Arriolako Jazz Blues Jaialdia

Juan de Diego hirukotea
Azaroaren 11n, Ateneoan. Jatorriz bilbotarra da tronpeta jotzailea, baina egun Bartzelonan bizi da. Joe Smith bateria jolearekin eta Dani Perez gitarra jolearekin batera azalduko da agertokian, 22:30ean. Sarrerak, zortzi euro.
Jazz saioa. Egunetik egunera haziz doa haren musika. Betiere, lurralde berriak, bestelakoak eta pertsonalak bilatzen ditu. Eta jazza berau inguratzen duen mundura zabaltzen du, haren indarra eta arnasa hauspotuz. Uda labur hori da bere azken lana. Ez du inor epel utzi. Entzulea astindu eta, era berean, hunkitu egingo duen diskoa da.

The Allnighters
Azaroaren 12an, Ateneoan. Gasteiztik iritsiko da Elorriora The Allnighters taldea. Boskotea erreferentziazko talde bilakatu zen 1990eko hamarkadan, musika beltzari dagokionez. 1998an desegin ziren, eta 2013an itzuli ziren berriz ere, gogotsu.
Indar handiko taldea. Zuzeneko emanaldietan indar handiko taldea da. Denetariko estiloetako musikariekin aritu da hainbat agertokitan. Besteak beste, Wilko Johnson, Nine Below Zero, Barrence Withfield eta Bill Thomas.
Blues saioa. Ateneoan izango da bihar, 22:30ean. Sarrerak zortzi euro balio du.

Muchachos Afrobeat Band
Azaroaren 17an, Ateneoan. Entzulea gozaraztea beste helbururik ez du seikoteak. Horretarako, soinu bidaia eta esperientzia espirituala eskaintzen ditu. Ethiojazz, cumbia eta afrobeat tradizionalera eramango dituzte bertaratzen direnak.
Sarrera. 21:30ean hasiko da kontzertua. Sarrerak, bost euro.

The Machetazo
Azaroaren 18an, Ateneoan. Jazz garaikideko bost gazte talentudunen arteko elkarlana da The Machetazo. Taldekide guztiak Musikene Euskal Herriko goi mailako musika ikastegiko gradudunak dira. Eta Herbehereetan Jazz Ikerketari buruzko master bat egiten ari dira.
Jazz eta rock artean. Jazz eta rock estiloak dira taldearen eragin nagusiak. Hala, haiek ere bi horiek uztartzen dituzte. Sentsibilitatez, sormenez eta orijinaltasunez betetako abestiak dituzte. Horri inprobisazioa gehituta, entzulea axolagabe uzten ez duen energia positiboz betetako zuzenekoak eskaintzen dituzte. Jazz saio hori entzuteko, zortzi euro ordaindu behar dira.

Boney Fielsd Band
Azaroaren 19an, Ateneoan. Boney Fields Chicagon sortu zen, 1958an. 1970eko hamarkadan, Buddy Guy, Albert King zein Junior Wellsen tamainako artistak ikustera joaten zen blues klubetara. 1980ko hamarkadan hasi zen jotzen.
The Bones Project. Egun Parisen bizi da The Bones Project musika proiektua gauzatzeko. Musika espektro oso zabala du: Blues funketik hasi, eta rockera bitartekoa. Sarrera hamar euroan eskura daiteke.

Azkaiter Pelox
Azaroaren 20an, Portalekuan. Unai Azkarate Azkaiter Pelox ezizenez da ezaguna; Bergaran jaio zen, 1980an. Ingalaterra, Katalunia, Eskozia eta Irlandan zehar ibili ondoren, egun Euskal Herrian dabil hainbat talderekin.  Rhythm and blues eta rockabilly estiloak uztartzen ditu. Portalekua tabernako kontzerturako ez da sarrerarik ordaindu behar.￿