Eserlekuei izena jartzeko eguna

Eserlekuei izena jartzeko eguna

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Kalkuluak eta zenbakien dantzak. Eserlekuak gora ala behera. Irabazi ala galdu. Indar korrelazioei buruzko inkestak eta emaitza posibleak. Kinielak. Azken astean askotarikoak izan dira Eusko Legebiltzarreko eserlekuen banaketari buruzko iritzi eta ikerketak. Etzi argituko dira zalantza horiek guztiak. Gaur dute alderdiek kanpaina egiteko azken eguna. Atsedena hartuko dute bihar. Eta igande gauean jakingo da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek zer erabaki duten. Eusko Legebiltzarra osatzen duten 75 eserlekuetatik 25 aukeratuko dira etzi Bizkaian. Bertan erroldatutako 947.633 herritarrek izango dute eserlekuen banaketa erabakitzeko aukera lurraldean.

Iragarpen guztien arabera, jeltzaleak gailenduko dira beste behin Bizkaian. Baina ikusteko dago Elkarrekin-Podemos koalizioaren agerpenak eserlekuen banaketan zer eragin izango duen. Iazko maiatzeko foru eta udal hauteskundeetan indartsu sartu zen Ahal Dugu alderdia lurraldean. Eta indar horri eutsi dio Espainiako Kongresurako hauteskundeetan ere —EAJk baino boto gehiago lortu ditu ekainekoetan—. Lehen aldia du koalizio moreak Gasteizko parlamenturako hauteskundeetan, eta, alde batera edo bestera, mapa politikoaren kolorea aldatuko du hautagaitza berriak. Edonola ere, azken astean kaleratutako inkesten arabera, alderdi berriak ez du EAJren indarra higatuko Bizkaian.

Biltegi segurua da Bizkaia EAJrentzat. EAJren feudo izendatu izan da lurraldea sarri, jeltzaleek historikoki bertan izan duten nagusitasunaren adierazgarri gisa. Eta ez dirudi igandeko hauteskundeetan ezusteko handirik izango denik. Inkesten arabera, aise irabaziko luke EAJk lurraldean; 25 ordezkaritik 11 eserleku eman dizkiote azken azterketek. Lasai dago, hortaz, EAJ. Eta, hain zuzen, orain arte izan duen nagusitasunak emandako “egonkortasun” hori izan da jeltzaleen hauteskunde kanpainako bandera nagusia. Atzera begira jarri da EAJ azken hilabetean. Orain arteko gestioaren defentsari eutsi dio, eta egonkortasun hori aurkeztu du etorkizunerako “berme” gisa.

Eserlekuen dantza

EH Bildu da legebiltzarreko bigarren indarra. Indartsu sartu zen koalizioa parlamentura 2012ko hauteskundeetan—21 eserleku lortu zituen, jeltzaleek baino sei gutxiago—. Eta horietatik sei ordezkari lortu zituen koalizioak Bizkaian. Aurreikuspenen arabera, eserleku gutxiago lortuko ditu koalizio abertzaleak igandean erabakiko den legebiltzarrean. Eta bi dira, EH Bilduri dagokionez, hedabide zein ikerketek plazaratu dituzten zalantza nagusiak: bigarren posizioari eutsiko dion ala ez, eta, eustekotan, zer-nolako indarrarekin eutsiko dion. Inkesten arabera, bigarren indarrari eutsiko lioke Bizkaian, baina duela lau urte baino eserleku gutxiagorekin.

Elkarrekin-Podemos koalizioaren agerpenak badu beherakada horretan zerikusirik. Aurreikuspenen arabera, koalizio morearen agerpenak EH Bildu eta PSE-EE higatuko ditu gehien. Badaki hori Elkarrekin-Podemosek. Eta, norabide horretan, botoak berenganatzeko kanpaina egin du hasieratik, diskurtsoan erabakitzeko eskubidea eta eskubide sozialak erdigunean jarriz. Hutsetik abiatuko da koalizio morea; aldez aurretik ez du ordezkaritzarik izan Gasteizen, eta hirugarren indarra izan liteke datorren legegintzaldian. Edonola ere, berritasunaren kolpea galdua du jada koalizioak. Eta ikusteko dago orain arte erakutsitako indarrari eutsiko dion ala ez.

Ezbairik gabe, sozialistak eta popularrak izango dira igandeko hauteskundeetako galtzaile nagusiak. Ez du eginkizun erraza PSE-EEk Bizkaian. 2012ko legebiltzarrerako hauteskundeetan nabarmen egin zuen behera Idoia Mendia buru duen alderdiak. Eta norabide berean jarraitu du ordutik. Iragarpen guztien arabera, hondoa joko dute sozialistek igandeko zitan; hiru lurraldeetan ordezkaritza erdira jaisteraino.

Berdin PPk. Izugarria izan da azken hamarkadetan alderdiak izan duen beherakada. Eta horri guztiari azken urteetan izan diren barne gatazkak gehitu behar zaizkio. Bizkaian hiru ordezkari lortu zituzten 2012an, eta, inkesten arabera, eserleku bat galduko dute igandean.

Azken hamarkadan estatu alderdiek indarra galdu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Udaletan, Batzar Nagusietan eta legebiltzarrean gero eta ordezkari gutxiago dituzte PSE-EE eta PPk. Joera hori aldatu du Elkarrekin-Podemosen agerpenak. Eta badirudi indartsu sartuko dela legebiltzarrean. Edonola ere, berrikuntza dakar koalizio moreak: orain arteko estatu mailako alderdiek ez bezala, erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera erakutsi du. Legebiltzarraren osaketan, erabakitzeko eskubidearen aldeko indarrek izango lukete, hortaz, gehiengo osoa.