Behar dena eta dagoena harilkatzen

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Gradu amaierako lanak, masterra amaitzekoak, doktore tesiak, ikasketa praktikak… Ehunka dira urtez urte ikasle eta irakasleek egiten dituzten ikerketak. Jakintzen laborategiak dira unibertsitateak eta hezkuntza zentroak. Baina, askotan, apal batean, ahaztuta geratzen dira egiten diren lan edo ikerketak. Hori saihestu nahi du Udalbiltza Partzuergoak. Eta Euskal Herrian sortzen den jakintza baliatu eta herriaren mesedetan jartzeko Ikerbiltza programa jarri du abian. Egiten diren ikerketei etekin praktikoak ateratzea da egitasmoaren helburu nagusia.

Hona adibide bat: demagun energia berriztagarriak aztertzeko ikerketa egiten ari dela Bilboko EHUko Ingeniaritza Eskolako ikasle bat. Eta Bizkaiko udal batek, herrian, energia berriztagarrien aplikaziorako azterketa behar duela. Ingeniaritza ikaslea eta udala harremanetan jartzea da partzuergoaren helburua, Luis Intxauspe Udalbiltzako lehendakariaren arabera. Sortzen den jakintza eta dauden beharrak elkarri lotzeko hariak jostea, alegia. “Zer daukagun eta zer behar dugun aztertu eta bien arteko zubiak eraikitzea da Udalbiltzaren helburua”.

Egiten diren ikerketak ikasgelatik atera nahi ditu Udalbiltzak; sarritan, tiraderan gorde eta ahaztu egiten diren azterketa horiei guztiei balioa eman eta erabilgarri egin nahi ditu. Partzuergoaren arabera, unibertsitateek eta hezkuntza zentroek funtsezko zeregina dute gizartean, eta bertan ikasi eta sortutakoek ekarpen nabaria egin dezakete Euskal Herriaren lurralde garapenean eta kohesioan ere. Udalak, garapen zentroak, gizarte eragileak, enpresak, irakasleak, ikasleak eta ikasketa zentroak harremanetan jartzea beharrezkoa da horretarako, Intxausperen arabera: “Elkarren arteko sareak sortu behar dira”. Finean, ikasgelen eta herrien arteko distantzia moztu nahi dute Ikerbiltza programaren bidez.

Kohesioa eta garapena

Argi du Udalbiltzako lehendakariak: jakintzari etekina ateratzearen ideia ez da berria. “Ez gara ezer asmatzen ari. Tokian tokiko garapen agentzien funtzio nagusia ere hori da. Eta enpresen munduan, akaso, gehiago bultzatu da filosofia hori. Asko dira ikasketa praktikak egiteko enpresekin egiten diren hitzarmenak. Baina ezagutza herriaren edo nazioaren kohesioari eta garapenari begira jartzea, ordea, berritzaileagoa da. Norabide horretan ahalik eta etekin handiena ateratzea da Ikerbiltza programarekin dugun asmoa”.

Duela hiru urte abiatu zuten Udalbiltzan Ikerbiltza programa. “Euskal Herriko lurraldeak kohesionatzeko eta garatzeko hainbat egitasmo ditu martxan partzuergoak. Kohesio funtsa, kasurako. Ildo horretan urratsak egiten jarraitzeko, bertan sortzen den jakintza aintzat hartzea eta saretzea beharrezkoa dela ondorioztatu genuen”. Horretarako, Euskal Herrian egiten diren ikerketak aztertu zituzten, batetik. Eta behar den jakintzari buruz diagnostikoa osatu zuten, bestetik.

Unibertsitateekin eta ikasketa zentroekin harreman zuzena izan du Udalbiltzak hasieratik. Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Deustuko Unibertsitatea, Udako Euskal Unibertsitatea, Baionako Unibertsitatea, Bidarteko Ingeniaritza Eskola… Tokian tokiko irakasle, departamentu buru eta kideekin partekatu du hausnarketa. “Denekin ez dugu harreman bera izan, bakoitzak bere errealitate propioa duelako. Baina orokorrean oso baikorra izan da hezkuntza komunitatean Ikerbiltza egitasmoak izan duen harrera”.

Ikasketa zentroetan filosofia aldaketa sumatu duela aitortu du Intxauspek. “Unibertsitatea konturatu da, ikasketak bukatu baino lehen, lan mundua eta errealitatea gehiago ezagutu behar dutela ikasleek. Eta azken urteetan askoz harreman handiagoa izaten ari da enpresekin, udalekin eta gizarte eragileekin. Nabari da unibertsitateko jakintza ahalik eta erabilgarriena izateko aurrerapausoak egiten ari direla”. Bere hondar alea jarriko du Udalbiltzak ere bide horretan.

EHUko Partaidetza eta Komunitate-Garapeneko unibertsitate masterra izan daiteke filosofia horren adibideetako bat. Hainbat udal eta elkarterekin hitzarmenak ditu masterrak. Abadiño, Atxondo, Basauri, Bilbo, Mungia eta Sopelakoa dira horietako batzuk. Baina, udalekin ez ezik, elkarteekin ere elkarlanerako itunak ditu masterrak. Eta, horien bitartez, ikerketa eta praktikak tokian toki egiteko aukera ematen diete ikasleei. Hala egin zuten, adibidez, Durangoko Plateruena kafe antzokiari buruzko parte hartze egitasmoa. Plateruena “kulturgune herritarra eta erreferentziazkoa” izaten laguntzeko prozesua diseinatu zuten masterreko bi ikaslek 2014an. Hausnarketa horren beharra zuen kultur elkarteak, eta unibertsitateko jakintza baliatu zuten horretarako. Alde biak irabazle, hortaz.

