Haize on!

Iritzia

Iker Basurko, Itsasadarra Itsas Museoan Negozio Garapenerako zuzendariorde izana

Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa hizketagai bihurtu bada, ez da bihurtu haren osasun joriagatik, kontrakoagatik baizik. Proiektua jaio zenetik, erditze zaila begitandu genion, itsasoa eta hari lotutako gure historia maite dugun guztiongatik oso maitatu eta desiratua zen haurra izan arren. Bagenekien osasun hauskorrarekin jaioko zela eta beti egongo zela proiektuaren maitale izango ziren babesle, laguntzaile eta bestelakoen mimo, zaintza eta ziztaden beharrean.

Proiektuaren hastapenetan ontziratzeko zorte ona izan nuen, giza baliabide arduradunek profil egokia ikusi baitzuten nigan bai formazioagatik, bai esperientziagatik, eta pentsatzen dut, itsasoarekiko zein gure kulturarekiko dudan zaletasunagatik eta gizarte balioetan oinarritutako proiektuak garatzeko pasioagatik.

Museoa zabaldu aurretiko hilabete haietan proiekturako tripulazioa osatzen ari zen oraindik, baina dagoeneko antzeman zitekeen proiektuak, nabigatu ahal izateko, beharko zuen baliabide eskerga. Horregatik sartu nintzen negozioaren garapenerako zuzendariorde gisa. Nire eginbeharra? Gehienbat, irudimena eta ideiak eskaintzea, ekitaldiak garatzea, oraindik ez zegoen programari forma ematea, Itsasadarra Itsas Museoa mapan kokatzea, eta abar.

Eta ez zen gaizki joan. Hasieran, edozein proiektu berrik berez dituen zailtasunez gain, tripulazioa gogotsu zegoen, eta, talde gaztearen ilusioaren eraginez, eguneko itsasaldia eramangarria eta oso aberatsa izaten zen. Hasierako garai hartan, babesle eta laguntzaile asko bildu genituen; 30 enpresa eta instituzio inguru. Baina Patronatuan ez zegoen batasunik; batzuen eta besteen arteko tirabirak agerikoak ziren.

Proiektuaren oinarri eta Patronatuan batasun katebegia zen Patrick de La Sota jaunaren heriotza tristearen ondoren, desberdintasunek, proiektua sustatu zuen handinahikeriak eta lidergorik ezak eragindako norabide zehaztugabeak ondoeza eragin zuten itsasontzian. Patroia (zuzendaria) berera, bere onurei begira, tripulazioari begiratu ere egin gabe, ezta bekadunen zenbakiei ere; eta esan behar dut haien jokabidea ere ez zela onena izan.

Idazten ari den honek ere nahi baino lehen jaitsi behar izan zuen itsasontzitik. Baina, izan zitekeen eta izan ez zenagatik tristura dudan arren, ez naiz egindakoaz damutzen, proiektu jasangarri bat, umilagoa, defendatzea izan baitzen nire bekatua; langileekin tratu duina izango zuena, babesleei agindutakoa beteko zuena eta beste. Horrek proiektuaren gune gogorretik kanporatua izatea eragin zidan, eta egun laneko mobbing-a esango geniokeenak sortutako buruko min asko. Zauria ondo itxia dudan honetan, esan behar dut orain ere berdin jokatuko nukeela.

Nire garaiaren ostean barealdiak eta enbatak igaro dira, eta, orain, nire lagun Jon Rui Gomezi egokitzen zaio itsasontzia norabide onera eramatea.

Poztu nau entzuteak bai Bilboko Udalak bai Portu Agintaritzak ahalegin estra egingo dutela. Baina, batez ere, bere burua berriz asmatzea da orain egin beharrekoa; proiektuari mila buelta eman eta ilusioa berpiztea, guztiok senti gaitezen bertako parte garrantzitsu, grazia handiagoko etorkizun hobea izango duen etorkizunerako bidean.

Haize on!