Natalia Salazar Orbe
Taldekako Bertsolari Txapelketa jarri dute martxan Bizkaian, lehenengoz. Lurraldeko bertsolaritzaren oinarria indartzeko helburuarekin abiatu dute. 30 taldek eman dute izena, eta hiru fasetan jokatuko da. Ekainaren 3an egingo dute finala. Ordura arte, plaza aspaldi utzi zuten bertsolariak zein hasiberriak eta eskarmentu handikoak jarriko ditu oholtza gainean Bizkaiko Bertsozale Elkarteak.
Kristina Mardaras eta Moises Enbeita nor baino nor gehiago ariko dira, aspaldi ez bezala, bertsotan. Etxahun Lekue Bizkaiko bertsolari txapelduna ere ariko da 200 bertsolari elkartuko dituen lehiaketa horretan.
Helburu argiak ditu proiektu berri horrek, Bertsozale Elkarteak azaldu duenez: Bizkaiko bertsolaritzaren oinarria eta, era berean, eskualdeak ere aktibatu eta indartzea. Bizkaiko ekosistema osoa eskualdez eskualde eta etenik gabe elikatzeko helburua dauka. Bertsogintzaren oinarriak motibatu, finkatu eta garatu nahi dituzte.
Oinarrietan eragiteko eginahal horretan, bertso eskolak eta eskualdeak indartu nahi dituzte. Horretarako, gune ludiko bat eskainiko dute. Izan ere, taldekako txapelketa giro informalean eta jai giroan egingo dute. Horixe da asmoa.
Dinamika horri esker, bertsolari hasiberriei plazarako bidea erraztuko diete. Horrez gain, arrazoi askotarikoak direla-eta ohiko txapelketan parte hartzeko motibaziorik edo nahirik ez daukatenei beste aukera bat eskainiko die.
Bertsolaritzak barne hartzen duen sare osoa indartzeko bidea ere zabalduko du lehiaketak. Bertsozale elkartearen ustez, antolatzaile, epaile eta gai-jartzaile gehiago sortzea bultzatuko du. Sinetsita daude zaleak aktibatzeko bidea ere irekiko duela. Horrek guzti horrek eskualdeen arteko harremana sendotuko du.
Denetariko bertsolariak
Berrehundik gora parte hartzaileen artean denetariko bertsolariak izango dira: oso gazteak, beteranoak, aspaldi bertsoetatik aparte ibili direnak, hasiberriak, Bizkaiko txapeldunak, txapelketetan parte hartu dutenak eta inoiz parte hartu ez dutenak. Beraz, gauzatu dute aniztasuna lortzeko zuten helburua.
Bizkaiko eskualde guztietako ordezkaritza ariko da saioetan. Talde bakoitza, gutxienez, sei lagunek osatu behar dute. Izan ere, bertsotan aritzeaz gain —gutxienez hiruk egin behar dute hori—, gai-jartzaile, epaile eta laguntzaile lanak ere egin beharko dituzte.
Talde bakoitzak epaile bat izango du kanporaketa bakoitzean. Hala ere, ikus-entzuleen iritzia ere kontuan hartuko da. Beraz, saio bakoitza puntuatzeko orduan bertan lehiatuko diren hiru taldeetako epaileen balorazioa eta ikus-entzuleena hartuko dira kontuan. Saio horietako bakoitza bukatzean, hiru taldeetatik aurrera zeinek egiten duen erabakiko dute, denen artean. Bertsolariek landuko dituzten gaiak ere hiru taldeetako gai-jartzaileen artean pentsatuko dituzte.
Hiru fasetan banatuko dute txapelketa: lehenengoa, bigarrena eta finala. Kanporaketa gehienetan hiru talde ariko dira norgehiagokan. Horietatik bakar bat pasatuko da hurrengo fasera. Bigarren fasera hamar talde pasatuko dira.
Lehenengo fasea apirilaren 3ra bitartean jokatuko da. Egun horretan jakingo da zein taldek osatuko duten bigarren fasea. Fase hori apirilaren 24an hasiko da, eta maiatzaren bukaerara arte iraungo du. Finala ekainaren 3an jokatuko da, Bizkaiko eskolarteko finalarekin batera.
Kanporaketetarako antolatzaileek zenbait ariketa proposatu dituzte, baina taldeek posible dute, hala adostuz gero, beste ariketa batzuk egitea. Bertsolari sorta zabala dakar taldekakoak; aukera ugariz inguratuta bertsolaritzako alor guztiak suspertu nahi dituen txapelketa batean.
Eskolartekoa eta BBK sariketa ere, abiatzear
Bertsolaritzak astinduta datoz hurrengo hilak. BBK sariketa martxoaren 8an hasiko da, eta Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, maiatzean. Azken urteetan gertatu den legez, 15 eta 18 urte artekoak txapela eskuratzeko lehian ariko dira eskolartekoan. Adin horretatik beherakoek, jai giroko saioetan parte hartuko dute, lehiaketa alde batera utzita.
Hala, gazteen neurrira egindako saioak antolatzea da asmoa. Bertsotan ez eze, beste era batzuetan ere parte hartzeko aukera emango diete gazteei: gai-jartzaile zein antolatzaile gisa aritzeko, besteak beste.
Lehian ariko direnentzat, kanporaketak, herrialde bakoitzeko finala eta Euskal Herriko azken saioa antolatu dituzte. Bizkaiko finala ekainaren 3an egingo dute. Txapelketako saioak izan arren, lagun arteko giroa nagusitzea da antolatzaileen helburua. Areto txikietan prestatuko dituzte.