Basauriko erdiguneari buruzko galdeketa ez dute egingo, oraingoz

Basauriko erdiguneari buruzko galdeketa ez dute egingo, oraingoz

N. Salazar – A. Laskibar

Basauriko erdigunea nola eraldatu nahi duten erabakitzeko aukerarik ez dute izango bertako herritarrek. Oraingoz ez, behintzat. Iganderako zegoen deituta herri galdeketa debekatu egin du Administrazioarekiko Auzietako Bilboko Epaitegiak.Udalak iragarri du epaitegien erabakia errespetatuko duela. Hala ere, etorkizunean galdeketa egiteko asmoa azaldu du.

San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe eraldatu eta mordernizatzeko Basauriko Udalak aurkeztutako proposamenari bide eman ala ez aukeratu behar zuten etzi herritarrek. Hala ere, joan den asteko ostegunean helegitea aurkeztu zuen Estatuaren Abokatutzak: herri galdeketa hori kautelaz bertan behera uzteko eskatu zuen. Urgentziazko eskaera egin zuen, eta aste honetan iritsi da epaitegiaren erantzuna.

Badaezpadako debekua

Epaileak ez du esan galdeketa egitea legezkoa izango litzatekeen ala ez. Hala azaldu dute udaleko zerbitzu juridikoek. Horrez gain, udalak egindako alegazioak sendoak direla deritzo erabakia hartu duen epaileak. Hala ere, galdeketa bertan behera uztea erabaki du, behin betiko epaia eman bitartean. Haren ustez, helegitea jarrita dagoen bitartean galdeketa egiteak kaltea eragin diezaieke Estatuaren Abokatutzari eta basauritarrei eurei. Azken horien itxaropenak zapuztu egin daitezkeela argudiatu du, galdeketa egin, eta ondoren baliogabetu egingo balitz.

Bestelako iritzia azaldu du Basauriko Udalak. Bertako zerbitzu juridikoen esanetan, basauritarren eskubideak urratuko dira galdeketa bertan behera utzita, ezin izango baitute azaldu biziberritze planari buruz duten iritzia. Basauriko Udalaren eskubide urraketari buruz ere mintzatu dira: “Legeak ezarritako bermeak betetzen dituen galdeketa egiterik ez du izango”.

Joan den uztailean adostu zuen Basauriko udalbatzak herrigunerako Hirigintza Biziberritze Plan Bereziari buruzko galdeketara deitzea. “Era demokratikoan” hartu zuten erabakia, udaleko ordezkarien esanetan. Hala ohartarazi dute orain ere. Eta, epaileak berak, zalantzan jarri du akordio hark legea urratzen duenik. Estatuaren Abokatutzak balizko lege urraketa hori erabili zuen, hain zuzen, herritarrei galdetzeko erabakiaren aurka helegitea aurkezteko argudio gisa.

Udalen Legeak babestuta

Udalak, ordea, araudia ondo begiratua duela eta legearen babes osoa duela azaldu du galdeketa iragarri zuen egunetik: Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legearen 82. artikuluak erabat babesten duela ekimena. Eusko Legebiltzarrak apirilaren 7an onartutako Udalen Legeak ahalbidetzen duela hori, eta Estatuak ez duela lege horren aurkako helegiterik aurkeztu. Gainera, Basauriko galdeketa bertan behera uzteko eskaera egin duenean ez duela araudi hori aipatu ere egin ohartarazi du.

Edozein kasutan, epailearen agindua bete egingo du udalak; “legea betetzeko eta arduraz jokatzeko”, zehaztu du Andoni Busquet alkateak: “Ez ditugu herritarrak ziurgabetasun egoera batean murgildu nahi”. Hortaz, igandean ez die herritarrei galdetuko herri erdigunerako proposatu duen proiektu erraldoia babesten duten ala ez.

Baina galdeketa egiteko asmoari eusten diola zehaztu du udalak. Lehenik eta behin debekua baliogabetzeko helegitea aurkezteko aukerak aztertuko dituela, eta aurrerago herritarrei galdetu ahal izateko “beste formula serio bat” bilatzeari ere ekingo diola. Hori lehenbailehen egin nahi du, gainera, “San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxeko hirigintza proiektua ez atzeratzeko”.

Izan ere, iganderako aurreikusita zegoen galdeketak izaera loteslea zuen; gutxiengo baldintza eta emaitza batzuek gaindituz gero, herritarren erabakia errespetatu egingo zuela esana zuen udalak. Udalbatzak adostu eta onartu zituen oinarri horiek, EAJk eta EH Bilduk egindako akordioari esker. Herritarren esana aintzat hartzeko, basauriarren %30ek gutxienez parte hartu beharko lukete galdeketan, eta egitasmoaren aldeko eta kontrakoen arteko aldeak %5ekoa izan behar luke, gutxienez.

Aurrera jarraitzeko deia

Galdeketara deitzeko bidean Basauri gobernatzen duen EAJk bidailagun izan duen EH Bildu bat etorri da alkatearen irakurketarekin. Baina ez ondorengo erabakiarekin. EH Bilduren ustez, erabaki politikoa izan da kontsulta debekatu izana; ekimena Udalen Legearen babespean dago erabat, eta debekuak udalaren eskumena urratzen du. Horrexegatik uste du koalizioak igandeko galdeketa mantendu egin beharko litzatekeela.

Hartarako deia egin dio alkate jeltzaleari. “Badakigu epailearen debekuari muzin egin eta galdeketa antolatzeak epaitegien zigorra eragin lezakeela”, aitortu dute udal taldeko ordezkariek jendaurrean agerraldia eginda. Baina alkateak aurrera egiteko erabakia hartuko balu, EH Bilduko kideen “erabateko babesa” izango lukeela jakinarazi diote udal gobernuari. Eurek ere “beharreko arriskuak” hartuko lituzketela, eta elkarrekin egingo luketela aurrerantzeko bidea.