Bizkaibus kudeatzen duten enpresek 20 milioi irabazi zituzten 2012tik 2014ra

Bizkaibus kudeatzen duten enpresek 20 milioi irabazi zituzten 2012tik 2014ra

Ibai Maruri Bilbao

“Betiko leloak errepikatzen dizkigute: ‘Dirua galtzen ari gara’, ‘negozioak ez du ematen’… Eta esamolde horiek ez dira berriak”. Bizkaibus autobus zerbitzu publikoa kudeatzen duten enpresekin negoziazioetan dabiltzan aldiro antzekoak entzuten dituztela azaldu du Iñaki San Andres ELA sindikatuko ordezkariak. “Lan baldintzak okertzeko erabiltzen duten argudioa” dela iruditzen zaio. Horregatik, publikoki gezurtatu nahi izan dute. Merkataritza Erregistrora joan dira, eta eskura dauden azken datuak hartu dituzte: 2012tik 2014ra artekoak. 2015ekoak ekainetik aurrera egongo dira. “Ez dira guk asmatutakoak, enpresek eurek erregistrora eramandakoak baizik”. Epe horretan Bizkaibusen ardura izan zuten sei enpresek, zehatz-mehatz, 20.284.368 euro irabazi zituzten, orotara.

San Andresek aitortu du enpresa batzuek Bizkaibusetik aparteko bestelako lanak ere egiten zituztela. Adibidez, Adnor eta Lujua enpresen lan kargarik handiena beren-beregi kontratatutako zerbitzu bereziek osatzen dute. “Dena dela, datu horiek ez dute askorik aldatzen azken emaitza”. Izan ere, Adnor da sei enpresetan galerak izan dituen bakarra; eta Lujua, irabazi apalenak lortu dituena. Gainera, Bizkaibusen barruan linea kopuru txikienak kudeatzen zituzten enpresak ere izan dira.

Era berean, azaldu du datu horiek adjudikazioak aldatu baino lehenagokoak direla. “Baina orain ere lehengoak dira zerbitzua kudeatzen dutenak”. Azaldu duenez, 2014 bukaeran Bizkaiko Foru Aldundiak zerbitzua birmoldatu eta hamar urterako adjudikazio berriak egin zituenean, aurretik zeuden enpresek eskuratu zituzten, kasu batzuetan izena aldatuta. Beraz, iruditzen zaio orduko argudioek eta oraingo negoziazioetan erabilitakoek ez dutela baliorik.

Gogorarazi du diru hori publikoa dela. Kasu batetik bestera aldea egon daitekeen arren, oro har, modu honetan ordaintzen dira bidaiak garraio publikoetan: erabiltzaileak gastuaren %20 ordaintzen du, eta gainontzeko %80a, administrazioak. Gutxi gorabehera, Bizkaiko Foru Aldundiaren Garraio Sailak 80 milioi euroko ekarpena egiten dio, urtero, Bizkaibusi. “ELAtik sarri askotan esan dugu enpresek esku batekin hartzen dutela aldundiaren dirua, eta beste eskuarekin langileei banatzen dietela. Baina esku batetik besterako bidean diru mordoa doa zuzen-zuzenean euren sakeletara. Eta diru hori publikoa da, ez dugu ahaztu behar”.

Enpresa guztiak “lan baldintzak okertzen” saiatu dira, “mozkinak handitzeko”; hala salatu du San Andresek: “Orain lehen baino gehiago, gainera”. Bien bitartean, akziodunei irabaziak banatu dizkiete: Compañia de Autobuses Vascongadosi, berbarako, 2,5 milioi euro.