Ikusle ez ezik, parte hartzaile

Ikusle ez ezik, parte hartzaile

Natalia Salazar Orbe

Inongo parte hartzerik gabeak ziren; zezenketa, antzerki, kontzertu, zirku eta su festek osatzen zuten Bilboko jaien egitaraua, Aste Nagusia sortu aurretik. Suak kenduta, gainontzeko jarduera guztiez gozatzeko sarrera ordaindu behar zen, gainera. Semana Grande zen ordukoa. Testuinguruak ere giro hura sustatzen zuen. Ez dira urte asko egoera hari buelta eman eta iluntasunean murgilduta zegoen Bilbo kolorez jantzi zutenetik. Fracoren diktadura oso eraginkorra izan zen berun kolorea esparru guztietara hedatzeko. Aste Nagusiak bestelako jai eredu batzuk sortu zituen: parte hartzaileak. Amets Nagusia. Ametsa jai bihurtu zen dokumentalak jaso ditu hastapen haiek. Lana aurkezteko emanaldi hunkigarria egin zuten Arriaga antzokian Bilboko Konpartsek, asteartean.

“Oso urte bereziak izan ziren”. Hala laburbildu ditu Fernando Garcia Regidorrek Aste Nagusiaren hastapenak. Merce Cortina-Oriolekin batera, dokumentalaren zuzendaritza lanak egin ditu. “Frankismoa azken astinduak ematen ari zen” garai hura ekarri du gogora.

Lehiaketa bat izan zuen oinarri Aste Nagusiak. El Corte Ingles saltokiko harreman publikoetako arduradun Quico Mochalesek Bilborentzako jai eredu berri bat asmatzeko lehiaketa bat antolatu zuen. Txomin Barullo konpartsako kideen ideia nagusitu zen: “Gaur egunera arte iraun duen eredua aurkeztu zuten”.

1978tik abian

Konpartsak, txosnak, eredu parte hartzailea eta herrikoia zituen ardatz. Eta 1978an jarri zuten martxan. “Beraien emankortasunarekin, musu truk eta herrigintzatik, inori baimenik eskatu gabe ekin zioten. Erditzeek ezin baitute itxaron”.

Hala, erabat herrikoia izan zen sorrera hura. “Udalak geroago bat egin zuen proiektuarekin, dena muntatuta zegoenean”. Alde horretatik sumatu dute hobekuntza gutxien. “Erabakiak hartzeko orduan udalak presentzia handiagoa hartu du, gizarte mugimenduen aldean. Eta hori nabaritu egiten da”. Hala ere, konpartsen federazioa saiatzen da harreman ona izaten, ez bakarrik udalarekin, baita edozein agenterekin ere.

Bilbotar ugari atera ziren kalera perretxikoen antzera sortu ziren konpartsetan aritzeko. “Asko oso txikiak ziren; kale bateko zein kale erdi bateko bizilagunek osatutakoak ere bazeuden”. 29 daude gaur egun.

Ilusio handiko giroa

Sortzen ari zen giro politiko eta sozial berriak “ilusio handia” piztu zuen herritarrengan. Horrela bada, jendea antolatuta zegoen, eta lan egiteko prest: “Dela jaietan, dela bestelako esparruetan ere”.

Urteekin aldatuz joan da Aste Nagusia, gizartearen antzera. Haren eskutik egin du bidea. “Parte hartzeari dagokionez, osasuntsu samar dabil oraindik. Eta emakumeen presentzia gero eta handiagoa da”.

Memoria historikoa

Bilboko Konpartsek garai hartako memoria historikoa berreskuratu nahi izan dute, herri mugimenduetatik sortutako Aste Nagusiaren erroak berreskuratzeko. Aldarrikapen oihu bat da Amets Nagusia, Ametsa jai bihurtu zen dokumentala. Aste Nagusia posible egin zutenei omenaldia egitea ere nahi zuten. “Izan ere, Aste Nagusia ez litzateke izango ezer herritarren lan hori gabe. Jendearen parte hartzerik gabe ez dago Aste Nagusirik”.

Beraz, hunkigarria izan zen astearteko emanaldia, historiari errepasoa egiteko duen balioagatik; eta baita didaktikoa ere. Protagonistekin eta artxibo irudiak baliatuta osatu dute konpartsen lana laburbiltzen duen obra.

Gogora ekarri dutenez, jendea ados jartzea izan zen hastapenetan zailena. Baita udalarekiko harremanak ere. Baimenak behar zituzten-eta hiriko txokoak erabiltzeko. “Askotan oso zaila izaten da politikariek duten botere hori herritarren esku uztea. Eta sarri ez dute ulertzen. Erabat beharrezkoa da, ordea. Jai bat ezin da antolatu jendea ikusle huts gisa irudikatuta; jendeak parte hartzaile izan behar du”.