“Ikusleria gazteago eta ugariagoa nahiko genuke elkartean”

“Ikusleria gazteago eta ugariagoa nahiko genuke elkartean”

Natalia Salazar Orbe

Bilboko Elkarte Filarmonikoa 1896an sortu zuen hiriburuko burges talde batek. 3.000 kontzertu antolatu ditu jada, 121 urteko ibilbidean. Diru laguntzarik ez du nahi Asis Aznar elkarteko presidenteak (Bilbo, 1936), mendekotasun arriskua saihestearren.

Zeintzuk helbururekin sortu zen Bilboko Elkarte Filarmonikoa?

Bizkaian musikaren kultura garatu eta sustatzeko baliagarriak izan daitezkeen era guztietako jardueratara bideratzeko funtsak lortzea du helburu, hala nola laguntzak, sariak, musika egileentzako enkarguak edo antzekoak egitea. Bereziki, kontzertuak sustatzen ditu, musika hezkuntza zabaltzeko eta musika klasikoarekiko interesa hedatzeko.

Nortzuk eratzen dute elkartea; zer-nolako profileko bazkideak dituzue?

Bazkideen profila plurala da, ez du ezaugarri bakar bat. Batez besteko adina handia da. Hori dugu arazo musika elkarteok. Bi bazkide mota daude: ohorezkoak eta osoak. 50 urtez etenik gabeko jarduera burutzen dutenean bihurtzen dira ohorezko bazkideak. Ez dute ezer ordaindu behar. Ia ehun ditugu era horretakoak. Batez besteko adina 80 urtekoa da gurean. Bazkide osoei dagokienez, 850 inguru daude. Azken horiek kuotak ordaintzen dituzte.

Gertaera biribila izan berri duzue: 3.000. kontzertua eman duzue. Zer-nola bizi duzue?

Ezer baino lehen, zehaztasun bat: 3.000 kontzertu horien barruan Elkarte Filarmonikoak zuzenean antolatutako kontzertuak sartu ditugu. Askoz ere kontzertu gehiago prestatu ditugu elkarlanean, ordea. Baina horiek ez ditugu zenbatu. Beraz, benetan gehiago dira. Hala ere, 3.000 ez daude batere gaizki. 121 urteko ibilbidea egin dugu. 1936ko gerraren ondorioz bi urteko etena egin ostean, etengabe aritu gara. Polita izan da zenbaki biribil horretara iristea. Grigory Sokolov pianista bikaina izan dugu. Gailurrean dagoen musikaria da. Oso polita izan da. Ikus-entzule ugari izan ziren.

Ikus-entzuleak berritzea duzue hurrengo erronka. Nortzuk dituzue jomuga?

Bazkideen batez besteko adina jaistea da elkartearen helburua. Egonkortasun ekonomikoa lortzen dutenek gurera goizago jotzea nahiko genuke. Ezer gutxi egiten da kulturaren alde. Ondorioz, jendea berandu iristen da izugarri asebetetzen duen mundu honetara. Ez zaigu iristen guk nahiko genukeen publiko guztia. Iristen direnetako askok urte asko dituzte.

Babes handiagoa ere beharko litzateke. Mezenasgo legea ez da atera. Oso garrantzitsua izango litzateke hori, kontzertuak babestu ahalko lituzketen elkarteentzat. Ikusleria gazteago eta ugariagoa nahiko genuke. Pozik gaude gure publikoarekin, baina garrantzitsua da gazteagoak izatea, ikusle horiek fidelak izango baitira. Oso pozik gaude gure ikusleak oso fidelak direlako. Gurera datozenek maila goreneko musika klasikoa entzun ahalko dute. Beraz, publiko horrek egingo du gure elkartearen zabalkunde handiena.

Ikus-entzule horiengana iristeko, zer eskaintzen du Bilboko Elkarte Filarmonikoak?

Denboraldian 31 kontzertu izaten dira, hainbat taldetan banatuta: ganbera orkestren taldea, bakarlariak, kontzertuak eta kantu errezitalak. Esperientziak erakutsi digunaren arabera, askotariko eskaintza dugu, eta orekatua. Kontu handiz aritzen gara gure aurrekontuak doitzeko. Harmonizazio handia lortu dugu. Aniztasun horrek guztiak are interesgarriago bihurtzen du gurea. Betiere, kalitatea lehenesten dugu.