Urrats txikiak

Hiru urte dira Udalbiltza Ikerbiltza egitasmoaren inguruan hausnartzen hasi zela. Baina, gogoetatzen denbora luze eman ordez, martxan jartzea erabaki zuten. Oinez ikasten da bidea egiten, Udalbiltzako lehendakariaren arabera. “Ikasketa zentroetan sortzen zen jakintzari probetxua ateratzeko beharra zegoela ikusita, Ikerbiltza programa martxan jartzea erabaki genuen. Hausnarketa potoloagoetan sartu gabe, pauso txikiekin hasi eta pixkanaka egitasmoa gorpuzten hasi ginen. Eta horretan gabiltza orain ere”.

Udalbiltzako kide diren herrietan egiten dute indar lehen fasean. Ajangiz, Atxondo, Dima, Larrabetzu, Mañaria, Meñaka eta Otxandio aipatu ditu Intxauspek, besteak beste. “Pixkanaka goaz. Udaletan dituzten beharrak aztertzen ari gara udal ordezkariekin. Eta, aukera baldin badago, duten beharra ase dezaketen ikasle ala ikerlariekin harremanetan jartzen ditugu”. Energiaren arloa da ardatz nagusietako bat. Baina herrietako mugikortasun planak eta arlo sozio-demografikoetako lanak ere saretu dituzte. Mañarian, adibidez, eraikin publikoen egoera energetikoari buruzko azterketa egin nahi zuen udalak. Eta, Ikerbiltzaren bidez, udal eraikinek energetikoki dituzten gabezia eta aukerak ikertu eta hobetzeko proposamenak egin ditu ikerlari batek.

Munitibarren ere energia berriztagarrien biomasa galdara bati buruz azterketa egiten ari da unibertsitateko ikasle bat. Udaletxea eta inguruko eraikinak hornitzeko baliatu nahi dute galdara hori. Ikerketa hori egiteko ikasleak eta erakundea harremanetan jarri ditu Ikerbiltzak. Otxandion ere, udalean ari da master amaierako lana egiten Arkitektura Eskolako ikasle bat.

Esperimentua Lea Artibain

Astiro, baina oinarriak finkatzen ari da Ikerbiltza. Eta Lea Artibai eskualdean zabalduko du haren jarduna. “Orain arte nazio mailan aritu gara. Eta eskualde mailan prozesu bera egitea da gure asmoa”. Esperimentua da egingo dutena, aldez aurretik Udalbiltzak ez baitu eskualde batean halako ekimenik abiatu. Berriatua, Etxebarria, Lekeitio, Markina-Xemein, Munitibar eta Ondarroako udalak elkartu, eta tokiko jakintza tokiko garapenera bideratzeko egitasmoa jarri dute martxan. Proiektuaren aurkezpenean bete-betean daude orain. Gaur bertan aurkeztuko dute Markina-Xemeinen, Lea-Artibai ikastetxeko Esperantza aretoan, 19:00etan hasita. Datozen egunetan egingo dituzte agerraldiak Lekeition eta Ondarroan ere. Herritarren, eta, gehien bat, ikerlari eta unibertsitateko ikasleen artean Ikerbiltza ezagutzera ematea da udalek datozen hilabeteetan egingo dutena.

Udal ordezkariek argi dute: eskualdean dituzten baliabideak eskualdean ustiatu nahi dituzte Lea Artibaiko udalek. Hala azaldu zuen Munitibarko alkateak Lea-Artibain Ikerbiltza programa aurkezteko agerraldian. “Gure eskualdea txikia da beste batzuekin alderatuz gero, eta era honetako egitasmoak garatzeko aukera ematen du. Herria kohesionatzeko lanean hastea da dugun asmoa. Alde batetik, Euskal Herri mailako ikuspegiarekin kohesioa lantzea, eta, beste alde batetik, gauza praktikoetan udalek ditugun beharrizanak asetzea”. Hala azaldu zuen Arkaitz Goikoetxea Munitibarko alkateak .

Azaroan zehar egitasmoa azaldu eta elkarlana bultzatzeko eskualdeko agente ekonomikoekin bilerak egingo dituzte eskualdeko alkateek. Besteak beste, Lea-Artibaiko Garapen Agentzia, Lea Ibarra Udal mankomunitatea, Lea-Artibaiko mankomunitatea eta eskualdeko ikastetxeetako ordezkariekin bilduko dira. Bengola Natur Energia Interpretazio Zentroan, adibidez, Eibarko EHUko Ingeniaritza Eskolaren laguntzarekin energia berriztagarrien arloa lantzen ari dira. “Zentroa buruaskia izateko zer egin daitekeen aztertzen ari dira EHUko ikasleak. Eta udaletxean dauden beharrizan praktikoei nola heldu ere aztertzen ari gara”. Abiapuntua da Lea-Artibai eskualdeko udalek finkatu dutena. Datozen hiru hilabetetan ikusiko da egitasmoak zer nolako harrera izan duen herritarren, eta zehazki, ikerlari eta ikasleen artean.

Anbizioz begiratzen dio Udalbiltzak etorkizunari. Eta beka sistema martxan jartzea ere badu egitekoen artean, lehendakariaren arabera. “Ikerbiltza ikerlari gazteen erreferentzia izatea da gure asmoa. Eta herritarrei erakutsi nahi diegu posiblea dela hemendik eta hemen ekarpena egitea”. Bien bitartean, herritarrak eta hezkuntza zentroak saretzen jarraituko du partzuergoak. “Urrats txikiak emanez, baina sendo”. Ikerbiltzan parte hartu nahi duten guztiek zabalik dute atea. ikerbiltza @udalbiltza.eus e-postara mezua bidaltzea da beraiekin harremanetan jartzeko bideetako bat.