Egutegiko egun gorriekin puzzlea osatzea helburu

Egutegiko egun gorriekin puzzlea osatzea helburu

A. Larrabe Arnaiz

Tetris jolasarekin alderatu du Oihane Erkorekak (Busturia, 1979) bere egunerokoa. Urtebeteko haurra du Erkorekak, eta hari begira antolatu dituzte aurtengo udako oporrak. Aitortu du bere enpresan erraztasunak dituela eta baldintza onak dituela lanaldi murrizketa eskatzeko. “Hala ere, gurasoen eta senitartekoen laguntza behar izaten dut”. Haur eskolan dute haurra, eta uztailan zabalik izateak buruhausteak saihestu dizkie. “Azken egunera bitarte haur eskolara joango da umea, bikotekidea eta biok lanean gaudelako”. Haur eskola bukatu eta ondorengo hilabetean, opor egunak hartzeko puzzlea osatu dute Erkorekak eta bikotekideak, eta haurraren zaintzaren arabera antolatu dute beraien egutegia.

Txandaka hartuko dituzte oporrak. “Haur eskola bukatu eta lehenengo bi asteetan nik hartuko ditut oporrak, eta horiek bukatuta datozen hurrengoak, bikotekideak”. Hiruak elkarrekin egoteko astebete gorde dutela azaldu du Erkorekak. Eta opor astean bat egin ahal izateko, bikoteak lanean eman behar dituzten egunetan senideen laguntza izango dutela dio. “Gutxienez astebetez elkarrekin egoteko tartea hartu nahi genuen. Eta hori ahalbidetzeko senideen laguntza dugu”.

Senideak makulu

Opor egutegien puzzlea ez da uda beteko hilabeteetan bukatzen, ordea. Irailean egokitzapen aldia dute haurrek eskolan, eta horretarako ere egunak gorde behar dituzte gurasoek. “Astebete gorde dut ordurako, eta lanaldiaren murrizketak ere erraztu egiten dit prozesua. Edonola ere, guraso eta senideen laguntza ere izango dugu egokitzapen tarte horretarako”. Zortekotzat du bere burua Erkorekak, lanaldi murriztuak haurraren zaintzaz arduratzeko malgutasuna ematen diolako.

Lanaldi murriztua du Asier Beobidek ere (Zornotza, 1975). 7 eta 5 urteko haurrak ditu, eta eskola bukatuta udalekuetara joango dira biak udako oporretan. “Uztailean udalekuetan izaten dira haurrak goizetan, eta horrek tartea ematen digu guri”. Edonola ere, senideen laguntza behar izaten dutela azaldu du Beobidek. “Udalekuetatik ateratzen direnean, aiton-amonak joan behar dute beraien bila, gu oraindik lanean gaudelako. Baina arazo hori ez dugu udan soilik izaten, ikasturtean zehar ere gauza bera gertatzen zaigu”. Abuztuan txandaka hartuko dituzte oporrak Beobidek eta bikoteak, haurrekin egoteko. “Aste bakoitzean batek hartuko ditu oporrak, txandaka. Edonola ere, lauak elkarrekin egoteko tartea ere hartuko dugu”.