Ane Garavilla: “2017rako helburua da guk hemen sortzea energia berriztagarria”

Ane Garavilla: “2017rako helburua da guk hemen sortzea energia berriztagarria”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Oso-osorik berriztagarria den energia merkaturatzea eta sortzea du helburu nagusitzat Goienerrek, hasieratik. Hainbat oztopo gaindituta, ekoizpen horri heldu nahi dio aurten, bazkideen laguntzarekin. Energia berriztagarrien premiari buruzko kontzientziazioa areagotu dela argi du Ane Garavillak (Bilbo, 1984); kontzientzia horretan oinarrituta bestelako energia kontsumo baterako pausoa ematen dutenak gero eta gehiago direla ere bai. Baina ohartarazi du “beldurra” nagusi dela oraindik.

Azkenaldian, nabarmen handitzen ari da energia berriztagarrien eskaera. Zergatik?

Uste dut jendea ikusten ari dela zelako eragina daukan naturan, gure inguruan. Azken urteotan klima aldaketa nabaritzen ari gara: ikusten ari gara zelan aldatzen ari den uzta, nekazaritza, abeltzaintza. Eta jendea ikusten ari da bere eskuetan duela eragiteko aukera. Horretarako modu bat da energia berriztagarriak kontsumitzea eta bultzatzea.

Nabaritu duzue egoera jakin batzuen eragina jendearengan, Garoñari buruzko eztabaida pil-pilean egon denean, esaterako?

Bai, bai, badago jendea deitzen duena eta esaten duena: “Kontratua aldatu nahi dut ez nagoelako batere ados Garoñakoarekin, eta Iberdrolarekin bukatu nahi dudalako”. Edo ez dagoela ados Espainiako Gobernua egiten ari denarekin, ez energia sistemarekin, ez zentralizatzeko moduarekin… Horregatik ere aldatzen dira.

Zein alde nagusi daude halako enpresa handi baten eta Goienerren modukoen artean?

Asko dira. Lehenengo eta behin, gu kooperatiba bat gara, mozkin asmorik gabekoa. Mozkina egongo balitz, kooperatiban bertan inbertituko litzateke. 2016an, adibidez, mozkina egongo da, eta sorkuntza atala garatu nahi genuke bereziki. Kooperatiba izanda, kontsumitzaile guztiak dira bazkide, eta guztion artean erabakitzen dira gauzak. Pertsona bakoitzak boto bat izango du. Zein enpresatan erabaki dezakete kontsumitzaileek zein prezio jartzen diren edo nora doan bere dirua mozkina atera bada? Hori kooperatibetan soilik egiten da.

Bestalde, gure eredua lokalagoa da. Kontsumitzen den lekuan sortu nahi dugu, modu deszentralizatuan; badirudi enpresa handiak hori saihesten saiatzen direla. Eta subiranotasuna ere landu nahi dugu; azken batean, jendeak informazioa edukitzea. Denei eman nahi diegu informazioa norbera burujabe izan dadin.

Gertuko energia jasotzen saiatzen zaretela esan duzu. Nondik jasotzen da gaur egun?

Nafarroan dependentzia txikiagoa da, baina, oro har, Euskal Herrian, kanpotik dakarkigun energiarekiko dependentzia izugarria da: %92-93koa. Beraz, horri buelta bat eman behar diogu. Gaur egun, merkatuan erosten dugu guk. Baina 2017rako helburua da guk hemen sortzea energia berriztagarria. Gipuzkoan ari gara begiratzen hidroelektrika batzuk, horietan sartu eta bertan sortutakoa kontsumitu ahal izateko. Beste proiektu batzuk ere begiratzen ari gara, helburutzat izanik kontsumitzen duguna bertan sortzea.

Goienerren helburuetako bat energia hori sortzea da, baina uste baino oztopo gehiago izan dituzue. Zergatik?

