“Ezetzak agertzea ere interesatzen zaigu”

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Ados jarri dira Uribe Kostako herritarrak. Eta adostasun horri eguna ere jarri diote: 2017ko apirilaren 2a. Orduan egingo dute etorkizunari buruzko herri galdeketa Urduliz, Lemoiz, Sopela eta Barrikan. Eta sortu berri duten Ados Uribe Kosta elkartea izango da prozesuaren bultzatzaile nagusia. 150 lagunek osatzen dute elkartea gaur-gaurkoz, baina herritarrei irekita dagoen taldea dela azaldu du Anjel Artabe partaideak (Sopela, 1958).

Nola izan da galdeketara deitzeko prozesua?

Eskura prozesua egin genuenetik erronka nagusi bat izan genuen eskualdean: erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpenekin zer egin pentsatu. Eztabaida luzea izan genuen, eta bidea beste era batean egitea erabaki genuen. Iruditu zitzaigun herri galdeketa antolatzea askoz aproposagoa zela adierazpenaren barruan lan egitea baino. Eta erabakitzeko eskubidearen adierazpena herri galdeketaren parte gisa jarri dugu. Hori guztia egiteko sortu da Ados Uribe Kosta elkartea.

Nolakoa izan da batzordearen eraketa?

Batzorde sustatzailea osatzeko zerrenda luzea osatu genuen eskualdean. Herri mugimenduetako, elkarteetako eta bestelako eragileetako partaideekin hitz egin genuen, eta baita norbanakoekin ere. Talde sustatzailean ahalik eta aniztasun handiena biltzea izan zen gure helburua hasieratik, eta oso profil ezberdineko herritarrengana jo dugu horretarako. Herritarrekin hitz egin ondoren jo genuen alderdi politikoetara, eta, oro har, ona izan da egitasmoaren inguruan izan duten jarrera. Esparru guztiekin berba egin ondoren egin genuen talde sustatzailea osatzen dugunon bilera. 150 pertsonako taldea gara orain, baina parte hartzea ez dago itxia inondik inora ere.

Herritarrak lanerako gogoz azaldu zaizkizue?

Talde sustatzailean izateak zer-nolako konpromisoa eskatzen duen galdetu digute askok. Eta konpromisoa norbere aukeraren araberakoa dela erantzun dugu beti. Prozesu honetan, ez dago gutxienekorik, gutxieneko guztiek gehitu egiten dutelako, eta denek dute tokia batzordean. Taldea osatu ondoren, aurkezpen publikoa prestatzen hasi ginen. Hori izan da orain arteko zailena, testua guztien artean adosten aritu baikara. Ordu asko eman dugu horretan, baina oso pozik gaude emaitzarekin.

Eskualdeko zenbait herritakoak elkartu zarete batzordean. Kudeaketa errazten du horrek?

Goierriko esperientziari arreta handiz erreparatu diogu, eta han egin dituzten urratsei begira egon gara. Uribe Kostako herriak ezberdinak dira, bai. Baina, soziologikoki, nahiko antzekoak dira denak. Plataformak hitzaldiak egin dituenean, antzeko gauzak entzun ditugu herri gehienetan.

Zeintzuk dira galdeketak egin arte egingo dituzuen urratsak?

Orain arte, Ehundu izeneko fasean aritu gara. Kafesneak hartu eta herritarrekin hitz egiten aritu gara. Oso modu baikorrean hartu gaituzte herritarrek, eta sorpresa pozgarria izan da hori. Ados Uribe Kosta sortzea izan da prozesu horren emaitza, eta orain sinadura fasea hasi dugu. Atxikimendu bilketa horri Elkartu Ados Bidea izena jarri diogu.

Noiz zehaztuko duzue egingo duzuen galdera?

Bi hilabetean sinadura bilketa bukatzea espero dugu. Talde sustatzaileko kide bakoitzak bere ingurukoen atxikimendua biltzen saiatzeko konpromisoa hartu du. Eta, horretaz gain, herrietan ere gure presentzia bermatu nahi dugu. Era horretan, talde sustatzaileko kideak heltzen ez diren esparru horietara iristea espero dugu. Behin hori bukatuta, hirugarren fasera egingo genuke jauzi. Adostu izena jarri diogu, eta 2017ko apirilaren 2an egingo den galdera prestatzea izango da aldi horretako lan nagusia. Metodo parte hartzaile baten bidez herritarrentzat aproposena izan litekeen galdera adostea da helburua. Badakigu halako herri galdeketetan ez duela horrenbeste jendek parte hartzen; ehuneko esanguratsua lortzea gustatuko litzaiguke. Ezetzak agertzea ere interesatzen zaigu, horrek esan nahi duelako erabakitzeko eskubidea barneratua dugula. Hori laugarren fasean ikusiko genuke; galdeketaren egunean, alegia.

Bidean jarri duzue arreta, hortaz.

Oso argi dugu. Emaitza garrantzitsua da neurri batean, baina ez da garrantzitsuena. Prozesuan jarri dugu arreta guk. Aldez aurretik elkar ezagutzen ez genuenak edo elkarrekin hitz egiten ez genuen herritarrak mahai beraren bueltan esertzea lortu dugu. Horregatik, bidea bera oso garrantzitsua izaten ari da guretzat.

Eskualdeko herri gehiago biltzea espero duzue?

Ez gaitu kezkatzen. Ahalik eta herri gehienek bat egitea gustatuko litzaiguke, baina herri bakoitzak bere errealitatea du, eta bere urratsak egin behar ditu. Kasu honetan, ez dago gure esku, haien esku baizik. Ados Uribe Kostak aterkia emango dio herri galdeketara elkartu nahi duen edozein herriri. Zaila izango da eskualde osoak elkarrekin galdeketa egitea. Baina pixkanaka animatuko dira gainontzeko herriak. Gu itxaropentsu gaude.