N. S. O.
Pablo Berasaluze erreferente bat izan da Bizkaiko pilotan. Garrantzitsua da era horretako profesionalak aritzea lehen mailan. Zaleentzako ez ezik, belaunaldi gazteek ere jarraitu gura duten eredu bat izan dezaten. Alde horretatik, lasai asko doa Berriztarra. Bizkaiko pilota oso garai onean dagoela sinetsita. Pilotari bizkaitar on asko daude. Eta gaur egungo txapelduna ere bizkaitarra da: Mikel Urrutikoetxea. Banakako txapela, lau t’erdikoa eta eskuz binakakoa, hirurak eskuratu dituen seigarren pilotaria da; eta nafarra ez den lehenengoa.
Karmelo Ariznabarreta Bizkaiko Pilota Federazioko presidenteak ere uste du bertako pilotaren osasuna ona dela. “Mikel Urrutikoetxea pilotari indartsuagoa da. Hiru modalitateetan indartsu dabil, eta horrek erraztasun handiagoa ematen du txapela lortzeko”.
Hala ere, Urrutikoetxeaz gain, pilotari on ugari eta harrobi indartsu bat ere badaude Bizkaian. Gazteak ekarri ditu gogora: “Elezkano hor dago, eta Larunbe galdakoztarra gero eta hobeto ari da. Irusta ere hor dago, Elordi mallabitarra….”.
Zaleen artean ere etorkizunean pilotari on izan daitezkeenak ikusi ditu, gainera. Horri guzti horri mesedegarri deritzo: “Ondo dator gazteentzako eta pilota eskolako umeentzako bizkaitarrak hor goian ikustea”.
Egia da, hala ere, igaro direla jada pilotak Bizkaian eta Euskal Herrian ez eze, nazioartean izugarrizko oihartzuna zuen garaiak. 1924an Parisko Olinpiar Jokoetan pilota erakustaldia egin zuten; Bartzelonan 1992an lehiatu zirenetara gonbidatu gisa joan zen; eta 29 herrialdetan ere lehiatu ziren. Gaur egun, kopuru horiek izugarri murriztu dira. Indar asko galdu du pilotak. Hala ere, Ariznabarretaren ustez, ez da erraza indar hori mantentzea. “Pilota telebistaz ematea boom handia izan zen”. Hainbat urtetan eutsi zion goiari, indartsu, kirol horrek.
Geroago lehia handia iritsiko zen. “Konpetentzia handia dago orain kirol guztietan. Denak ematen dituzte telebistan. Ez da erraza horren merkatu txikian aritzea”.
Pilota partidak asteburuero jokatzen dira Euskal Herrian, gainera. “Ez da erraza asteburuero zaleak frontoira erakartzea. Noizbehinka joatea ere nahikoa da”. Gaur egungo garai ekonomikoa ere ekarri du gogora. “Itxaron egin beharko dugu, ea datozen urteetan berpizten den. Ea ikuskizuna ematen duten gazte batzuk datozen, eta egoera pixka bat aldatzen den”.
Pilota esku pilotaz harago doala ere kontuan hartu behar da. “Zesta-puntan lanean ari gara, ea indartzea lortzen dugun; pala ere maila profesionalean mantentzen den ikusi beharko dugu… Bakoitza bere arloan ari da buru-belarri, jendea erakartzeko lanetan”.
Emakumeak ere, frontoian
Emakumeek ere ekin diote frontoietan lekua hartzeari. Ume sasoian aritu arren, adinak aurrera egin ahala pilotan jarraitzeko modurik ez zuten izaten askok. Orain, ordea, hasi dira helduak kirola praktikatzen. Gogotsu ari ere. Txapelketak ere antolatzen dituzte. 35 pilotari federatu inguru daude, eta hainbat klub sortu dira. Haiek ere garrantzitsu deritzote belaunaldi gazteek frontoietan erreferente horiek ikustea. Etorkizunean ere pilotan jarraitzeko aukera izango dutela ikusiko dute, hala, neska gazteek.