Aitziber Laskibar Lizarribar
Energiarik berdeena kontsumitzen ez dena da”. Argi du Iratxe Arriola Eako alkateak. Eta argi du, era berean, eraldatu egin behar dela energiaren inguruan ezarria dagoen sistema guztia. Ez hori bakarrik; seguru dago “bizitzeko eredua” ere aldatu beharko dela. “Trantsizioa” ez du gertu ikusten, baina lehenago edo beranduago egin egin beharko dela dio; ezinbestean egin beharko dela. Bide horretan, “pauso txikiei” begiratzen die, eta horiei heldu die bera buru duen udalak ere. Energia berriztagarrietara jauzi egiteko beharrari buruz hausnarketa egin, herrian bertan autokontsumorako proiektu txiki batzuk martxan jarri, eraginkortasunari begirako neurriak hartu, eta, aurten, energia guztiz berriztagarria merkaturatzen duen kooperatiba batekin kontratatu du herriko argindar guztia: Goienerrekin. “Ez da iraultza”, dio alkateak; “baina egin beharreko pauso txikiak dira”.
Eakoa ez da energia kontsumitzeko modua eraldatzeko urratsa egin duen udal bakarra. Bai, ordea, lehenetarikoa, eta pauso sendoenak eman dituenetarikoa. Izan ere, nahiz eta Bizkaian herri asko dauden bonbilla zaharrak kontsumoa gutxitzen dutenekin aldatu eta kontsumoa murrizteko beste zenbait neurri hartu dituztenak, kontsumituko duen argindar guztiaren jatorria energia berriztagarria izateko urratsa egin duen lehenetarikoa da Ea. Busturia du aurretik. Eta gehiago etorriko dira: dozena erdi udalek, gutxienez, aurreratuta dauzkate hartarako tramiteak.
Udalei zaila egin zaie, orain arte, energiaren jatorriei erreparatu gabe aritzen diren enpresa elektriko nagusien saretik ihes egitea. Gaur egun ere, kontsumitzaile orok Espainiako Gobernuak araututa dauzkan bost enpresen bidez jaso behar ditu, ezinbestean, zerbitzu asko. Energia sare osoak Red Electrica de Españarenak izan behar duela zehaztua du, eta bost banatzailek soilik garraia dezaketela energia: Hego Euskal Herrirako, Iberdrola jarria du banatzaile gisa.
Garraio eta banaketa hori, beraz, Espainiako Gobernuak araututa dituen enpresa erraldoien bidez egin behar da, ezinbestean. Energia etxeetara iritsi arteko lehen eta azken pausoak, aldiz, liberalizatuta daude: sortzea, eta merkaturatzea edo kontsumoa. Horietan esku har dezakete bestelako enpresa edo kooperatiba txikiagoek. Hau da, berak salduko duen energia sortu dezake nahi duen enpresak, nahi duen bezala —esate baterako, energia berriztagarria soilik—. Hori garraiatu eta banatzeko, Iberdrolaren tutuak erabiliko ditu.
Sistema horren ondorioz, Bizkaiko etxe, enpresa eta instituzio ia guztiek Iberdrolarekin dute kontratu osoa egina, automatikoki. Hori alda daitekeela ohartarazi dute, ordea, energia berriztagarria sortu eta merkaturatzeari begira sortzen ari diren kooperatibek. Bestelako enpresa horietako batera jo, eta eurek bideratzen dute aldaketa. Hori, kontsumitzaile partikularrei dagokienez.
Udalen bidea konplexuagoa da. Kontratuak lizitazio publikora atera behar dituzte instituzioek, legez, eta, oso gai tekniko eta itxia izanik, zaila da hartarako pleguak egitea. Iaz, ordea, urrats handia egin zen bide horretan: udalx100berriztagarri plataforma soziala sortu zen. “Pertsona eta herrientzat seguruak diren energiak” bultzatzeko konpromisoarekin sortu da plataforma. Energia nuklearrari espresuki uko egiten dio, eta energia berriztagarrien alde egiten du, “klima aldaketaren aurka ekin ahal izateko nahitaezko estrategia gisa”. Eredu energetikoaren demokratizazioaren eta “oligopolio baten eskuetan dagoen merkatuaren deskontzentrazioaren alde” ere egiten du, besteak beste.
Udalei begirako egitasmoa da iaz sortutakoa, “erosketa publiko jasangarri eta arduratsuaren oinarriekin konprometitu daitezela eskatzeko”. Hartarako, abokatu eta adituek egindako tresna tekniko-juridikoak eskaintzen ditu; garrantzitsuena, lizitaziorako pleguak. Energia komertzializatzeko aurkeztuko diren enpresek kontratatuko duten energia guztia iturri berriztagarrien bitartez ekoitzia izan behar dela zehazten du, eta klausula sozialak eta elebitasunari dagozkienak ere ezartzen ditu, besteak beste. Oinarri hori erabilita hasi dira udalak energiari dagokion kontratuak aldatzen, eta hala egin du, esate baterako, Eakoak ere.
Gero eta herritar gehiago
Herritarren artean ere, gero eta handiagoa da energia berriztagarrien eskaera, eta gero eta herritar gehiago egiten ari dira enpresa erraldoietatik kooperatiba txikietarako jauzia. 2013. urtean 700 bazkiderentzat komertzializatzen hasi zen Goiener kooperatibak, adibidez, 5.750 bazkide inguru ditu gaur egun —1.850 bat Bizkaian—, eta ia 7.000 kontratu. Gero eta abiada handiagoan hazten ari da, gainera: iazko urtarrilean 116 bazkide berri egin zituen, eta 2017koan, 260. Otsailean, dagoeneko 224 bazkide batu zaizkio; horietako 73, Bizkaian. Euskal Herrian indartsu sartu den Som Energiak, berriz, 319 bazkide ditu Bizkaian, eta 407 kontratu. Halako kooperatiben bidez kontsumitzen den energia guztiak jatorri berriztagarria du, zentral nuklearrak, termikoak eta amaitzen diren materialak ustiatuta sortutakoa baztertuta.