“Oinak lurrean jartzeko balio du”

“Oinak lurrean jartzeko balio du”

A.L.A.

Unibertsitateko gradu gehienetan praktikak ala gradu amaierako lanak egin behar dira gaur egun. EHUn Bologna Plana ezarri zutenez geroztik, ikerketak egin behar dituzte ikasleek titulazioa lortzeko. Hala gertatu zaio Garazi Sarrionandia Arkitektura graduko ikasleari ere (Mañaria, 1992). Gradua bukatuta masterra egin behar dute orain arkitekturakoek, eta masterreko praktikak Ikerbiltza programarekin egitea erabaki zuen Sarrionandiak. Otxandioko Udalean ari da azterketa soziourbanistiko bat egiten. Dioenez, oinak lurrean jartzeko eta errealitatea ezagutzeko lagungarri zaizkio praktikak. Eta pozik azaldu da mañariarra, bere lana udalarentzat baliagarria izango delako.

Nola jarri zinen harremanetan Udalbiltzako Ikerbiltza egitasmoarekin?

EHUn arkitektura graduaren ondoren masterra egin behar dugu orain. Hor aukera dugu ikasgai batzuk egin beharrean praktikak egiteko. Arkitekturako estudio pribatuetan edo udaletxe publikoetan egin daitezke praktika horiek, eta nik nahiago nituen praktikak udaletxe batean egin. Ikerbiltzak jarri ninduen Otxandioko Udaletxearekin harremanetan.

Aldez aurretik ezagutzen zenuen programa?

Ez nuen Ikerbiltza programa ezagutzen. Unibertsitateak berak jarri gintuen beraiekin harremanetan. Nik oso argi nuen nahiago nuela masterreko praktikak udal batean egin; eta, Otxandion egiteko aukera hori aurkeztu zigutenean, etxetik gertu nuela ikusita eta aukera interesgarria zela aztertuta, egitea erabaki nuen. Behin erabakia hartuta, Ikerbiltzako teknikariarekin bilera egin genuen klaseko hainbat ikaslek, eta bertatik bideratu zuten guztia.

Zein da, zehazki, Otxandioko Udalean egiten ari zaren lana?

Hainbat proiektu dituzte udalean esku artean. Ni neu, azterketa sozio-urbanistikoa da gehien lantzen ari naizena. Herriko alde zaharrerako plan berezia egin nahi dute, eta, ezer zehaztu baino lehen, azterketa sozio-urbanistiko hori egitea beharrezkoa da. Edonola ere, bestelako proiektuen diseinu txikiagoak ere egiten ditut. Guztira, 245 orduko dedikazioa eskaini behar diet praktikei; hiru hilabetez lanaldi erdiz aritzea bezala.

Unibertsitateko praktikak udaletxe batean egiteak, eta norbere lanak herrian ekarpena egiten duela ikusteak balio erantsia du zuretzat?

Bai noski. Sarri askotan unibertsitateetatik bideratzen diren praktikak ez dira oso errealak izaten. Esan nahi dut… ez zaie garrantzia handiegirik ematen, eta, kasu askotan, egon daitezkeen lege edo prozedurak ere ez dira errespetatzen. Praktikak udaletxean egiteak hori ere erakutsi dit: horrelako hirigintza proiektuetan zeintzuk diren jarraitu beharreko urratsak. Gainera, egiten duzun lan hori guztia benetan aplikatuko dela ikustea oso baliogarria da. Oinak lurrean jartzeko balio du, eta lan munduak nola funtzionatzen duen ikusteko ere oso baliogarria da.

Ikerketaren gaia zuk aukeratu zenuen?

Ez. Praktiken aukera unibertsitateak ematen digu. Eta hasieratik estudioek edota udaletxeek dituzten proiektuen beharrak aurkeztu zizkiguten. Nik Otxandiokoa horrexegatik hartu nuen, proiektua banekielako zein zen eta hirigintzaren eremutik bideratu nahi dudalako bide profesionala. Behin erabakia hartuta, Ikerbiltzak jarri ninduen udalarekin harremanetan. Elkartu eta nire lana zein zen adostu genuen. Udalarekin dudan harremana ona izan da hasieratik. Udaleko arkitektoarekin egoten naiz eta berak bideratzen du nire lana.

Zure ikaskideak ere Ikerbiltzarekin ari dira praktikak egiten?

Nik badakit beste bi ikasle ere ari direla Hernaniko Udalerako proiektua egiten. Edonola ere, orokorrean, estudio pribatuetara joateko joera nagusitzen da unibertsitateko ikasleen artean. Administrazio publikoen funtzionatzeko era ezagutu nahi dugunontzat, aldiz, aukera polita dugu Ikerbiltzarekin. Gainera, estudio pribatuetan bekak edo praktikak egiteko aukera gehiago egoten da beti. Eta udaletan horrelako lanak egitea zailagoa izaten da. Horregatik uste dut Ikerbiltzaren aukera oso ona dela.

Arkitektoek egiten duzuen lanak eragin zuzena du herritarren bizitzan: hiriak antolatzeko erak, mugikortasun planak… Horiek guztiak baldintzatu egiten dute herri bizitza.

Hala da. Eta unibertsitatean ez digute norabide horretan askorik laguntzen. Arkitektoek herriaren zerbitzura egon beharko genuke egiten ditugun lan askotan, eta ikuspegi hori ez da asko ezagutzen, edo ez digute azaltzen. Ikerbiltzarekin egiten ari naizen praktika hauek, aldiz, ikuspegi hori erakusten dute. Are gehiago Otxandion, Herri-Ola egitasmo parte hartzailea ikusita. Herriaren etorkizuna eraikitzeko herrigintza egitasmoa da Herri-Ola. Bertan, otxandiarren bizitza kalitatea hobetzea helburu hartuta, herritarren parte-hartzearen bitartez garatutako ideia eta proiektuak aurkitu daitezke.

Nik udalean egiten dudan lana, ez da egitasmo horren parte; udalak berak egin behar duen azterketa baita. Baina Herri-Olako prozesuan landu dituzten hainbat proiektutan ere laguntzen ari naiz. Udaletxean dagoen arkitektoarekin elkarlanean ari naiz eta horiek aztertzeko aukera ematen dit. Haur eskolara doan bidea nola itxi aztertzen ari gara, adibidez. Herriaren eta udalaren arteko harremanak nola funtzionatzen duten eta arkitektoen gisako langileek zer nolako ekarpenak egin ditzaketen ere erakusten didate praktika hauek.