Eskaintza hori, urtean 1.020 euroko kuota baten truke.

Bai. Eta, horrez guztiaz gain, beste eskaintza batzuk ere baditugu: bidaiak, musika ikuskizunak,topaketak artistekin, konferentziak… Horrek pluralago egiten du gure ekarpena. Askorentzat lagungarria da, gainera. Jende askok esaten dit ez duela musika ezagutzarik. Ez da ezer gertatzen. Musika hizkuntza emozionala da. Berehala ikasten da bereizten zer den ona, zer den hala moduzkoa edo txarra, eta norbera hunkitzen duena. Esperientziak ere laguntzen du. Gure publikoak elitista eta ezagutza handikoa izan behar duela esaten digute. Ez nator bat; hori ez da beharrezkoa eskaintzen dugunaz gozatzeko.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan diru laguntzarik jasotzen ez duen era horretako elkarte bakarra da zuena. Zergatik?

Beti izan da horrela. Bazkideen kuotetatik bizi gara. Diru laguntzak lagungarri izan daitezke, baina hobe da ez hartzea. Aho biko ezpata da: mendekotasuna sortuko ligukete. Askoz hobe da babesleak izatea. Kuotak eskuragarriak dira, kalitatea eta prezioa kontuan hartuta. Noizean behin babesleak izan nahiko genituzke; aurrekontu handia duten kontzertuetarako, esaterako. Oso garrantzitsua da mezenasgo legeak babesle horiei laguntzea.

Zer-nola lagunduko luke lege horrek?

Kultura laguntzen dutenentzako zerga arintzeak aurreikusten ditu. Era horretan, enpresak prest egongo lirateke kontzertu garrantzitsuak babesteko. Eta hori oso lagungarria izango litzateke.

Posible al da zuek antolatzen dituzuen kontzertuetara joatea bazkide izan gabe?

Ez. Hala ere, kontzertu bakoitzeko bi gonbidapen eskura ditzakete bazkideek, eta posible dute nahi dutena gonbidatzea.

Goi mailako artistak izateaz gain, zuen aretoa ere ona da. Zeintzuk ezaugarri ditu?

Aretoa zoragarria da. Ezaugarri bikainak ditu. Fidel Iturria bertoko arkitektoak eraiki zuen. Eta asmatu zuen. Egiten zuen lehen kontzertu aretoa izan zen. Dokumentazio lan handia egin zuen, bereziki, Alemaniako kontzertu aretoak aztertuz. Giro intimista sortzen badu ere, 940 eserleku ditu. Ez da horren txikia. Oso baldintza onak ditu. Gurean jotzen duten artista guztiei ere asko gustatzen zaie. Ganbera musika egiten duten artistek oso ondo entzuten diote elkarri. Beraz, bazkideen eta agertokiaren arteko komunikazioa perfektua da; baita agertokian ari diren musikarien artekoa ere. Aretoa gurea izanik programazioa antolatzeko erraztasun gehiago ditugula irudi daiteke. Hala ere, 1904an eraiki zuten. Asko zaindu behar da, eta garestia da mantentze lana.

Nola ikusten duzu elkartearen etorkizuna?

Etorkizuna elkartearen bazkide egin nahi duten pertsonen esku dago. Musika klasikoak poz handiak eman diezazkizuke. Oso lagungarria ere izan daiteke. Publikoa dagoen artean eta gure atzetik datozenek jarraitzen duten bitartean, honek aurrera egingo du. Kulturak duen garrantzia azpimarratu behar da. Hezkuntzan humanitateak murrizten dituztela-eta, edo kulturari BEZ oso altua jartzen diotela ikusita, tristura sortzen zait. Baina horrek guztiak hobera egingo du. Gure kontzertuak oso erakargarriak izango dira datozen belaunaldientzat.

Musika klasikoak arrakasta duela uste duzu?

Bai. Jendeak gehiago entzun beharko luke. Duela 50 urte bizitza lasaiagoa zen, beste erritmo bat generaman, eta errazagoa zen kontzertuen arratsalde bat gozatzea. Askoz hobeto kontzentra gintezkeen musikan. Gaur egun, bizitza azkarragoa da; kontzentrazioa, laburragoa, eta aisialdirako aukerak, askotarikoak. Hala ere, musika klasikoarekiko zaletasuna ez da gutxituko.