Zalla: ikusezin lehen, plazetan orain

A. Larrabe Arnaiz

Bizkaian euskaldunen ehunekoa gehien igo duen udalerrietako bat da Zalla. Duela gutxi arte, ikusezina izan da euskara Enkarterriko herri horretan, eta ia hirutik batek daki orain. %0,8 ziren euskaldunak 1981ean, eta %29,4 dira orain. Haurren artean gertatu da aldaketarik nabariena. Izugarria da hizkuntza nola hedatu den azken hamarkadetan txikienen artean: 1981ean, %0,8k zekiten euskaraz, eta, gaur egun, %78k. 8.500 biztanle inguru ditu Zallak, eta biztanleria %19 handitu da azken urteetan.

Hezkuntzaren eragina begi bistakoa da kasu honetan, eta hala baieztatu du Gorka Fernandezek ere. Euskaraz ikasteko aukera izan zuen lehen urtekoa izan zen Fernandez, eta 37 urte ditu. “Nire adineko haurrak izan ginen D ereduan ikasi zuen lehen taldea, eta herriaren euskalduntzean eragin handia izan du euskarazko irakaskuntzak”. Oso bestelakoa da gainontzeko taldeen joera: 65 urtetik gora, %1,3 dira euskaldunak.

Ondo gogoan ditu ordukoak Fernandezek. Mimetiz herri eskolan D eredua ezartzeko protestak egin zituzten herritarrek, eta aldarrikapenarekin bat egin zuten hango irakasleek ere. “Administrazioak B ereduan ikasteko aukera eskaini zuen, eta guraso eta irakasleek protestak egin zituzten. Apustu egin zuten horregatik”.

Pixkanaka tokia hartu du

Eskola utzi, eta institutuan ere euskarazko lehen taldea izan zen Fernandezena. “11 geunden orduan euskarazko gelan ikasten”. Ondorengo belaunaldietan aldaketak nabaritu ditu zallarrak. “Oraindik ere udalerria ez da euskalduna, inondik inora ez. Eta erabilera ere urria da. Baina euskara entzuten da herrian, eta hori pentsaezina zen lehen”. Eta aipatu du horren adibide bat ere, irri artean. “Zallan bertsolariak daude, eta eskolarteko txapelketa ere egiten da. Hori sekula ez nuen pentsatuko”.

Herriko euskara taldeko kidea ere izan zen Fernandez. Jada ez dago talderik, baina herri ekimenak egindako ekintzekin euskararentzako espazioak irabazi zirela azaldu du. Gaur-gaurkoz, ez dago euskara talderik, baina adierazi du herriko mugimendu eta elkarteen artean euskarak tokia hartu duela. Urrats nabariak egin dira azken urteetan, baina zallarrak azaldu du asko dagoela egiteko oraindik ere. “Jende gaztearen artean aldatu egin da euskararekiko jarrera, eta helduek ere beste ikuspegi bat dute. Pixkanaka, baina bagoaz aurrera”.