Zein urrun dagoen ‘Gernika’

Zein urrun dagoen ‘Gernika’

Aintzina Monasterio Maguregi

Gernika Gernikara. Hori da azken urteetan Gernika Batzordeak herritarren izenean mantendu duen aldarrikapena. Pablo Picassok 1937an egin zuen Gernika artelana, Espainiako gobernu errepublikanoaren aginduz. Bere kolore zuri, gris eta beltzek 1936ko gerraren pasarte ilun bezain ezagunenetarikoa biltzen dute.

1937ko apirilaren 26an bonbardatu zuten Gernika, eta bertan bizitakoa islatzen du koadroak: gerraren krudelkeria eta berau jasan zutenen samina. Hori horrela, gernikarrek herrian nahi zuten koadroa, bere lekua herrian dagoela iritzita.

Hala ere, New Yorkeko MOMA Arte Modernoko Museotik Madrilera eraman zuten, Gernikara ekarri beharrean. 1981eko irailaren 10ean lekualdatu zuten Madrilgo Cason del Buen Retirora, eta orduz geroztik 35 urte joan dira. Orain Reina Sofia museoan du lekua Picassoren koadroak, baina Gernikak ez du amore eman.

Gaur egun, oraindik, herri baten aldarrikapenari eusten diote. XXI. mendean, sinadura bilketak egin dituzte. Duela hiru urte, www.change.org plataformaren bidez sinadurak batzeari ekin zion Gernika-Lumoko Udalak, eskaera Espainiako Kultura Ministeriora helarazteko. 23.631 pertsonak sinatu zuten agiria.

Aurretik ere, 2011ko otsailean, www. guernicagernikara.net webgunea prestatu zuen udalak, atxikimenduak jasotzeko. 16.000 pertsonak baino gehiagok bat egin zuten egitasmoarekin.

Hilabete lehenago udalbatzak koadroa Gernika-Lumora behin betiko ekartzeko beharrezkoak diren tramiteak bete ditzatela eskatu zien Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari.

Baina, oraingoz, protesta eta tramiteek ez dute fruiturik eman, eta auzia geldirik dago.

Isilpekoa azaleratzen

Gernika margolana Gernikara ekartzeko eskaria Gernika Batzordearen ekinbidez sortu zen 70eko hamarkadan. Batzorde horren sortzailea Juantxu Izagirre da, eta, haren esanetan, batzordearen sorrerak lau aldarrikapen ekarri zituen berarekin: Gernika Gernikara ekartzea, Gernika bakearen eta kulturaren hiri izendatzea, sarraskia agindu eta gauzatu zutenen erantzukizuna aitortzea, eta gertatutakoa ikertzea.

Izagirrek dio Gernikan inork ez zuela aitortu nahi bonbardaketan gertatutakoa, jendeak beldurra zuela, eta horregatik sortu zutela batzordea: “Uste genuen sasoia zela gertatutakoa normaltasunez kontatzeko”.

Gernikan gertatutakoa Euskal Herritik kanpo ere ezagutzera eman nahi zuten, eta agerraldia egin zuten komunikabideen aurrean.”Bonbardaketaren lekukoek haiek bizitakoa kontatu zuten, hemen gertatutakoa mundu zabalean jakin zezaten”.

Agerraldi hura giltzarria izan zela dio. Koadroa Gernikara ekartzea garrantzitsua bazen ere, 1937ko apirilaren 26an gertatutakoaren egia jakinaraztea ere berebizikoa zen Gernika Batzordeko kideentzat.

Batzordearen lau helburuetara ahalik eta herritar gehien batzeko asmoz, herriko alderdi politikoengana jo zuten, baina ez zuten akordiorik lortu.

Gaur egun moduan, orduan ere borondate falta zegoela aipatu du Izagirrek. “Hala ere, ezagunak egin ginen, eta Madrilen asko entzuten ziren gure ekintzak”, dio. 1979ko maiatzean, Picassoren artelanak Gernikan egon behar zuela zioen mozioa onartu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek.

Eskaera gauzatzeko, baina, tamaina horretako koadroa gordetzeko leku aproposa behar zela bazekiten Gernika Batzordeko kideek, eta museo bat eraikitzeko lehiaketa antolatu zuten 80ko hamarkadaren hasieran. “Ikerketa moduan egin genuen. Luis Peña Gantxegi arkitekto ezaguna ekarri genuen laguntzeko; baita ekonomia arloko unibertsitateko zenbait irakasle ere”.

Haien aldarrikapenak babes handia izan zuen. Tartean, espero ez zutenena. Izan ere, UCD agintean zela, Mario Armero abokatu eta Trilateraleko kideagaz batzartu ziren Madrilen. Hark kontatu zien Santiago Carrillok eta Felipe Gonzalezek ondo ikusten zutela koadroa Gernikara eramatea.

Bestalde, margolari ospetsuaren alaba Paloma Picassok ere horren aldekoa zela adierazi zien telegrama bidez.

Ikerketa eta kultur arloari dagokienez, Alemaniaren enbaxadorearekin eta Pio Cabanillasekin ere batu zirela azaldu du Izagirrek. Itsasgarriak saldu, sinadurak batu… askotariko ekintzak egin zituzten. Eta herritarren ahotsaren bozgorailu bihurtu ziren.

Izan ere, orduko euskal politikariek Madrilgoekin ez zutela konfrontaziorik gura dio Izagirrek, eta, ondorioz, ez zutela lortu haiengandik gura zuten babesa.

Koadroaren erreplikak

Koadroa AEBetatik Espainiara eroan aurretik, 1977. urtean Gernikako epaitegian jarri zuten Picassoren koadroaren erreplika da batzordearen beste ekintza ezagunenetako bat. Udaletxearen aurrean zegoen orduko epaitegia, eta Arte Ederretako ikasle talde batek margotu zuen. Gero, haien artelana institutura eroan zuten, eta han izan zen hainbat urtetan. 1981ean, berriz, Picassoren jaiotzaren urteurrenean, kultur etxearen aurrean horma irudiak margotu zituzten herriko Arteskolako irakasle eta ikasleek.

90eko hamarkadaren erdialdean, euskal artista ezagunek egin zuten artelan ospetsuaren erreplika. Bakoitzak parte bat margotu zuen. Hura ere epaitegi aurrean jarri zuten lehenengo, eta institutura lekualdatu zuten gero.

Halaber, Gernika Espainiara eroan zutenean hainbat ekintza egin zituzten. Esate baterako, Klin, klan, klon kanpainaren barruan, koadroaren neurriak oinarri hartuta, Espainiako ministroari buruzko parodia antzeztu zuten Gernikako Pasealekuan, inguruko mendietatik adarra jotzen zuten bitartean.

Reina Sofian protestan

Bonbardaketaren 50. urteurrenean protesta Madrilera ere eroan zuten gernikarrek. Autobus bete herritar joan ziren Reina Sofia museora. Guernica Gernikara mezua elastikoetan zutela —bakoitzak letra bat— eta koadroaren aurrean jarrita egin zuten aldarrikapena. Batzuk barruan zeuden bitartean, beste talde bat museoaren ateetara kateatu zen.

Kateatuta zeudenak Poliziak atxilotuta eraman zituen, eta museo barruan zeudenek esan zieten haien kideak libre utzi arte ez zirela mugituko. “Ekintza hark Espainia osoan izan zuen oihartzuna”, gogoan du Izagirrek.