Bidean, nora ezean

N. S. O.

2016rako bizikleta bideen 633 kilometroko sarea osatuta edukitzea aurreikusi zuen foru aldundiak 2003an. Argitara eman dituen datuen arabera, ordea, 177 daude bukatuta. Urteen joan-etorriak aldatu egin du bidegorriei buruzko ikusmoldea. Aisialdirako elementu gisa sortu baziren ere, bizikletak garraiorako eguneroko ibilgailu gisa hartu duen izaerarekin batera moldatu da ikusmolde hori. Hala antzeman du aldundiak berak.

Biziz Bizi eta antzeko erakundeek esfortzu eta emaitza gehiago eskatzen dituzte. “Hauteskunde garaian agindu ziguten 13 urtean sarea osatuko zutela, baina 2016a iritsi da, eta erdia ere ez dute gauzatu”. Hala mintzatu da bertako kide Javi Umaran. Joan den astean, Bilbotik itsasora iritsiko den bidegorria —edo bide seguru bat, bederen— eskatu zuten, bizikleta martxa baten bidez.

Bilboaldea deritzoneko herri batetik bestera bizikletaz iristeko bideen gabezia salatu dute. “Ezinezkoa da Basaurira, Galdakaora eta Erandiora iristea bizikleta bide seguru batean. Bi bideko errepideak edo bazterbiderik gabeko errepideak dira denak. Horregatik salatzen dugu azpiegitura falta”.

Hala, dozenaka txirrindulari abiatu ziren, elkarren atzetik, kostalde osoa lotuko duen bidegorri baten eskean. “Elorrietara iristean, bidegorria bukatu egiten da. Bide bazter txiki bat eta bide bazterrik gabeko tarte bat igaro ostean Erandiora iritsita, zirkulazio handia dago. Eta, handik aurrera, gauza bera gertatzen da: errepide gordina, bizikletarentzako segurtasuna eskaintzen duen elementurik gabe”. Eskuinaldean, Getxon eta Leioan bidegorriak egon arren, ezinezkoa da herri batetik bestera edo Bilboraino arriskurik gabe iristea.

Proposamenaren berririk ez

Iaz onartu zuen aldundiak Bilbotik Getxorako bidegorria nola egin aztertzeko proposamena. “Baina ez dakigu zertan geratu den”. Tarte batzuk eginda daudela eta ez dela oso zaila izan behar sinetsita dago elkartea. Eta ondorio onak besterik ez lituzkeela izango azpimarratu dute: “Errepidean auto gutxiago ibiliko lirateke, airea osasuntsuagoa izango litzateke eta bizilagun asko bizikleta erabiltzera animatuko lirateke. Horrek guztiak ekonomia eta turismoa dinamizatuko lituzke”. Sei kilometroko bidea da egin beharrekoa.

Antzeko egoera dute Basaurin, Etxebarrin eta Galdakaon ere. “Ez dute nondik ibili herri batetik bestera joateko. Etxebarrik iaz onartu zuen Ziklabe plana, baina egin gabe dago oraindik. Txorierrin herri batetik bestera joateko, zer esanik ez”. Ezkerraldean aurreratuago dago prozesua, Zorrotza eta Lutxana arteko tartea izan ezik.

Loturak bermatu beharraz

Herriek bidegorri bidez edo bizikletentzako bideen bidez lotuta egon beharko lukete. Europako esperientziak ekarri ditu gogora Umaranek, Bizkaia oso atzean geratu dela erakutsiz: “Holandan, Frantzian eta Belgikan, esaterako, herri batetik bestera bidegorritik irits zaitezke. Errepide ondoan, bereizitako bide bat dago bizikletentzat. Handik lasai asko joan zaitezke pedalei eragiten eta oinez, autoek zanpatzeko arriskurik gabe”.

Bestalde, bidegorriak dauden lekuetan seinale falta antzeman du elkarteak. “Azaldu egin behar da bidegorria nora doan. Bidegurutze batera iritsita, ez dakizu nora jo. Berangon, esaterako, bi bidegorri daude: bata, herrigunera doa, eta, bestea, hondartzetarantz. Ez batean, ez bestean, ez dago seinalerik”. Bidea bai, baina nora jo argitzerik ez. Sarri asko, ibilgailu horren aldeko hautua egiten dutenek bidean nora ezean aurkitzen dituzte euren buruak, ezin aurrera egin.