Galizia eta Euskal Herria, elkar ezagutzera

Galizia eta Euskal Herria, elkar ezagutzera

Natalia Salazar Orbe

Musika eta dantza alorraz harago Galiziako eta Euskal Herriko kulturak elkar ezagutzeko kultur jaialdia antolatu dute Barakaldon: Euskal Herria-Galiza Kultur Festa. Gaur hasi eta datorren asteko igandera bitartean hainbat ekitaldi eta jarduera izango dira. Done Jakueren beste bidea hitzaldiarekin emango diote hasiera, gaur. Toti Martinez de Lezea idazlea eta Emilio Arias trobadorea eta luthierra izango ditu gidari. Galiziar emigrazioa zein euskararen eta galizieraren egoerak ere izango dituzte aztergai bederatzi egunotan, jai giroko beste jarduera batzuen artean.

Galiziako eta Euskal Herriko kulturak “propiotzat” sentitzen dituzten Arteagabeitia eta Zuazo auzoetako bizilagunek antolatu dute lehenengoz jaialdia. Hala azaldu du Anxo Deivak.

Arteagabeitian dago Galizia Etxea, 1962az geroztik. 1901ean sortu zuten Barakaldon, eta munduko bigarrena izan zen. Santa Zezilia egun oro legez, iaz ere elkarrekin aritu ziren musikari galiziar eta euskaldunak. Eta ideia bota zuten: “Zergatik ez hedatu musikarekin egiten zutena bi nazioen beste kultur arlo batzuetara?”. Gaurtik aurrera izango da emaitza ikusteko aukera.

Egitaraua
Hitzaldiak, erakusketak eta kultur jarduera mordoa prestatu dituzte datorren asteko igandera arte
Barakaldon, Euskal Herria-Galiza Kultur Festaren barruan.

Gaur, irailak 16
19:00. Hitzaldia, Toti Martinez de Lezea idazlearen eta Emilio Arias trobadore eta luthierraren eskutik: Done Jakueren beste bidea. Galizia Etxean emango dute.

Bihar, irailak 17
13:00. Udal musika bandaren kontzertua.
20:00. Kontzertua, Galiza kalean: Folketan taldearen eskutik.

Astelehena, irailak 19
20:00. Hitzaldia: Galiziar emigrazioaren historia Euskal Herrian, Xose Estevez Rodriguez Deustuko Unibertsitateko Historiako irakasle emerituaren eskutik. Bi migratzaileren lekukotza ere izango da solasaldian. Gaia borobiltzeko, argazki erakusketa bat ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Asteartea, irailak 20
20:00. Musika hitzaldia: Gaita munduan: jatorria, bitxikeriak eta aniztasun geografikoak. Euskal Herriko eta Galiziako musika tresnen erakusketa ere izango da. Dena, Galizia Etxean.

Asteazkena, irailak 21
20:00. Hitzaldia: Euskararen eta euskal literaturaren historia eta egungo egoera Barakaldon eta Ezkerraldean. Txeru Gartzia Izagirre euskaltzale eta historialariaren eta Iñaki Friera Urbistondo idazlearen eskutik, Galizia Etxean.

Osteguna, irailak 22
20:00. Hitzaldia: Euskal eta galiziar mitologia izango ditu aztergai Aritza Bergara Alustiza idazle eta kultura ikertzaileak. Galizia Etxean egingo du.

Ostirala, irailak 23
18:00. Haur jolas tradizionalak, herri kirolak eta txalaparta tailerra, Isaac Peral kalean.
20:00. Abesbatzen kontzertuak: Schola Cantorum, O Noso Lar, Ceo do Sil, Hala Dzipo, Lutxanako Dultzaina joleak eta By de Kona. Galizia Etxean.
20:00. Kontzertua: Suduruzki eta Faranduleiroak. Galiza kalean.
20:30. Txorizoa sagardotan eskainiko dute dastagai, Breogan kalean.
22:00. Dantzaleku koreografikoa, Isaac Peral kalean.

Larunbata, irailak 24
11:00. Bolo txapelketa, bolatokian.
11:00. Sukaldaritza txapelketa: Babarrunak putxeretan eta filloak. Isaac Peral, Galiza eta Breogan kaleetan zehar egingo dute lehiaketa. Ostean, kalejira izango da, udal txistulariek alaituta.
12:00. Dokumentala: Galiziera, historia eta oroimena, Galizia Etxean.
13:00. Kontzertua: Udal Gazte Banda.
13:00. Herri kirolak.
18:00. Dantzari txikien erakustaldia: Erreka Ortu eta Doces Lembranzas taldeen eskutik.
20:00. Taberna kantak, galizieraz. Kalejira, Txapelak Bat Kantu Lagunak taldearen eskutik. Bertsolariak (Miren Amuriza eta Arkaitz Estiballes) eta regueifeiros-ak (Josinho da Teixeira eta Bieito Lobarinhas).
22:00. Queimada.
23:00. Kontzertua: Ruaille-Buaille.
00:30. Mario DJ.

Igandea, irailak 25
10:00. Nekazaritza eta artisautza azoka.
12:00. Xaboi artisaua egiteko tailerra.
12:00. Kalejira egingo dute hainbat taldek: Banda de Gaitas Doces Lembranzas, trikitilariak, Urkabuztaizko Joaldunak eta Laguntasunaren erraldoiak.