6.300 euroko zorra zuen emakume bat etxetik kaleratu du Alokabidek

6.300 euroko zorra zuen emakume bat etxetik kaleratu du Alokabidek

Alaitz Armendariz

Etxe kaleratze bat izan zen aurreko astean Bilbo Zaharrean Alokabidek dituen etxebizitzetako batean, EH Bilduk deitoratu duenez. Eusko Jaurlaritzaren sozietateari 6.300 euro zor zizkion kaleratutako emakumeak. Aitziber Ibaibarriaga Bilboko EH Bilduko zinegotziaren esanetan, kaleratutako pertsonak proposamen bat aurkeztu zuen irailean zorra kitatzeko, baina Eusko Jaurlaritzak ez zuen proposamen hori onartu. Horrelako kasu “larriek” EAJren “hipokrisia” agerian uzten dutela salatu du: “Pertsonak ardatza direla diote, baina prest daude 6.300 eurogatik jendea kalean uzteko”.

Koalizioko kideak gaitzetsi duenez, udalak badu etxe kaleratzeei aurre egiteko protokolo bat, baina protokolo horrek “ez ditu etxebizitza publiko batetik kaleratuak diren pertsonak barne hartzen”. Bilboko Udalak bi alternatiba dituela esan du Ibaibarriagak: “Eusko Jaurlaritzarengana jo eta Begoñak aurkeztutako akordiorako proposamen hori onartzea exijitzea”, edo “beste udal etxebizitzen bitartez indarrean dagoen protokoloa aldatzea, eta mota horietako kasuei aurre egiteko baldintzak ezartzea”.

Etxebizitza hutsen errolda

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak etxebizitza politika guztia “koordinatuko” duen erakunde baten beharra aldarrikatu du, administrazioen arteko desadostasunak eta koordinaziorik ezak saihesteko. Horretaz gain, adierazi du “funtsezkoa” dela hutsik dauden etxebizitza guztien errolda bat egitea, eta, errolda horretatik abiatuta, etxebizitza horiek merkaturatzeko neurriak hartzea. “EH Bildun uste dugu etxebizitza politikaren ardatza alokairuzko etxebizitzen eskaintza dela, eta erakunde publiko guztiek inplikazioa erakutsi behar dute arazoak saihesteko”.

Casanovaren ustez, gaur egun etxebizitza publikoak lortzeko dauden minimo ekonomikoak ezabatzea beharrezkoa da. “Erakundeen babesa gehien behar dutenak dira, hain zuzen, diru sarrera txikienak dituztenak”, azaldu du. Haren hitzetan, oraingo parametroetan jende hori da “kanpoan” gelditzen dena. Horregatik, eskatu du etxebizitza publiko bat izateko pertsona edo familia bati eskatzen zaion ahalegina ez dadila izan bere diru sarreren %30 baino handiagoa. “Eta, gutxieneko soldataren azpiko diru sarrerak baldin badituzte, %15 baino ez liekete eskatu behar”, aldarrikatu du.

Pertsona bat bere etxebizitzatik kanporatzea “muturreko egoera bat” izan behar dela uste du EH Bilduko legebiltzarkideak. “Iruzur argien kasuetan bakarrik bota beharko litzateke pertsona bat etxebizitza publiko batetik”.

Zor “handiegia”

“Kasu partikularrei” buruz hitz egiteko ahalmenik izan ez arren, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak azaldu du pertsona bat etxetik kaleratu aurretik “hainbat bide” bilatzen dituztela egoera konpontzeko, diru gutxiago ordainduta edo zorrak era erosoagoan ordaintzea ahalbidetuta, adibidez. Baina, zorra “handia” bada, kuota oso txikia ordainduta ez da lortzen zorra kitatzea: “Pertsonei jartzen zaien kuota diru sarreraren araberakoa da; hori dela eta, andre horri ere bere diru sarreren arabera jarriko zioten kuota, eta ez dute lortu akordiorik”, arrazoitu du kaleratzea sailak.

Bestetik, zenbait lagunek protesta egin zuten atzo kanporatutako emakumearentzat irtenbide bat eskatzeko. Udaletxe aurrean elkarretaratzea egin zuten, udalbatzarra egiten ari ziren bitartean.