Gernika-Lumok, Nabarnizek eta Kanalak ere iragarri dute galdeketa

Gernika-Lumok, Nabarnizek eta Kanalak ere iragarri dute galdeketa

Ander Zarraga

Etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidearen aldeko galdeketetan parte hartuko duten herrien zerrenda luzatzen doa Busturialdean. Bermeo eta Busturia izan ziren kontsulten alde adierazpenak egin zituzten lehenak, orain Gernika-Lumo, Nabarniz eta Kanala auzoa batu zaizkie, eta apirilaren 2an egingo den galdeketarako herri gehiago batzea espero dute antolatzaileek.

Gure Esku Dago-k herrietan antolatu dituen dinamiken barruan, zapatuan 50 bat pertsonak elkarretaratzea egin zuten Busturiko Madariaga dorretxean. Ana Tere Bengoetxek hartu zuen adierazpena zabaltzeko ardura: “Herri heldua garelakoan gagoz, eta badakigu gure geroa zelan antolatu gura dugun”, azaldu zuen, besteak beste, egitasmoaren zergatia.

Erabakitzeko eskubidea gauzatu gura dutela adierazi, eta datozen hilabeteetan Busturialdeko herri gehiago batuko zaizkien itxaropena azaldu zuen. “Inori ezer inposatu gabe, herritarrek geroa denon artean erabakitzeko eskubidea dugulako”.

Aniztasuna

Zapatuko bateratzean jatorri, iritzi politiko eta herri ezberdineko pertsonak batu zirela nabarmendu zuen Alex Zenarruzabeitia Gure Esku Dago-ren Bizkaiko koordinatzaileak: “Hau ez da bakarrik abertzaleen kontu bat, ez da lurraldetasunaren inguruko kontu bat, ariketa demokratiko bat baizik; herritarren erabakitzeko eskubidearen inguruan ari gara lan egiten”.

Euskal gizartea osatzen duten pertsona guztiengana heldu nahi dutela nabarmendu zuen. “Erabakitzearen alde egiten dugula diogunean, denaren inguruan erabaki nahi dugula diogu —adierazi zuen—. Busturialdean galdeketa egitea beharrezkoa zela ikusten genuen. Busturialde osoan egitea nahiko genuke, baina, oraingoz, Bermeo, Gernika-Lumo, Nabarniz, Kanala eta Busturian egitea lortu dugu”.

Busturialdea osatzen duten hogei herrietatik bost horietan galdeketak egingo dituzte. Hala ere, beste herrietan ere lanean ari direla nabarmendu zuen Zenarruzabeitiak.

Galdeketa egingo duten herriak “iceberg baten tontorra” bezala deskribatu zituen, beste herri askotan egiten ari diren lana goratu nahian. Hain zuzen, oraindik ere, beste herri batzuetan galdeketak egitea posible dela uste du. Eta oraingoz galdeketarik aurreikusi ez arren beste prozesu mota batzuk abiatu dituztenen garrantzia ere nabarmendu zuen: “Etorkizunean hartuko dugun erabaki hori hartzeko momentuan, herritarrak ahaldun sentitzea nahi dugu”.

Gernika-Lumon ere bai

Orain arte Gernika-Lumon galdeketarako bidean ekintzak egin badira ere, orain arte ez zegoen argi kontsulta egingo ote zen ala ez. Galdetzea lantaldeko kideek elkarrekin erabaki dutela jakinarazi du Iban Mintegi Gernika-Lumoko lantaldeko kideak, eta erabaki horren inguruan informatzeko jarduerak egiten jarraituko dutela erantsi.

Bermeon, Busturialdeko beste herri garrantzitsuenean, uztailaren 2an egin zuten erabakitzearen aldeko adierazpena plazaratzeko jaia, herritarren parte hartze zabalarekin. Antolatzaileek adostutako adierazpena irakurtzeaz gain, jai giroan ospatu zuten eguna, eta bozketa sinboliko bat ere egin zuten.

Busturia da adierazpena egin zuen eskualdeko lehen herria. Ekainaren 5ean plazaratu zuen ekimenean parte hartzeko nahia.

Hasiera batean, Busturialdean antolatzea kostatu zitzaiela aitortu dute sustatzaileek. Izan ere, haien esanetan, herri bakoitzaren errealitatea desberdina da; ez da gauza bera Gernika-Lumo edo Bermeo bezalako herrietan antolatzea, edo txikiagoak diren beste herrietan jendea mugiaraztea. Hala ere, behin jendea mugiarazita, erabakitzeko eskubidearen aldeko galdeketak antolatzeko ekimenak pixkanaka sortzen ari direla azaldu dute.

Sukarrieta eta Gautegiz Arteagaren artean banatuta dagoen Kanala auzoko herritarrek ere erabakitzeko eskubidearen alde bozkatuko dutela adierazi zuten zapatuko elkarretaratzean. Hala ere, auzo hori osatzen duten bi udalerrietan ez dute erabakitzeko kontsultaren inguruko adierazpenik egin.

Oraingoz Bizkaian dagoen halako kasu bakarra dela adierazi du Zenarruzabeitiak, eta erabiliko duten prozedura aztertzen ari dira. Hala ere, herritarren nahia nabarmendu du hark: “Borondatea badute, eta, hortik hasita, ikusiko dugu zer egin”.