Adieraztea garestitu da, legez

Adieraztea garestitu da, legez

Aitziber Laskibar Lizarribar

Aste honetan bete dira hamalau urte Guardia Zibilak, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, Egunkaria indarrez itxi zuela. Adierazpen askatasunaren kontrako eraso argitzat jo zen hura; salbuespen gisara ere hartu zuten zenbaitek, eta milaka herritarren mobilizazioa eragin zuen. Baina, hamalau urte geroago, adierazpen askatasunak herren jarraitzen du, gabezia eta hutsuneekin. Asko dira azken urteetan adierazteko mugak estutu direla salatu dutenak eta agintearen aurkako pentsamenduak publikoki esan edo idazteak arriskua dakarrela ohartarazi dutenak. Eta badaude adierazpen askatasunaren muga kolokan jarri duten adibideak: astelehenean bertan epaituko dute Bilbon bizi den Alfredo Remirez txiolaria, Madrilen, txioak idazteagatik. Bestetik, aurreko astean egin zen mozal legea oinarri duen lehen epaiketa Bilbon. Epaiketarik gabe, milaka isun eragin ditu lege horrek.

Aurreko asteko asteazkenean eraman zuten lehen aldiz epaiketara Herritarren Segurtasunerako Legean oinarrituta jarritako zigor bat. Hain zuzen, legea indarrean jarri zen egunean bertan protesta egiteagatik zigortu zuten herritar batek epaitegian aurkeztutako helegitearen harira izan zen Bilboko epaiketa. 2015eko uztailaren 1ean sartu zen indarrean lege murriztaile hori, eta egun horretan bertan hainbat protesta egin ziren, legeak adierazpen askatasunaren aurka egiten duela eta herritarren oinarrizko eskubideak urratzen dituela salatzeko. Lehen egun horretan jarri zituen aurreneko salaketak Ertzaintzak. Lehen egun hartan sortu ziren lehen isunak, protesta haiengatik.

Protestarako batuta

Aurrez ere mobilizazio asko eragin zituen etortzear zen legeak. Gerora ere bai. Mozal legea izango zenaren inguruko informazioa zabaltzen hasi zenean eragile ugari batu ziren han eta hemen, neurri zigortzailearen kontra egiteko. Eta esanguratsua da batu ziren taldeen aniztasuna. Bizkaian, Herritarren Kriminalizazioaren Aurkako Plataforman bildu ziren, esate baterako, Etxeko Langileen Elkartea, Bizkaiko SOS Arrazakeria, Berri-Otxoak, Eleak, Ernai, Bakea eta Elkartasuna Fundazioa, Greenpeace Euskadi, Kakitzat, KEM-MOC, Komite Internazionalistak, m15m, Mugitu, Babel Munduko Emakumeak, Mbolo Moy Doole paperik gabekoen plataforma, Sagarrak, Salhaketa, Sare Antifaxista eta Tosu Betirako. Horiek guztiek antolatu zuten legea martxan jarri zen egunean zigorrak eragin zituen Bilboko mobilizazioa. Neurriak urtea bete zuenean ere, guztiek egin zuten salaketa bateratua, esku artean zituzten datuen berri emanez.

2015eko apiril eta 2016ko martxo artean Araba, Bizkai eta Gipuzkoan Ertzaintzak, astero, batez beste 61 zigor jarri zituela jakinarazi zuen plataformak; 3.959 aldiz ezarri zutela mozal legea denbora tarte horretan. Bizkaian, 1.907 isun jarri zituen. Datu horiei Espainiako Poliziak, Guardia Zibilak eta udaltzainek jarritako zigorrak gehitu behar zaizkie.

Aurreko astean Bilbon egin zen epaiketaren harira plataformak berak zabaldutako datuen arabera, iazko ekain eta azaro bitartean mozal legean oinarritutako 1.500 espediente abiatu zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta zigortuek 328.827 euro ordaindu zituzten isunetan. Kasu gehienetan, 300 eta 1.500 euro bitarteko isunak jaso zituzten. Zigorretatik 626 Bizkaian jarri zituzten, eta horietatik 160, hiriburuan. Beste datu adierazgarri bat: Herritarren Segurtasunerako Legea indarrean sartu zenetik iazko ekainera arte, 602 bizkaitarretik bati jarri zioten isuna araudi horretan oinarrituta.

Legeak poliziei ematen dien ahalmena da zigorrak etengabeak izatearen atzean dagoen arrazoietako bat. Izan ere, zigor mota asko ezartzeko, ez da epailearen erabakirik behar; ez da bi aldeak entzun eta ondorio bat atera behar. Poliziak esaten duena nahikoa da herritarra zuzenean zigortzeko. Edozein ertzain, udaltzain edo poliziak herritarrak bide administratibotik salatzeko aukera du, eta, ondorioz, isuna zuzenean ezartzekoa.

Askotarikoak izan daitezke isuna jartzeko arrazoiak: 100 eta 600 euro arteko isuna eragin lezake, esaterako, espazio publikoan biltzeak edo hori okupatzeak, jabetza pribatuko eraikinetan denbora luzez egon edo okupatzeak, erabilera publikoko ondasunak hondatzeak, eraikinak eskalatzeak edo kaleko salmenta egiteak.

601 eta 30.000 euro arteko zigorra ekar liezaieke protestariei aginteari men ez egiteak, bilkura bat bertan behera uzteko agindua ez betetzeak, piketeak egiteak, polizien irudiak zabaltzeak, etxe kaleratzeak oztopatzeak edo Espainiako Kongresuaren zein Senatuaren aurrean edo legebiltzar autonomikoen aurrean manifestatzeak. Ikus-entzunekoen eraikin barruan protesta egitea eta aginteak debekatutako ikuskizunak egitea 30.001 eta 600.000 euro arteko isunarekin zigortzeko aukera ematen du mozal legeak, besteak beste.

Informatzea jomugan

Kazetariak eta komunikazioan dihardutenak ere jomugan jarri ditu neurri zigortzaile horrek. 2015eko azaroan, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak gutun bat bidali zion Ahotsa.info hedabideari, poliziak ageri ziren argazki bat argitaratzeagatik 601 eta 30.000 euro arteko isuna jaso zezakeela ohartaraziz. Hori izan zen Herritarren Segurtasunerako Legean oinarrituta hedabide baten aurka egin zen lehen aldia, eta zenbait eragilek Europako Giza Eskubideen Auzitegian salatu zuten gertatutakoa.

Axier Lopez Argia-ko langilea da mozal legea ezarrita zigortu duten lehen kazetaria. Iazko martxoaren 3an Eibarren atzeman zuten Naroa Ariznabarretaren atxiloketa uneko argazkiak Twitterren zabaltzeagatik, 601 euroko isuna jarri zioten. Neurriaren aurka egitea erabaki zuen Argia-k; isuna ez ordaintzea, “legea borrokatzea”, eta zigorraren aurkako helegitea aurkeztea. Auzia epaiketaren zain dago orain.

Salaketa publikoa egin eta eragileen babesa biltzeari ere ekin zion aldizkariak. Eta fruituak jaso ditu. Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak, adibidez, babesa eman diote Lopezi, zigorra bertan behera uzteko eskatu dute, eta mozal legea desegiteko.

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere hartu zituzten neurriak. Legea ez dela zilegi argudiatuta, ez ezartzeko konpromisoa hartu zuten. Hala ere, adierazpena onartu bai, baina emaitza argirik ez da oraingoz ikusi. Ertzainek eta udaltzainek ehunka isun jartzen jarraitzen dute instituzioek salatutako legea oinarri dutela.