“Bizi dudan esperientzia askoz garrantzitsuagoa da irudia bera baino”

“Bizi dudan esperientzia askoz garrantzitsuagoa da irudia bera baino”

N. S. O.

Pasioz, sutsuki bizi du argazkilaritza Santi Yanizek (Bilbo, 1957), eta nabari zaio hari buruz hitz egiten duenean. Argazkiak ateratzeko prozesuak ahaztezin egiten ditu horietako asko beretzat. Euskal Herria irudikatzeko bere lanetan, paisaiaren arima eta emozioak bilatzen ditu.

Wildlife Photographer of The Year lehiaketako argazki sarituen ondoan leku berezitu bat hartu dute zure lanek. Zer deritzozu?

Horrenbeste argazkilari onen artean egotea ohore bat da. Eta Bizkaiko zati eder bat ordezkatuta egotea ni egotea baino garrantzitsuagoa da. Sarri Islandiara, Antartikara edo urrutiko bestelako lekuetara joatea pentsatzen dugu. Baina ez dago hain urrun joan beharrik argazkiak ateratzeko leku zoragarriak aurkitzeko; etxe ondoan ditugu eta.

Zuk Euskal Herria lantzen duzu bereziki. Inspirazio iturri nagusia duzu?

Bai. Nire lurraldeko lana Euskal Herria izan da betidanik. Ez dut gehiagoren beharrik. Oso ondo ezagutzen dut, baina ez osotasunean. Beraz, badira eremu erakargarriak soberan gure lurraldean. Erakusgai dauden Bizkaiko argazki horiek proiektu handiago batetik atera ditugu: Parajes inolvidables argitaratu dudan liburutik, hain zuzen.

Zer jasotzen du lan horrek?

Leku interesgarrienak finkatu ditut, hautaketa bat eginez. Hortik abiatuta markatu dut zeintzuk diren eremuon ikuspegi ederra hartzeko urteko unerik aproposenak, zeintzuk diren argazkirik onenak eta zein den ikuspuntu politena argazkiak ateratzeko.

Erakusketako argazkiek ere noiz, nola eta zein teknika erabilita atera diren jaso dute. Garrantzitsua da datuok ematea?

Oso garrantzitsua, bai. Egunetik egunera zale gehiago gerturatzen dira argazkilaritzaren mundura. Eta bilatzen dute jakitea zeintzuk datu jarri dituen makinan argazkilariak, zein tripode erabili duen, zenbat esposizio denbora erabili duen…

Gaztelugatxe, Anboto eta Gorbeiakoak dira, besteak beste, ikusgai dauden zure argazkiak. Zergatik aukeratu dituzu?

Alde batetik, leku enblematikoak direlako. Bestalde, oso bilatuak diren lekuak dira. Hor aurkitu izan ditut kanpotik etorritako argazkilariak. Adibidez, Gorbeiako Otzarreta hariztian egun batean ingelesak aurkitu nituen, eta, beste batean, suitzarrak. Anboto aldean, Madrildik iritsitako batzuk ikusi nituen. Leku oso interesgarriak dira argazkiak ateratzeko, baina baita oso enblematikoak ere. Pentsatzen dugun baino askoz jende gehiago erakartzen du Bizkaiak, berez.

Oso kolore biziak nabarmentzen dira zure argazkietan. Nahita bilatu duzu horiek zure lanei ematen dieten ukitu magikoa?

Argi bereziak bilatuta eta teknika ondo erabilita lortzen da hori. Horren bila ari gara argazkilariak. Ordu asko behar dira, eta milaka argazkiren artean ateratzen da aproposa.

Itsasoa eta mendia eraman dituzu erakusketara. Zer atera nahi izan diozu batari eta besteari?

Zorte ona daukagu. Mendi izugarri nabarmenak dauzkagu, eta baita itsasoa ere. Oso indartsua, gainera. Oso bitxia da gure lurraldea. Topikoa da, baina paisaiaren arima bilatzen dugu, edo emozio bat. Irudiaren atzean dagoena kontatzen saiatzen naiz ni. Baina bakoitzak atera behar du bere irakurketa propioa.

Ba al daukazu argazki kutunenik?

Argazki bezala, ez. Bai, ordea, argazkia pentsatzeko prozesuari dagokionez. Argazki bakoitzak esperientzia bat dauka atzetik. Argazkilari moduan, argazki bat edertzat jo dezaket ala ez. Baina hori lortzeko bizi dudan esperientzia askoz garrantzitsuagoa da irudia bera baino. Gogoan dut Anbotoko bat. Egun batean Gipuzkoako kostaldera joatea pentsatua nuen, baina ekaitz bat etorri zen, eta erabaki nuen Anbotora joan behar nuela. Zelako argi magikoak aurkitu nituen! Agian irudia ez da horren ederra, baina hura lortzeko bizi izan nuen esperientzia ahaztezina izan zen.