Teknikak, ugari

Gorputzean hainbat puntu sentibera ditu gizakiak. Horiek behar bezala sakatuta, erasotzaile bati aurre egin diezaioke edonork. Zenbait puntutan kolpea emanez gero, konorterik gabe ere utz daiteke pertsona bat. Horretarako, nahikoa da bost kilogramoko presioa egitea. Alegia, teknikak ezagutu eta zer eta nola egin behar den jakinez gero, bederatzi urteko ume batek ere egin ditzake.

Eskumuturrari helduta

Kalanbrea sorrarazteko. Biktimari eskumuturretik heltzen badiote, erasotzailearen eskumuturrean dagoen puntu bat igurztea da gakoa. Irakaslearen arabera, erraza da puntu hori aurkitzea, erasotzaileak gabardina bat jantzita baldin badu ere. Hatz koskorrekin jo behar da, edo eskuaren ertzarekin igurtzi. Hala, beso guztian zehar barreiatuko zaion kalanbrea sorraraziko dio erasotzaileari.

Lurrean, immobilizatuta

Hankak, tresna. Erasotzaileak biktima lurrera botatzen badu bortxatzeko asmoz, gizonezkoa hanka artean jarriko zaio, belauniko. Eskuak immobilizatuko dizkio emakumeari, baina hankak libre geratuko zaizkio. Egoera horren aurka zein teknika balia ditzaketen irakasten diete andreei eskolotan.

Norbaitek helduz gero

Guruin parotida sakatuta. Kontuan izan behar da buruan hainbat puntu sentibera daudela. Besteak beste, belarri gingilaren atzealdean guruin parotida dago. Bertan presio eginez gero, oso erreakzio handia sorrarazten du. Erasotzaileak biktimari helduz gero, presio horrek mina eragingo dio. Hala, min horretan jarriko du arreta, eta biktimak askatzeko edo beste teknikaren bat aplikatzeko aukera izango du.

Hormaren kontra

Sudur azpian. Sudurraren azpialdean, bibotearen inguruan, bada beste puntu sentibera bat. Presioa egin behar da, modu horizontalean. Horma baten kontra inguratzen duten norbaitek erabil dezake teknika hori. Erasotzaileak samatik helduta izan dezake biktima, baina esku bat, bederen, libre izan dezake. Ukabila erdi itxita, hatz koskorrak erabil daitezke presioa egiteko, modu horizontalean. Min handia sorrarazten du horrek, eta nahikoa izango da erasotzaileak biktima askatzeko.

Esku biak baliatuta

Kolpea buruan. Ondoko teknika hau erabiltzeko biktimak libre izan behar ditu esku biak. Esku-barruak baliatuta, kolpea eman behar dio erasotzaileari, eta belarri bietan batera hutsa sorrarazi. Kolpea ematea eta eskuak aldentzea aldi berean egin behar da bi aldeetan, bentosa baten antzera. Ondo egiten bada, erasotzailea lurrera eroriko da.

Eztarri parean

Zorabioa sorrarazteko. Saman bada beste puntu sentibera bat: zintzur korapiloaren ondoan dago. Bertan, nerbio bagoaren terminal bat dago. Atzamarrak loro mokoaren gisa jarri behar dira, eta taupadak neurtzen diren inguruan presio egin. Beheraka edo goraka 45 graduko angeluan burutu behar da presio hori. Zorabioa sorrarazten du.

Lau atzamar erabilita

Orkatilaren goialdean. Lau atzamarrekin, orkatilaren goialdean dagoen puntu batean presioa egin behar da. Erraz aurkitzeko puntu bat da, eta oso minbera. Presioa eginda min handia eragin daiteke; are handiagoa, erasotzailea zutik dagoela puntu horretan kolpe bat emanez gero. Teknika hori kontuz praktikatzeko eskatu du Ruiz Garrok, abortuak eragin ditzakeelako.