“Ia mila kilometrora eta hamabi ordura dago Ibon, giltzaz itxita”

“Ia mila kilometrora eta hamabi ordura dago Ibon, giltzaz itxita”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Emakume indartsua da Lourdes Arronategi (Busturia, 1938). Asko bizitakoa, eta bizimodu gogorrak zaildutakoa. Espetxea betidanik egon da presente haren bizitzan, eta ohitua dago etxekoak kartzelaren hoztasunean ikusten. Denbora luzean ez ikusten ere bai. Halakoak ohiko bihurtuta, egoera krudelei garrantzia kentzeko jarrera du; irribarrea ateratzen du egoerarik latzenei buruz hitz egiteko ere. Edo isiltzeko, kontatu baino gehiago isiltzen baitu. Garraztasunari baino gehiago, anekdotei heltzen die. Preso dituen bi semeak bizitzen ari direna izendatzeko arazorik ez du, halere: “Oso gogorra da”. Bost semeetatik Ibon eta Eneko ditu kartzelan. Frantzian bat, Espainian bestea. Biak, muturreko egoeran. Eta, azaleratzen ez duen arren, nabari zaio kezka.

Frantziako Valence kartzelan dute preso Ibon Goieaskoetxea Arronategi, ekainetik. Etxetik ia mila kilometrora. Familiara gerturatzeko lekualdatuko zutela esanaz argudiatu zioten espetxe aldaketa: “Bai, noski, familiara gerturatzeko…”, errepikatu du amak, ironiaz. “Hori esan zuten; hurbiltzeko zela”. Urruñan (Lapurdi) bizi dira Ibon eta Enekoren gurasoak: Lourdes Arronategi bera eta Gotzon Goieaskoetxea. Noizean behin joaten dira Busturiko etxera, baina gutxi, gero eta gutxiago. Semeak ikusteko hainbeste denbora errepidean egin behar izatearen ondorioz eta denboraren joanaren eraginez, gero eta nekezagoa egiten zaie Lapurditik Bizkairako bidaia. Gainera, hankak moztuta, aulki gurpildunean dago aita. Are gehiago zailtzen ditu horrek bidaien periploak.

Hiru eguneko bidaia

“Urruñatik 900 kilometrora dago Ibon; hamar ordura autoz. Hemendik [Busturia] ia mila kilometrora eta 11 ordu eta erdi edo hamabi ordura. Eta han, Ibon, une oro giltzaz itxita dago”.

“Luze egin zait bidaia. Oso luze”. Behin, behin besterik ez duelako egin Valencera. Duela pare bat hilabete inguru joan zen, semea komunikazio greban hasi aurretik. “Hiru egun behar dituzu bisita bat egiteko. Ostiral goizean goiz atera, gauean hara heldu, lo egin, larunbatean bisita goizean eta arratsaldean egin, berriro autoa hartu, eta Montpellierrerainoko bidaia egin; han lotan geratu, eta igande gauean heltzen gara etxera. Luzea da; oso luzea. Eta, noski, bidaia dirutza da. Gainera, bidean lo egin behar duzunez… ba, pentsa”. Ezinbestean autoz egin behar dute joan-etorria, garraio publikoan egiteko modurik ez baitago. “Problemak daude”.

Ekain arte, Fleury-Merogisko kartzelan zuten semea. Paris ondoan. Urruti, baina garraio publikoan joateko moduan. Hainbat garraiobide tartekatu eta denbora eta dirua inbertitu behar bazituen ere, aukera bazuen semea ikustera errazago joateko. “Parisen zegoenean, bakarrik joaten nintzen; garai batean bi astero edo… Eneko Ingalaterran egon zenean ere bakarrik joaten nintzen [han izan zuen preso Eneko semea, estraditatu zuten arte]. Baina orain, Valenceraino heltzeko… Zaila da. Eta, autoz joanda ere, bi gidari gutxienez behar dira”.

“Esperimentuen kartzela”

Hala ere, amarentzat gogorrena ez da bidaia egin behar izatea, semeak han duen egoera baizik. “Urrun dagoela problema da, bai, baina benetan problema dena da espetxe berria dela, esperimentala, oso gogorra, eta estreinatu dutela bi euskaldun eramateko”. Bi bizkaitar dituzte han, hain zuzen: Busturiko Ibon Beaskoetxea eta Gorlizko Alex Zobaran.

Hain zuzen ere, Zobaranen ziega erre dutela jakinarazi zuen atzo AEM amnistiaren aldeko eta errepresioaren kontrako mugimenduak. Igandean, izan ere, hainbat preso matxinatu ziren Valenceko kartzelan, eta espetxezanei giltzak kendu ostean bi solairu kontrolatu eta hainbat ziega erre zituzten; tartean, Zobaranena. Euskal presoa ez zen ziega barruan, baina haren ondasun guztiak erre zituzten, AEMren arabera.

