Abian da Galdeketaun, euskara sustatzeko lehiaketa digitala

Abian da Galdeketaun, euskara sustatzeko lehiaketa digitala

Alaitz Armendariz

Euskararen erabilera sustatzea helburu, berriz ere Galdeketaun lehiaketa abiatu dute Bilboko Udalak eta Nontzeberri.com atari kulturalak. 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat da Galdeketaun, eta sakelakoetan erabiltzeko aplikazio erako jokoa da. Horren bidez, erabiltzaileek test gisako galderei erantzuteko aukera dute. Bilbo eta Bizkaiko kulturaren inguruko galderak dira, eta urtarrilaren 31ra arte jolasteko aukera dago. Aplikazioa eskuragarri dago jada.

Galdeketaun jokoan, puntuazio altuena lortzen duenak saria irabaziko du, baina lehen hamar sailkatuen artean eta gainerako erabiltzaileen artean ere zozketak egingo dituzte. Hirugarren urtea du egitasmoak, eta, aurten, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoarekin egindako elkarlanari esker, galdera “berri eta zail dezente” gehitu dituzte; hain zuzen, Bilboko itsasadarrarekin zerikusia dutenak. Test gisako galderak dira; alegia, ikusgai daude erantzun zuzena hautatzeko aukerak.

Gazteek euren sakelakoetan euskaraz jardun eta jolasteko abiatu zuen jokoa Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Sailak. Duela bi urte izan zen hori, eta, emaitzak ikusita, ekimena errepikatu dute hirugarrenez. Koldo Narbaiza Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziaren hitzetan, euskara hizkuntza “ludiko” moduan eta “jakintzarako” erabiltzea da xedea. Testeko galderak hainbat gairi buruzkoak izan daitezke: kultura, kirola, geografia, artea, Bilbo hiria, Athletic… Ez dago mugarik, eta, hortaz, erabiltzaileek nahi beste partida joka ditzakete.

Aurreko edizioan 200 parte hartzaile inguru izan ziren, eta guztien artean 10.000 partida baino gehiago jokatu zituzten. Datu hori “pozgarria” dela adierazi du Juanra Madariaga Nontzeberriko arduradunak, eta aurten kopuru hori hobetzeko asmoa agertu du. Berez, jokoa Bilbo eta Bilbo inguruko 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzako pentsatua dago, baina aurreko urteetan izan dira jokoa deskargatu duten heldu batzuk ere. Adin tarte horretatik kanpo daudenek jokatu bai, baina saririk ezin dutela irabazi argitu du Madariagak.

120 galdera berri

Haren ustetan, Galdeketauneko galderak ez dira “hain errazak”. “Gehienetan parte hartzaileek ez dakite erantzuna, eta bilatu egin behar dute”. Horren ondorioz, sarritan gazteek “taldeka” jokatzen dutela adierazi du, eta hori “aberasgarria” da, haren iritziz.

Jokoan aritu ahal izateko Google Play aplikazio dendara edo www.galdeketaun.eus-era jo beharra dago, eta bertan jokoa deskargatu. Horren ondoren, jokatzen hasi aurretik, parte hartzaileek erabiltzaile izena eta bestelako datu batzuk adierazi behar dituzte erregistratu ahal izateko. Norberaren sakelako zenbakia izenari lotuta geratuko da, eta, beraz, sakelako zenbaki berarekin erabiltzaile bakarrak jokatu ahalko du.

120 galdera berri daude aurten, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoarekin batera egindako elkarlanari esker. Museoko zuzendari Jon Ruigomezek azaldu duenez, museoak “konpromisoa” dauka euskararekin, eta hezkuntza haien misio “nagusietako bat” da. Haren ustetan, itsasadarrak “joko handia” ematen du testeko galderetarako, Bilboren historia betidanik egon delako portuari lotuta.

Urtarrilaren 31ra arte egongo da lehiaketan parte hartzeko aukera, eta puntuazio onena lortzen duenari sakelako bat oparituko diote. Sari nagusi horretaz gain, sailkapenean lehen hamar postuak lortzen dituztenen artean beste sakelako bat zozketatuko dute, eta gainerako parte hartzaileen artean bi tableta banatuko dituzte. Madariagak iragarri duenez, hurrengo edizioetan, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaz gain, Bilboko bestelako museoekin elkarlanean aritzen saiatuko dira.