Atxuriko tren geltokia desagertuko da metroko 3. linea osorik ezartzean

Atxuriko tren geltokia desagertuko da metroko 3. linea osorik ezartzean

Aitziber Laskibar Lizarribar

Oraindik ez dago data zehatzik. Baina asmoa argia da: Bermeotik eta Durangotik Bilbora doazen trenen geralekua aldatu egingo da. Atxuriko geltokira heldu ordez, Zazpikaleetara iritsiko dira tren horiek, Txorierritik hiriburura doazenak bezala. Hori izango da metroaren 3. linea ezartzearen ondorioetako bat. Zazpikaleetako metro geltokia elkargune bihurtuko da: Bizkaiko eskualdeetatik hiriburura doazen bidaiariek bertan izango dute helmuga, eta, Zazpikaleetan, metroaren 1. zein 2. linea hartzeko aukera izango dute. Intermodal funtzioa hartuko du, beraz, Zazpikaleetan atontzen ari diren geralekuak.

Ez hori bakarrik. Bilboko tranbiak Atxurin duen geltokia ere erabat aldatuko da. Etorkizunean ez da azken geltokia izango. Bagoien gordelekua ere ez, beraz. Geltoki bat izango du Atxurin, baina aurrera segituko du tranbiak, Etxebarriraino. Horretarako ere ez dago data zehatzik, baina, bai tren geltokiaren bai tranbiaren proiektuak amaitzerako, 2019. urtea ondo sartuta egongo da, gutxienez. Izan ere, aldaketa horiek egin ahal izateko metroaren 3. linearen gainontzeko lanek amaituta egon beharko dute aurrez, eta beraz, lehenago ezinezkoa izango da Euskotrenek ibilbide guztiak aldatuta izatea.

Bi urte barruko irailera arte, Bermeotik eta Gernikatik hiriburura doazen trenek bidaia Atxurin amaituko dutela aurreikusia du Euskotrenek. Eta tranbiaren luzapena ez da posible izango trenez doazenak Atxurin geratu ordez lur azpitik Zazpikaleetako geltoki berrira heltzen ez diren arte, trenaren bide zaharra ibili beharko baitu tranbiaren zati berriak. Bagoi gehiago egin beharrak ere atzeratu lezake tranbia Etxebarriraino luzatzeko data.

Bilboko Udalak etorkizunerako irudikatu duen Bilbon, tren geltokirik gabe eta tranbiaren helmugarako gune barik marraztu du Atxuri. Jasoa du garraioen aldaketarako plana aurrera begirako Bilbon, eta itsasadarraren inguruan pasealekua irudikatu du. Tren geltokiaren eraikina, ordea, ez luke eraitsiko. Ehun urte baino gehiago dituen egoitza dotorea berezia da, eta balio arkitektoniko handikoa. Bertan, kulturarekin lotutako azpiegituraren bat egokitzea proposatua du udalak.

Metroaren 3. lineari dagokionez, Etxebarri eta Matiko arteko tartea hurrengo martxo eta ekaina artean ezartzea da Euskotrenen asmoa. Lezamara doan trenarekiko lotura ere bai.

Metroaren maiztasuna zehaztu dute dagoeneko: 7,5 minuturo izango da Etxebarri eta Matiko artean, 06:00etatik 23:00ak arte, lanegunetan; asteburuetan, hamar minuturo. 1. eta 2. lineek bezala, ostiral eta larunbat gauetan zein festa berezietan ere ziurtatuko du zerbitzua 3. lineak. Horretarako, 138 tren beharko ditu.

Durango, Ermua eta Donostiatik abiatutako trenak Zazpikaleetako geltokira lur azpitik iristean gauzatuko da bigarren fasea; 2017ko ekaina eta 2018ko iraila bitartean.

Bermeotik heldutako trenak lurpetik Zazpikaleetara eramatea izango da azken fasea, 2018ko irailetik aurrera. Egungo Etxebarri eta Atxuri arteko trenbidea tranbiarentzat egokituko litzateke orduan, eta Atxurik tren geltokia galduko luke.