“Gehienok genekiena kaleratu da, baina lasaitua hartu dut”

“Gehienok genekiena kaleratu da, baina lasaitua hartu dut”

A.L.L.

Txupinera izendatu ondoren hala aritzeko debekua jaso izanak mindu egin zuela aitortu du Jone Artolak (Bilbo, 1953). Jazarria sentitu zen 2013ko Aste Nagusi hartan. Orain, EAEko Auzitegi Nagusiak esan duenean ez zegoela hartarako arrazoirik, kalte-ordaina eskatzeko aukera aztertuko du.

Zu txupinera izendatzean ez zela deliturik egin ebatzi du Auzitegi Nagusiak. Nola hartu duzu albistea?

Gehienok genekiena kaleratu da, baina, egia esan, lasaitua hartu dut, zeren batzuetan erabaki judizialak oso bitxiak izaten dira herri honetan.

Hiru urte baino gehiagoren ondoren etorri da arrazoi eman dizuen epaia. Zein sentipen eragin dizu horrek?

Amorrua ematen du. Azken finean, nik zigorra jaso nuen jaso behar ez nuenean. Berme guztiekin aukeratu ninduten; nire konpartsakideek, Bilboko Konpartsek eta Bilboko Udalak onartu zuten aukeraketa, beti bezala. Eta, ibilbide juridikoa udalaren eta konpartsen kontra egin arren, ni, epaiketarik gabe, baina zigortu egin ninduten: beste edozein bezala txupinera normaltasunez izateko eskubidea kendu zidaten.

Arantza zenuen barnean?

Bai, bai. Minduta sentitu nintzen Urkijok hartu zuen jarrera ikusi nuenean, eta ez Urkijoren jarreragatik bakarrik, zeren gero epaitegiak onartu egin zuen haren kexa. Orduan minduta sentitu nintzen, eta baita aste horretan ere, ezin izan nintzelako ibili egokitzen zitzaidan bezala. Txupinerak zortzi egun horietan betebehar bat du, eta horretarako izendatu ninduten txupinera; ez hiru urteren ondoren ez dakit zer esateko. Niri eskubide hori ukatu zidaten, eta orain agerian geratu da hori.

Guztia amaituta, zein irakurketa egiten duzu gertatutakoari buruz? Zergatik hau guztia?

Zirku hau guztia martxan jarri zuenari galdetu behar zenioke hori. Baina kontua ez zen txupineraren edo Joneren aurka egitea; uste dut sakonagoa izan dela auzia. Kontua da Bilboko jaien izaera herritarrari eraso nahi ziotela. Batzuentzat eredu hori onartezina da; haien ustez, ez dugu gai izan behar ez gure bizitza ez gure jaiak antolatzeko. Beraz, jaien eredua zen jomuga; eredu parte hartzailea aldatzeko saiakera izan zen.

Pentsatu duzu kalte-ordaina eskatzea?

Egia esan, ez dut oraindik pentsatu, baina gogoa ematen dit. Egun haietan jarraipenak izan nituen, beldurra ere izan nuen, eta nire bizitza pertsonalagatik azalpenak ematera behartu ninduten. Ez dago eskubiderik! Ni ez naiz politikaria, ez dut diru publikorik jasotzen… Ordaina eskatzeko aukera aztertuko dut, zeren, herritar arruntok hanka sartzen dugunean berehala jotzen dute gure aurka. Gure eskubideak urratzen dituztenean, herritar arruntok ere izango dugu kontuak eskatzeko aukera, ezta? Argi zegoen ez zuela zentzurik halako gai bat auzitara eramateak.