Bertsolari beteranoak eta gazteak aurrez aurre biharko finalaurrekoan

Bertsolari beteranoak eta gazteak aurrez aurre biharko finalaurrekoan

N. Salazar Orbe

Aukera guztiak zabalik daude. Gauza bakarra da jakina: txapela orain arte eskuratu ez duen bertsolari batengana joango dela. Bizkaiko Bertsolari Txapelketa emozioz beterik ari da jokatzen aurten, eta, motorrak ondo berotuta, azken txanpan sartu aurreko bidean da. Lehenengo finalaurrekoa lehiatzeko eguna iritsi da. Bihar egingo dute, Markina-Xemeinen. Sei lehiakideak erabakita daude: Eneko Abasolo Abarkas, Jone Uria, Joseba Barandiaran, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra eta Txaber Altube.

Saio “erakargarria” iragarri du txapelketako arduradun Jone Narbaizak: iazko finalista bi daude —Uria eta Bartra—; lehen aldiz txapelketan kantatu duen gazteetako bat ere badago —Altube—; beste bi beteranoagoak dira —Abarkas eta Barandiaran—; eta, seikotea osatzeko, Ibarzabal, erdi beteranoa eta herrikoa bertokoa. Horrek guztiorrek egiten du Markinako kartela askotariko: “Esperientziadunak eta gazteak elkartuko dira, eta orekatuta dago gizon eta emakumeen presentzia”.

Gazteak, ugarituz

Gero eta bertsolari gazte gehiago ari dira parte hartzen txapelketan. Udazkeneko faseko kanporaketetara sailkatu ziren 25 bertsolarietatik seik lehenengoz kantatu dute txapelketan. “Horrek esan nahi du badatozela belaunaldi berriak”. Udaberriko fasera 56 bertsolari aurkeztu ziren. Handik 25 igaro ziren udazkeneko kanporaketetara. “Oso positiboa da horietatik sei izatea lehenengoz kantatzen dutenak”.

Bertsolari gazteak eta helduak jarriko ditu, aurrez aurre, biharko saioak. Esperientzia dute alde batzuek. Hala ere, horrek ez du emaitza bermatzen. “Badaude zenbait gazte fresko-fresko datozenak, eta ondo ari direnak. Baina esperientzia beti da lagungarria oholtza gainean, jendaurrean eta epaileen aurrean presiopean kantatzeko. Beldurrik ez duten gazte ugari ere badago, ordea”.

Finalaurrekoez gain, finalaren emaitza ere zehaztu gabe dago. “Jakin badakigu txapela buru berri batera joango dela; eta erakargarritasun handia dauka horrek. Ikusteko dago baita ere nortzuk sailkatuko diren finalera”.

Abenduaren 17ko finala baino lehen hiru finalaurreko lehiatuko dira. Hamazortzi bertsolarik kantatuko dute saio horietan, eta horietatik bost aurreko txapelketetan finalista izanak dira. Gainerako hamahiruak sailkatu egin dira: bost kanporaketetako irabazleak izan dira, eta gainerako zortziak puntuazioagatik pasatu dira.

Orain arteko saioetan maila “ona” erakutsi dute bertsolariek. “Saio guztiak ez dira ateratzen berdin. Denetarik dago, baina saio batzuk bereziki ondo atera dira”. Beraz, Bizkaiko Bertsozale Elkartea “pozik” dago txapelketak egin duen ibilbidearekin.

Gainerako saioak

Biharkoaren ostean, Basaurin izango da hurrengo saioa. “Saio orekatua eta maila altukoa” iragarri du Narbaizak: aurreko finaletik Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia iritsiko dira. Gazteen ordezkari gisa, Aitor Bizkarra eta Imanol Uria ariko dira. Eta “esperientziadunak” Joseba Artza eta Beñat Ugartetxea izango dira. “Denetarik izango du; orekatua izango da”.

Larrabetzukoa izango da azken agertokia. “Azkena beti da erakargarria, hor erabakiko da-eta nortzuk sailkatuko diren finalera”. Horrez gain, “esperientzia gehiagodun bertsolariak” ariko dira kantuan. Eta Etxahun Lekuek etxean kantatuko du. “Hor erabakiko da finala. Plaza polita izango da”.

Biharko saioan garaile ateratzen den bertsolaria zuzenean pasatuko da finalera. Gainerakoek puntuazioaren arabera izango dute horretarako aukera. Sarrerak aurretik zein egunean bertan eros daitezke. Finalaurrekoak eta finalekoak Bertsosarrerak.eus webgunean daude salgai. Txarteldegiak 16:00etan zabalduko dituzte. Abian da ofiziotan zein kartzelan onena ematen saiatuko diren bertsolarien ikuskizuna.

Egutegia

1. finalaurrekoa:
Noiz. Azaroaren 19an, 17:30ean.
Non. Markina-Xemeingo Uni frontoian.
Lehiakideak. Eneko Abasolo Abarkas, Txaber Altube, Joseba Barandiaran, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal eta Jone Uria.

2. finalaurrekoa:
Noiz. Azaroaren 27an, 17:30ean.
Non. Basauriko Artunduaga kiroldegian.
Lehiakideak. Joseba Artza, Aitor Bizkarra, Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia, Beñat Ugartetxea eta Imanol Uria.

3. finalaurrekoa
Noiz. Abenduaren 3an, 17:30ean.
Non. Larrabetzuko pilotalekuan.
Lehiakideak.  Miren Amuriza, Ibon Ajuriagojeaskoa, Ander Elortegi, Julen Erezuma, Etxahun Lekue eta Mikel Goiriena.