Atxondok epaitegian salatu du Solatxoko betelanen baimena

Atxondok epaitegian salatu du Solatxoko betelanen baimena

Aitziber Laskibar Lizarribar

Irregulartasunez betea, arinkeriaz emana eta herritarren segurtasuna bermatzen ez duena. Halakoa da Eusko Jaurlaritzak AHTa eraikitzen ari den Adif kudeatzaileari emandako baimena, Dabid Cobos Atxondoko alkatearen esanetan. Solatxo aldean baimendutako betelanei buruz ari da Cobos. Bi urte eta erdian luzatzen ari den behin-behineko baimen berrituari buruz. Irregulartasunek hasieratik kezkatu zuten udala, eta hainbat eskaera eta ohar bidali izan dizkio Jaurlaritzari, egoera zuzendu dezan. Erantzunik jaso ez eta, epaitegira jo du.

AHTaren lanak egitean 385.000 bat metro kubiko lur soberakin geratuko zirela aurreikusi, eta Atxondo eta Elorrio tartean dagoen Solatxo mendialdea aukeratu zuen Adifek lur eta hondakin horiek botatzeko. Hartarako baimena eman zion Jaurlaritzak 2014ko urtarrilean. Udalak horren berri jaso zuenean, hainbat gabezia ikusi zituen: baimena emateko beharrezko hainbat txosten eta azterketa falta zirela. Jaurlaritzak Adif-i hasieratik hainbat baimen eskatu zizkion arren, trenbideen kudeatzaileak ez dituela aurkeztu salatu du udalak. Jaurlaritzak hasieratik eskatu zituela Ura agentziaren eta Ingurumen saileko Biodibertsitate zerbitzuaren baimenak, esaterako, eta, bi urte eta erdiren ondoren, Adifek ez dituela, oraindik, aurkeztu.

Hala ere, behin-behineko baimenak eman dizkio Jaurlaritzak lanen kudeatzaileari. 2014ko urtarrilean sei hilekoa eman zion, urtebeteko luzapena ondoren, beste sei hilerakoa gero, eta aurtengo urtarrilean, beste luzapen bat. Sinplea da baimena behin betikoa ez izatearen arrazoia: Adif-ek ez ditu aurkeztu eskatutako dokumentuak. Proposatutako neurri zuzentzaileak ere ez ditu bete. Hala ere, baimenak luzatu dizkio Jaurlaritzak etengabe.

“Edozein herritar edo enpresak zerbait egiteko baimena eskatzen duenean, administrazioak ez du baimena ematen eskatutako txosten eta agiri guztiak aurkeztu arte”, ohartarazi du alkateak. Ondorioa argi du: “Itxura guztia dauka Adifekiko faborezko tratua dagoela”. Ez hori bakarrik. Hartarako, ingurumena “bigarren mailan” utzi dela uste du.

Azterketa geologiko gabe

Beste arrisku larri batez ere ohartarazi du alkateak: “Segurtasun aldetik ausarkeriaz ari dira”. Halako proiektu handietarako azterketa geologiko eta geoteknikoak ezinbestekoak direla nabarmendu du Cobosek: “385.000 metro kubiko lur eta harri mendi magal batean ipini behar baduzu, jakin behar duzu mendi hori zelakoa den; ea azpian harria dagoen, edo lurra, edo buztina… Alegia, ea eutsiko dion”. Halako azterketarik ez da egin, ordea.

Alkateak azaldu duenez, Adif-ek bere txostenetan aitortzen du ez zuela soberakinentzako proposatutako eremuan azterketarik egin; 400 bat metrora zundatze batzuk egin zituela dio, eta nolabait balioko duela horrek. “Hori ez da serioa!”, kexatu da Cobos.

Gainera, trena juxtu gune horren azpitik igarotzea aurreikusten du AHTaren proiektuak. Alkateari sinesgaitza iruditzen zaio: “Nola egin liteke betelan bat trenaren gainean, eta, gainera, magalaren egoera ondo ezagutu gabe?”.

Erreka eta basoa

Natur guneak zaintzeari begira ere, betelanetarako aukeratutako gunea ez da batere egokia, alkatearen hitzetan. Atxondo eta Elorrio bitartean, Memaiarako magalean dago. Goitik behera errekatxo bat doala azaldu du Cobosek, eta erreka sakon horretan egin nahi dituztela betelanak. “Hain zuzen, beste irregulartasun bat da erreka sakon horretan baso bat dagoela; basoan egin nahi dituztela betelanak, eta basoa zaindu beharrekoa dela”. Hain zuzen, pinuz jositako gunean, haritzak, urkiak eta tokiko zuhaitz mota asko dituen baso bakarra da lanetarako aukeratutako eremua. Hala jasoa dago Lurralde Plan Sektorialean. Eta, alkateak azaldu duenez, AHTa tramitatzen hasi zenean egindako ingurumen eraginaren azterketan jasoa dago betelanak egitean tokiko basoak betetzea saihestu behar zela.

Hori guztia ikusirik, Atxondoko Udalak ofizioa igorri zion martxoan Jaurlaritzari egoera berraztertzeko eskatuz. Baina Jaurlaritzak ez du erantzun. “Isiltasun administratibo hori ezezkoa dela ulertzen da, eta, beraz, epaitegira jotzeko pausoa eman dugu”, azaldu du egoera alkateak.