Urtarrilean zabaldu zuten Valenceko kartzela. Esperimental gisa izendatua dute. Presoekin “esperimentuak” egitekoa da. “Beldurra ematen du pentsatzeak bakarrik”. Arronategik ez du asmatzen esperimental izaera horren nolakotasuna hitzez azaltzen. “Berria da, zabaldu berria. Dena dago erabat informatizatua; izugarria da zelan dagoen dena; kamerak daude alde guztietan, oso kontrol zorrotza dute… eta oso gogorra da”. Fikzioko filmetako irudiekin alderatu daiteke Arronategik hitzez baino keinuz eta xehetasunak aipatuta plazaratzen duen deskribapena. Pertsonen irauteko gaitasuna probatzen duten esperimentuetan oinarritutako filmetako irudien antzekoak iradokitzen ditu. “Presoen bizitzarekin esperimentatzeko kartzela berria da Valence, eta hara eraman dituzte Ibon eta Aletxu. Hori da min handiena egiten duena”.

Horrek protestara eraman ditu Goieaskoetxea eta Zobaran. Egoera aldarazi nahian, “presionatzeko”. Eta bi presoek argi dute zein den aldaketarako modu bakarra, Arronategiren hitzetan: handik atera eta zigorrak betetzeko kartzela arrunt batera eramatea, euskal preso gehiago dauden espetxeren batera. Horrekin batera, Euskal Herrira gerturatu ditzatela aldarrikatzen dute: urruntzean, sakabanatzean eta “pertsonaren suntsipenean” oinarrituta hartutako neurria bertan behera uztea.

Presoentzat bereziki gogorrak diren neurriak hartu dituzte bi bizkaitarrek hartarako. “Mitard-en sartu dira euren borondatez”, kontatu du Goieaskoetxearen amak. Zigor ziegara joan dira. “Komunikazio greba” ere hasi dute. “Bisitak eten dituzte”. Abuztuaren 8tik daude hala.

Ordutik, Frantziako espetxe esperimental horretan dauden bi euskal presoak zigor ziega banatan dituzte. Bakartuta, eta giltzaz itxita. Eguneko 23 ordu ziegan egiten dituzte. Ezer edukitzeko aukerarik ez duten ziega txikietan. Ez dute inor ikusten, eta egunean ordubete ateratzen dira patio txiki batera.

Arronategik azaldu du semeak ez duela aukerarik ziegan ezer izateko. “Ezin du libururik izan, adibidez, eta arroparik ere ez. Abuztuaren 8an jantzia zuen arropa berarekin jarraitzen du”. Ez du besterik. “Ez dakit gauean garbituko duen edo”, dio. “Tira, oraindik ez du hotzik egiten eta…”. Mila kilometroko bidaia egin, eta arropa sartzen saiatzekotan da familia.

Hala ere, baikortasuna lehenesten du amak. “Artista da!”. Eskulanetan oso trebea dela nabarmendu du, eta ezerezetik artea egiten dakiela. “Margorik ez du, baina kafearen hautsarekin oso marrazki ederra egin duela esan dit errainak”. Kafea eta hortzetako eskuilarekin egindako irudia bidali berri dio postaz.

Eta semea “gogorra” dela errepikatzen du. “Ondo, gogor” egongo dela pentsatzen duela. Baina, jakin, ezin jakin. Izan ere, zigor ziegan egonik, apenas du telefono deirik. Ez du bisitarik, eta dei bakarra egin dezake astean. Alaba azken hamar egunotan ospitaleratua duela ere egunetara jakin du. “Astebetera edo hitz egin ahal izan du alabarekin eta lasaiago geratu da”.

Hori guzti hori salatzeko, hainbat protesta egiten ari dira azkenaldian Goieaskoetxearen eta Zobaranen herrietan; espetxeetako arduradunei bidaltzeko sinadura bilketak ere bai. Arronategik dio herritarrak mugitzea beharrezkoa dela, eta esker ona adierazi nahi die mobilizazioetan parte hartzen ari direnei. Baina egoera berehala aldatuko den esperantzarik ez du. “Luze joko du honek, oso luze”.

Urtebete “bakar-bakarrik”

Eneko semea bizitzen ari den egoera ere luze doa. Madrilgo Alcala-Meco espetxean dute, eta urtebete baino gehiago darama bakartuta. Anaiak bezala, ziega batean itxita ematen du ia-ia egun osoa: 22 ordu. Goizean ordubete atera daiteke patiora, eta, arratsaldean, beste ordubete. Egun osoan ez du inor ikusten. Urtebete baino gehiago darama horrela. “Urte bat denbora asko da. Asko bakar-bakarrik egoteko”, dio amak. “Egunero, egun bat bestearen atzetik…”.

