Ate bat artera eta literaturara

Ate bat artera eta literaturara

N. S. O.

Hainbat herritan jabetu dira irakurzaletasuna txikitatik lantzeak duen garrantziaz. Hala, hura sustatzeko jarduerak antolatzen dituzte. Bilbon, Kontu Kontari programa darabilte martxan. Jaioberriak direnetik hasi eta 6 urtera bitarteko umeei liburuek eta literaturak eskaintzen dituzten mundu bitxi eta berezietarako leihoak zabaltzen dizkiete. Azkuna zentroko Mediatekan ari da Panpotx kultur taldea eginbehar horretan. Martxora bitartean, astebururo izango dira hainbat saio.

Arte garaikidearen eta irakurketaren interesa eta jakin-mina pizteko saiakera horretan, jarduera asko eskaintzen dizkiete txikienei. Hala azaldu du Cristina Arana bertako teknikariak. “Astebururo gai bat planteatzen dugu, eta horren inguruko lanketa egiten da. Giro lasaia baliatuta, horretaz hitz egiten da, tailer bat gauzatu edo jardueraren bat eginez”.

Azkuna zentroko atari nagusian dagoen askotariko ekintzetarako aretoan elkartzen dira zapatu eta domeka oro —asteongoak salbu—, 17:30etik 19:30era bitartean. “Mediatekako liburuak eramaten ditugu. Aretoa girotu eta hasten gara”.

Hilean behin ipuin kontalari bat izaten dute. “Horrek jende ugari erakartzen du beti. Aretoa txiki geratzen zaigu”.

Euskara eta bertako ohiturak sustatzeko tresna gisa ere baliatzen dituzte jarduerok. “Saiatzen gara gure testuinguruan kokatzen: euskal literaturarekin, gure ohiturekin, gure kantuekin lotzen”. Animaliak, piratak, Gabonak, ohiturak… Asteburu edo garai bakoitzean, gai bati lotuta egoten da Kontu Kontari. “Piraten asteburua iristen denean, esaterako, haurrei margotzeko fitxa batzuk emango dizkiegu; eta beste batzuk, margotu eta idazteko. Hieroglifiko itxura izango dute, eta, pirata azkarren gisan, ebatzi egin beharko dituzte”.

Tailerrak eta bestelako jarduera guztiak liburuen inguruan egiten dituzte. Ohiko liburuak ez diren asko erabiltzen dituzte, gainera: errealitate areagotua dutenak zein antzerki itxura hartzen duten kamishibai teknika darabiltenak, besteak beste.

Oso programa irekia jorratzen dute. “Umeak lasai asko egotea da sekretua; eta xedea, erdi jolas gisa planteatzen diren saiootan gurasoekin batera irakurtzea”.

Gabonetara begira erakusketa handi bat iragarri dute: Uhartearen altxorra. “Umeen eta gazteen euskal literaturaren inguruan egiten den lehena”.