Bai, justu Goiener proiektuarekin hasi zenean, 2012. urtean, Espainiako Gobernuak dekretu bat atera zuen energia berriztagarrien primak bukatutzat eman zituena; esaten zuen ez zela prima gehiagorik egongo, amaitu zirela diru laguntzak. Orduan, Goienerrek erabaki bat hartu behar izan zuen: sorkuntza garatzeko itxarotea, eta liberalizatuta dagoen beste atalarekin hastea, merkaturatzearekin. Horrekin hasi zen 2013an. Zazpiehun bazkide bildu zirenean, kontratuak egiten hasi ziren. Hortik aurrera, merkaturatzea garatu da: 6.000 bazkide eta ia 7.000 kontratu ditu gaur egun. Eta orain asmoa da hasierako nahiari berriro heldu eta sorkuntzan ere aritzea.

Beraz, zein da arazoa: Espainiako Gobernuak diru laguntzak kendu zituela eta, beraz, sortzeko azpiegitura guztia ordaindu beharko lukeela Goienerrek?

Bai, eta horretara goaz, zain bagaude agian ez dugu-eta sekula egingo. Dagoenarekin aurrera egitea erabaki dugu. Horretan ari gara. Diru laguntzarik izan gabe ere, sortzen eta gure proiektuak garatzen saiatuko gara; Goienerren bazkideen bitartez inbertsio horiek egiten. Gure kontsumitzaile diren bazkideei aukera emango diegu sorkuntzako proiektuetan parte hartzeko inbertsiogile moduan, eta gero ikusi beharko da inbertsio horiek nola bueltatu.

Erabiltzaileak aldaketarik nabaritzen du ohiko enpresa handi batetik zuenaren moduko kooperatiba batera aldatzean?

Faktura motan besterik ez. Iberdrola edo halako enpresa handi batekoa izan ordez, Goienerrekoa da, eta askoz argiagoa. Bestela ez du ezertan nabarituko.

Zein energia mota erabiltzen ditu Goienerrek?

Jatorria bermatzen duen ziurtagiria duen energia soilik erosten dugu; kontsumitzen duzun energia berriztagarria dela ziurtatzen duen agiria duena.

Non sortutakoa?

Urtearen arabera, sortzaile desberdinei erosi diegu. Aurten, adibidez, Ipar Euskal Herrian hidroelektrikoak dituen enpresa bati, eta eolikoak dituen Galiziako enpresa bati ere bai… Batez ere ekoizle txikiei erosten diegu. Saiatzen gara ekoizle txikiak izatea, eta, ahal dela, gertukoak.

Nola sortutako energia da?

Batetik, hidroelektriko txikiak dira gure hornitzaileak. Badaude presa itzelak dituzten hidroelektriko handiak ere, baina horiek ez ditugu berriztagarritzat jotzen. Eta, bestetik, eolikoetatik eta eguzki energiatik datozenak.

Eta zein energia mota baztertzen duzue?

Erregai fosiletatik datozen lehengaiak behar dituztenak ez dira berriztagarriak. Erabiltzen dituzten materiek muga bat dute: bukatu egiten dira.

Energia guztiz berriztagarria erabiltzen duten konpainiak gora egiten ari dira nabarmen, baina, hala ere, kontsumitzen den energia ia guztia enpresa erraldoi klasikoek komertzializatutakoa da. Zergatik?

Jendea gero eta kontzientziatuago dago, baina askotan ausardia falta dela uste dut.

Zergatik ausardia? Beldurra dago?

Beldur handia dago. Zerbait aldatzeko pausoak eman nahi direnean, beti egoten da beldurra. Eta hori gainditzea izaten da zailena: aldaketa egitea. Hori ikusten ari naiz. Jendea badago ados egiten dugunarekin, oso proiektu polita dela esaten digute, beharrezkoa dela energia iturri berriztagarrietatik jasotzea… baina asko kostatzen da aldatzeko pausoa ematea.

Zer esango zenuke beldur hori kentzeko?

Nik uste dut albokoei aldaketa egiteagatik ez zaiela ezer gertatu ikusteak emango diela gainontzekoei ausardia. Jendea ikusten ari da Goienerrera pasatu direnei elektrizitatea berdin-berdin heltzen zaiela, eta, gainera, aldaketa horrek eragina izan dezakeela beste alor batzuetan.