Enekok badu liburuak izateko aukera, eta horretan ematen du denbora. Eta xakean. “Beste preso batek han utzi zuen xake taula bat du, eta bere buruaren kontra jokatzen du xakean. Besterik, ezer ere ez. Hantxe, egonean”, kontatzen du semearen egunerokoa.

“Baina, tira”, dio berriz. “Telefonoz deitzen duenean nik esaten diot: ‘Zer moduz, Enekotxu laztana?’. Eta berak: ‘Hemen… bakar-bakarrik…’. Nik esaten diot: ‘Begira Arantza Zulueta. Begira zenbat denboran dagoen horrela, bakar-bakarrik. Beraz, ez kexatu'”. “Zer esango diozu, ba…”, argudiatu du elkarrizketa. Hain zuzen, horixe da amak semeari indarrak bidaltzeko duen modua: larritasunari garrantzia kentzea. Baina aitortu du Enekoren egoerak “kezka” ematen diola. “Goxoa da bera oso, sentimentala, eta bakarrik, bakartzean hainbeste denbora egoteak… kezka ematen dit, bai”.

Hala ere, kezkei neurria hartua diola dirudien emakume gogorra da Arronategi. Naturaltasunez dio oso gertuko senide asko espetxean dituela. “Beti” izan dela horrela. “Jaio naizenetik”, dio. “Oso familia abertzalea izan dut. Etxean beti ikusi izan dudana da”.

Aita, gerra garaian preso

Arronategiren gurasoei erreparatu besterik ez dago. 1936ko gerra erdian sortu zen Ertzañaren lehen kideetakoa izan zuen aita. “Gernikan egiten zuen lan, Banco Vizcayan. Muruetan, baserrian bizi zenez, lanera joateko zerbait behar zuen. Motor bat erosi zuen. Orduan apenas zegoen motorrik, eta dotore joaten zen bera. Gerraren kontura nazionalak motorrak kentzen ari zirela esan zioten, eta orduan aitak esan zuen: ‘Niri ez didate ba kenduko!’. Motorra hartu, eta euskal gobernuari entregatu zion”. Jaurlaritzak gerrari aurre egiteko ertzain sartzeko eskatu, eta bere motorrarekin aritu zen orduz geroztik. Ama, osaba eta familia Gueñesko etxe batera joan ziren, ihesi. “Aita noizean behin Gueñesera joaten zen ama bisitatzera, eta ama haurdun geratu zen”.

Busturiko etxean jaio zen Arronategi, familia hara itzuli baitzen. Alaba bakarra izan zen. Gurasoek ezin izan zuten seme-alaba gehiagorik izan. “Nazionalak sartu zirenean, haurrak Frantziara barkuan eramatera joan zen aita. Han harrapatu zuten alemanek, eta kontzentrazio zelai batera eraman zuten. Sendategi bat zuen esparru horrek, eta han egon ziren preso guztiak tuberkulosiarekin hil ziren”.

Arronategiren aitak, ordea, ihes egin zuen. Landetara joan, eta hango etxe aberats batean aritu zen lanean administratzaile. “Ihes egin zuenean, aterpe emango zion etxeko alabari esan zion Bordeletik gorako leku batera joateko, bizikleta birekin eta kapa birekin”. Bizikletaz iritsi ziren biak babesleku izango zuen etxeraino. “Baina aita gaixorik zegoen tuberkulosiarekin, eta han hil zen, Landetan”. Lurperatu ere, aitak aterpe izan zuen etxekoen panteoi handian lurperatu zuten. “Ama hil zenean, pentsatu genuen aitaren hezurrak ere hona ekartzea, baina panteoi handi hartan gorpuak ez zituzten izenez banatuta lurperatu, eta ez genekien zeintzuk izango ziren aitarenak”. Gorpuzkiak ere etxetik urruti geratu dira, beraz, betiko.

Familiaren istorio asko ditu kontatzeko Arronategik. Harro plazaratzen ditu, bizipenen gogortasunak bizi ikuspegia baldintzatu diola jakinda. Baina horrek ez du esan nahi sufritzen ez duenik edo amesgaiztorik izan ez duenik: “Duela zazpi urte Ibon atxilotu zutenetik, etxeko tinbrea entzuten dut gauero. Bazetorrela pentsatuz edo entzuten nuen atea, eta oraindik entzuten dut. Tinbre hotsarekin itzartzen naiz goizaldeko laurak aldera”. Garrantzia kentzen dio, ordea, bai lehen bai orain bizitako laztasunari: “Gogorra da orain bizitzen ari garena, baina are gogorragoa izaten da antzekorik inoiz bizi izan ez dutenentzat. Guk badakigu zer den hau…”.