea handia izan.
Kasu gehienetan lan kontuengatik mugitzen dira bidaiariak, eta ez dute ia inoiz autoa beteta eramaten. Hori dela eta, administrazioarentzako erronka bat izango da garraio publikoa are gehiago sustatzea trafiko arazoak saihesteko. Hala, aurrerantzean ere Bilbo barnean mugitzen diren oinezkoentzat hiri eroso bat izango da, eta trafikoarekin ahalik eta harmonia handiena edukiko du. Ohiko lanegun batean, 1.400.000 lekualdaketa egiten dira orotara Bilbon, sartu eta irteteko zein hiri barruan. Kopuru horretan %31 dira autoak (435.000).
Udalaren lanak ahalbidetu egin du egiaztatzea zamaketa eremuetan baimenik gabe aparkatzen duten autoek “saturazio arazoak” eragiten dituztela. Hiriko mugikortasunari begira hobetu nahi duten arlo bat da hori, baina udaleko arduradunak “pozik” daude. Alfonso Gil Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun arloko zinegotziak azaldu duenez, irailean mugikortasuna “hobetu” ahalko duten neurriak sustatzeko moduan izango dira. Udalak egin nahi duen “mugarri” historikoa da irailean izango den Europako Mugikortasunaren Astean plana aurkeztea. Horren aurretik, diagnostiko osoa egin nahi dute, eta Bilboko Mugikortasunaren Aldeko Hitzarmen handia sinatu nahi dute talde politikoekin eta interes taldeekin.
Ikerketa osoa azterketa tekniko baten eta giza pertzepzioaren analisi baten bitartez egin dute, eta Leber eta Kualitate enpresak izan dira arduradunak. Trafikoaren kudeaketan, planifikazioan eta ingeniaritzan adituak dira. Leber enpresa txostena egiteko datuak biltzeaz arduratu da, eta Kualitate aholkularitza enpresak pertzepzioa eta balorazio soziala alderatu ditu. Nabarmendu dutenez, Bilboko barneko mugikortasuna “inbidiagarria” da, Europako beste hiriburuetako mugikortasunarekin alderatuta.
Udalak hobetu nahi duen beste alderdi bat garraio publikoari dagokiona da. Auzoen arteko loturak erdigunetik igarotzen diren lineen menpe daude, gaur egun, eta udal arduradunek aitortu dute auzo batzuek ez dutela garraio publiko “aproposik”.