Bertsotan, ziztu bizian

Bertsotan, ziztu bizian

Natalia Salazar Orbe

Rallyrako autoen motorren orroek eta bertsolarien doinu ezagunez jantzitako kantu zirikatzaileek bat egingo dute bihar Zamudio Racing Egunean. Iazko esperientzia ona abiapuntu hartuta, ekitaldi berezi eta bitxia egingo dute aurten ere. Fredi Paia, Andoni Egaña, Arkaitz Estiballes eta Amets Arzallus ariko dira kantuan adrenalinak gainezka egiten dien bitartean. Besteak beste, Ibon Garai, Jon Zallo, Iñaki Narbaiza eta Iñigo Peña pilotuen ondoan ariko dira, ziba eta irristatze saioen artean.

Zamudio Racing elkarteak herriarekin batera ospatu gura du bere eguna, euren zeregina kultur jarduerekin uztartuta. Hala azaldu ditu asmoak Arkaitz Hormaetxe elkarteko kideak. “Elkarteko hiruzpalau kide, autozale izateaz gain, bertsozaleak ere bagara. Bi eremu horiek uztartu nahi genituen”. Eta aise lortu dute helburua. Iaz, bertsolariak rallyrako auto baten barruan sartu zituzten, kopilotu. Bertsolariak auto barruan abesten ari ziren bitartean, pilotuek zibak egiten zituzten. Baina teknologiak huts egin zuen, eta kanpoan zeudenek ezin izan zituzten entzun bertsoak. Hala ere, barre mordoa egin zuten gauean, bideoak ikusita.

Aurten, proba hori berriz ere egingo dute. Baita beste batzuk ere. Denak ala denak, herriko tabernen inguruan, poteo formatuan antolatu baitute jarduera. “Taberna bakoitzean ekitaldi edo ariketa bat egingo dugu”. Dozena erdi pasatxo taberna dituzte, eta denetan ezingo diote tentsio maila berari eutsi. “Denetan ezinezkoa izango da, baina bizpahirutan saiatuko gara bertsolariei adrenalina topera ateratzen”.

Ospakizuneko azken ekitaldia izango da jarduera nagusia. Hala ere, egitarau zabala prestatu dute Zamudio Racing Eguna ospatzeko. Bihar, goizean goiz hasiko dira iristen eslalomean parte hartuko duten lehiakideak. Ez dute parte hartze masiborik aurreikusi. “Ez da proba puntuagarria; erakustaldi eran antolatu dugu”. Herrigunetik gertu dagoen aparkaleku batean egingo dute proba, jaialdia herrian bertan egitea zelako euren helburuetako bat. “Ikusgarria izango da. Ikuskizun ikusgarria eskaintzen duten pilotuek hartuko dute parte”.

Umeentzako jolasak ere izango dira goizean. 11:00etan emango diete hasiera. Puzgarriak prestatu dituzte eurentzat, besteak beste.

Eta, indarrak hartzeko festa eremutik alde egin nahi ez dutenentzako bazkaria ere eskainiko dute. 10 euro ordainduta, unean bertan sutan prestatuko dituzten txerrikiak dastatzeko aukera izango dute antolatu duten buffetean.

Iaz egindako ospakizunen lehen saioa borobilduko du aurtengo Zamudio Racing Egunak. Gaur abiatuko dituzte ekitaldiak. Txus Jaio eta Igor Urien pilotuek euren ibilbideari buruzko hitzaldia emango dute, 20:00etatik aurrera. Ostean, Jon Garai herriko pilotuaren aurkezpena iragarri dute, Garai Racing Team izenburupean. “Aurreko Zamudioko rallyan kolpea hartu zuen haren autoak. Urte osoa konponketa lanetan aritu ostean, aurkezpen ofiziala egingo diogu, eta baita omenaldi txiki bat ere”.

Herriarentzat eta herriarekin batera lan egin nahi duen elkartea da Zamudio Racing. Eta lanerako duen grin hori ospakizunerako ere baliatu gura dute.

Herritarren zerbitzura

2004an sortu zuten elkartea, Txori Herri Motosport izenarekin. Urte horietan guztietan, autoekiko eta abiadurarekiko pertzepzioa aldarazi diete herritarrei. “Hasiera batean, jendeak uste zuen rallyekiko zaletasuna auto bat hartu eta zibak egitea besterik ez zela. Apurka-apurka, hori baino askoz gehiago dela zabaldu dugu gure inguruan”.

Zaletasun horren alde ezezagunak ezagutzera emateaz gain, herritarrentzako baliagarriak diren jarduerak ere gauzatzen dituzte. “Bideko segurtasuna dugu gure ardatzetako bat. Horrez gain, gidatzeko beldur direnentzako ikastaroak ere ematen ditugu. Eta motorren mundu honetan murgiltzeko laguntza eskaintzen dugu”. Murgiltze hori egiteko aukera bitxi eta erakargarria da elkarteak gaur eta bihar eskainiko duena.