Jatabe: behera, eta gelditu gabe

A. Larrabe Arnaiz

Bizkaiko udalerrien artean euskaldun gehien galdu duen herrien artean dago Jatabe. Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketa baten arabera, %23,2ko jaitsiera izan du euskaldunen ehunekoak azken hamarkadetan. 1981ean, %85,8 ziren euskaldunak; orain, %62,6. Euskararen arnasgunea izan da Uribe-Butroeko herria 2011 arte. Eta, hamarkada batean, euskararen habia izateari utzi dio.

Biztanleria asko igo da Jataben azken urteetan: %85 inguru. Eta aldaketa handiak ekarri ditu horrek. 950 biztanle dira orain herrian. Gaur egun, helduek dute euskaldunen ehunekorik txikiena, ikerketaren arabera. Eta azken urteetan gertatu da heldu euskaldunen kopuruaren beherakada. Gazteen artean, %82 da euskalduna; baina 35-64 urte bitartekoetan sumatzen da beheraldi nagusia: %48 da euskalduna. Lehen, %83 zen adin tarte horren euskalduntasun indizea.

Euskarak beherakada nabarmena izan du 65 urte baino gehiago dituztenen artean ere. %72 da euskalduna sektore horretan orain. Baina, duela hamarkada batzuk, adin tarte horretan, %96 zen euskalduna. Euskaldunen portzentajeetan dauden joera horiek, askotan, ez dira nabaritzen herritarren artean. Hala gertatzen da Jataben ere. Eta, beste hainbat tokitan bezala, euskara gutxien erabiltzen duen taldea gazteena dela uste dute han ere. Hala azaldu du Maria Fernandez herriko euskara teknikariak. “Gazteen artean, ez da euskara lar entzuten. Gehiago, ostera, guraso eta haurren artean”. Baina ikerketaren indizeen arabera, gazteak dira euskarari gehien eusten diotenak Uribe-Butroeko herrixkan. Edonola ere, euskarak izan duen atzeraldi horren jakitun dira. “Herriko edadekoak hil egin dira; euskaldunak ziren horiek. Herrira etorri diren herritarren artean, euskaldunak baino erdaldun gehiago dago”.

Euskalkia berreskuratzeko saioak

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana eta Udaleko Erabilera Plana aipatu ditu Fernandezek. Euskara bultzatzeko egitasmoak dira biak. Azaldu du transmisioa lantzeko eta haurren artean euskararen erabilera areagotzeko hitzaldiak ere egiten dituztela. Eta herriko euskalkian jarri du begirada: “Gure euskalkia berreskuratzeko eta gizarteratzeko ahaleginak egiten ari gara Labayru ikastegiaren lankidetzarekin”.