IKUSKIZUNAK

‘Uno’

Delreves Dantza Vertical konpainia. Grabitateari eta orekari desafioa egiten dion dantza ikuskizuna da Uno. Horma batean zintzilikatutako hiru pertsonak Beltxargen aintzira eta Intxaur-hauskailua musika pieza klasikoak interpretatuko dituzte, oso era berezian.

‘Soil’

Vendaval konpainia. Bigarren Mundu Gerrako istorio bat dakar konpainia frantsesak. Frantziako erresistentziako kidea eta idazlea izan zen Charlotte Delboren Auschwitz eta gero testuetan oinarritutako dantza eta antzerki ikuskizuna da Soil. Gaztelaniazko estreinaldia egingo du konpainiak Leioan.

‘Hidden place’

Tsubasa Wabanabe konpainia. Diabolo eta dantza ikuskizuna da sortzaile japoniarraren lana. Musika oinarri hartuta haren gainean koreografia sortu eta diaboloarekin duen gaitasun teknikoa erakutsiko du, dantza bikoitza bakarrean uztartuz.

‘Larrua’

Larrua. Dantza garaikidea eta contact dance teknikak baliatuz sortutako ikuskizuna da Larrua. Jordi Vilaseca dantzari eta koreografo katalanaren eta Aritz Lopez dantzari gasteiztarraren lana da. Ikerketa eta sorkuntza gisa aurkeztu dute lan berria Umore Azokan.

‘Su á feu’

Deabru Beltzak konpainia. Danborrak, dantza eta sua elkartu ditu euskal konpainiak bere lan berrian. Hogei urte bete ditu aurten taldeak, eta Leioako azokan egingo dute ospakizuna, beraien ikuskizun berria aurkeztuz. Etorkizuneko pertsonaia bitxiek kaleak nola hartzen dituzten eta egoera nola eraldatzen den erakutsiko dute beraien lan berrian.

‘Paradoxa’

Suhar Prest Zirko Taldea. Zuzeneko musika, trapezioak eta oreka jokoak ekarriko ditu Izaskun Agirresarobe artista bizkaitarrak Leioan aurkeztuko duen bere lehen lanean. Pneumatiko hilerri batean bizi eta nork bere burua ezagutzeko proposamena egingo du ikuskizunean.