BBVAren eraikinaren sei solairu arropa denda handi batek hartuko ditu

BBVAren eraikinaren sei solairu arropa denda handi batek hartuko ditu

Aitziber Laskibar Lizarribar

Bilboko lehen etxe orratza izan zen eraikina erabilera berri baterako prestatzen ari da. Plaza Biribilean dagoen BBVAren egoitza enblematikoaren lehen sei solairuak multinazional batek hartuko ditu: Primark arropa dendak. Irlandako enpresa erraldoia arropa merke saltzeagatik da ezaguna, eta Bizkaian badu, aurrez ere, beste denda bat Portugaleteko Ballonti saltoki gunean. Handiagoa izango da Bilbo erdian zabalduko duena: bost mila metro koadro ingurukoa.

Eraikin handiaren erabilera aldatzeko lanak hasiak dira. Aurreko astean hesitu zuten ingurua, eta lanean ari dira beharginak. Barne egitura aldatzea izango da lehen zeregina; barrualde osoa elkar lotuta duen BBVAren egoitza zatitzea. Hartarako, beheko solairua aldatzen hasi dira; sarrerak, igogailuak, eskailerak eta larrialdietarako irteerak moldatzen. Enpresa bakoitzak bere sarrerak eta bere barne loturak izatea da helburua; norberak bereak izatea, ondoko enpresarekiko erabat bereizita.

Lan handia eskatuko du horrek, eta beraz, diru eta denbora asko. Datorren urte osoa ere horretan ematea aurreikusten dute enpresek, eta 2018an amaitzea bereizte lanak. Ondoren, Primark enpresak berak egokitu beharko ditu bere sei solairuak saltoki handi gisara.

BBVAk alokairuan utziko dizkio bere eraikinak dituen ia 24.000 metro koadroetatik 5.000, eta akordioa hamarkadatan luzatzeko esperantza dute; 30-40 urterako hitzartu dute alokairua. Orain arte ezagutu ez den arren, iaz lotu zuten epe luzerako akordioa bankuak eta arropa dendak. Eta denbora behar izan zuen tratuak. Bi urteko negoziazioen ondoren iritsi zen alokairurako akordioa.

Plaza ez da aldatuko

Informazio ziurrik ez da orain arte zabaldu, baina iaz, saltoki handi bat egiteko asmoei buruzko zurrumurruak piztu ziren. Saltokiari mesede egiteko, Plaza Biribilari lekua jan, BBVAren eraikinaren aurrean dagoen iturria kendu, eta eremu guzti hori eraikinaren beheko solairuari gehitzeko aukera plazaratu zen. Bilboko Udalak mahai gainean izan zuen proposamena, eta prest zegoen baimena emateko. Aukera horrek, ordea, protesta ugari eragin zituen, eta udalak orain aitortu duenez, horregatik baztertu zuen bankuaren proposamena.

Ondorioz, lanek iraungo duten denbora igarota, itxura bera mantenduko du Plaza Biribilak. Baita BBVAren eraikinak berak ere. Duen historiagatik babestutako eraikina da Kale Nagusiko 1. zenbakian dagoena, kanpoaldearen itxura mantendu beharrekoa. Hala izango dela ziurtatu dute tratua egin duten aldeek.

Bilboko lehen etxe orratza

Bilboko lehen orratza den eraikina 1969an eraiki zuten Banco de Vizcayaren egoitza nagusi gisa. 88 metroko altuera eta 21 solairurekin, Bilbo modernoaren irudi bihurtu zen. Esanguratsua da duela gutxira arte jarraitu duela hiriburuko eraikinik altuena izaten: Iberdrolako orratza egin arte.

1998. urtean BBVAren egoitza bihurtu zen orratza, Banco de Vizcaya Argentariarekin batu zenean, eta hala jarraitu du orain arte. Zazpigarren solairutik gora bankuaren bulegoek beteko dute hemendik aurrera ere, baina, aldi berean, arropa denda handiez josia dagoen Kale Nagusiari beste denda erraldoi baten egoitza emango dio 2018tik aurrera.